}

Belatz gorria

1994/04/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Belatz gorria

Grabitatearen eraginez oinak lurrari itsatsita eta arrastaka eramatera kondenatuta gaudenoi, hegaztiak hegan ikusteak beti ere sekulako inbidia eta zirrara eragiten dizkigu. Baina sentimendu hau areagotu egiten da belatz gorriaren iharduna ikusteko aukerarik izanez gero: hegak ziztu bizian astinduz airean seko geldirik dagoela, lurrari so geratzen da ehizakiren baten bila, orekan. Hegal-muturren dardara azkarrak tinko mantentzen du gure buru gainean, lokarri ikustezin batetik zintzilik balego bezala, kolpez dardara eten, irristadan beste gune batera mugitu, eta bertan berriro oreka lortzen duelarik. Espazioan irmo geratzen da, euliek udan egiten duten gisa berean. Newtonen legeaz ahaztuta, gure soin astunen ezintasunaz trufatu egiten dela dirudi.

Belatz gorria ( Falco tinnunculus ) falkoniformeen ordenean sailkatutako hegazti harrapari liraina dugu. Bere itxurari dagokionez, usoa baino txikixeagoa da; 31-38 cm ko luzera eta 70-80 cm-ko hegal-zabalera besterik ez baitu. Gainerako belatzek bezala, belatz gorriak ere hegal zorrotzak eta isats luze dotorea ditu, hegan dabilenean aingura-itxura nabarmena hartzen duelarik. Aurpegian, begien azpian eta mokoaren alde bietara, “bibote” antzeko arrasto beltz nabarmenak ageri zaizkio.

Belatz gorria beltzez pintarratutako lumaje arre gorriztaz jantzitako hegaztia dugu, hau batez ere alde dortsalean nabari direlarik.

Bestalde, eta izenak argi adierazten digunez, belatz gorria beltzez pintarratutako lumaje arre gorriztaz jantzitako hegaztia dugu, hau batez ere alde dortsalean nabari delarik. Gainerako harraparietan bezala, belatz gorriaren kasuan ere dimorfismo sexuala nabaria da oso, eta emeak dexente handiagoak izan ohi dira arrak baino. Horrez gain, dimorfismo hau erraz antzematen da animaliaren kolorazioan ere: emeek kolorazio dortsal homogenoa duten artean, arren kasuan bizkarra eta hegal gainak arre gorriztak eta beltzez pintarratuak dira, bai, baina burua eta isats gaina gris urdinskak izaten dituzte, hegal-muturrak beltzez jantziak dituztelarik.

Airean batetik bestera dabilela ere erraz ezagutzeko moduko hegaztia dugu belatz gorria. Izan ere, isats-muturrean apaingarri gisara daraman arrasto beltzaz gainera, bere hegan egiteko era ez oso azkarra, ez garaiegia, eta hegal-kolpe azkarrez osatua bereizgarri baita oso, gainerako falkonidoekin alderatzen badugu.

Baina hegalak dardara bizian dituela orekan egoteko duen ahalmena da, noski, belatz gorriaren hegaldiaren ezaugarririk bereizgarriena; berau baita gure inguruan bizi diren gainerako belatzengandik ongien bereizten duen abilezia. Beraz, belatz handia ( Falco peregrinus ) batez ere gainerako hegaztiak airean jo eta harrapatzeko moldatutako hegalari zorrotz, azkar eta indartsua den artean, belatz gorria ( Falco tinnunculus ) bereziki lurrean dabiltzan ehizaki txikiak harrapatzetik bizi den espezialista aparta dugu, eta lanbide horretan askoz ere egokiagoa suertatzen zaio begirada zorrotzez (lurrari so) orekan egoteko ahalmena, bere lehengusu belatz handiaren abiadura beldurgarria lortzea baino.

Normalean bikoteka edota talde familiarretan bizi den harrapari txiki honen araldia eztei hegaldiekin hasten da, martxoan edo apirilaren hasieran. Belatz gorriak ez du, ordea, habiarik egiten, eta beste hegaztiek aurreko urtean eraikitakoak, edota hartzulo edo harri-tarteak erabiltzen ditu txito berriak munduratzeko, horretarako beti ere haitz labarrak, ezpondak, eta eliza edo bestelako giza eraikuntza zahar eta lasaiak erabiltzen dituelarik. Eta aldizka zuhaitzak ere aukera ditzake lan garrantzitsu honetarako.

Habialeku aproposetan, hots, giza presio txikia eta nahikoa segurtasuna eskaintzeaz gain, ehizerako egoki diren eremuetatik hurbil daudenetan, hainbat bikote bil daiteke bertan habia egitera, eta horrelakoetan ez da istilu handiegirik sortzen beren artean. Izan ere, belatz gorriak lurraldekoitasun latza ezartzen duen arren, hau beti ere erradio laburrekoa izaten da, eta berehala banatzen dute haitz-labarra, ezponda edo dena delakoa, bertan parekatzen diren bikoteek, handik aurrera bikoteen artean ezarritako mugak beren horretan mantentzea arren lana izango delarik.

Belatz gorria ia nonahi aurki daitekeen espeziea dugu (bai Afrikan, bai Eurasia osoan) eta Europan banaketa zabala ageri du oso.

Apirilean lauzpabost (aldika sei) arrautza erruten ditu emeak, eta hurrengo 27-30 egunetan berauek txitatzeaz arduratuko da, eta sasoi horretan arraren lana izango da biontzako bazka lortzea. Horregatik, hilabete pasatxoz arrak jo eta ke aritu beharko du sagu, arratoi, lursagu, satitsu, sator, sugandila, musker, intsektu... eta abar ehizatzen. Txitoak jaio ondoren berriz, eta habian igaroko dituzten 27-32 eguneko epearen lehen astea gainditu orduko, ehizeko lanak arrak eta emeak burutzen dituzte.

Eta horretan ari direla, ordurarteko ehizakiez gainera, beste txorien habietatik ohostutako txitoak eta hegan ikasten ari diren inozoak ustiatzeari ekiten diote belatz gorriek, beren gaztetxo aseezinen gose-amorrua baretzeko alferrikako saioan. Zalantzarik gabe, sasoi honetan belatz gorrien bikoteak mendian diren mikrougaztun, narrasti txiki, intsektu eta txori txikien kontsumitzaile aparteko bilakatzen zaizkigu, berauen populazioen ugalkortasunaren mugatzaile zorrotz suertatzen direlarik.

Belatz gorria ia nonahi aurki daitekeen espeziea dugu (bai Afrikan, bai Eurasia osoan) eta Europan banaketa zabala ageri du oso; Mediterraniotik hasi eta Eskandinaviaraino (ipar latitudeko 68°raino) ageri baita, ia lurralde osoan sedentarioa delarik (oso iparraldean izan ezik).

Euskal Herriari dagokionez, belatz gorria harrapari sedentarioa, oso hedatua eta ugaria da bertan, gaur egun, ia habitat-mota guztietan ageri delarik. Neguan, bestalde, bertako populazio iraunkorra, Europako iparraldetik datozkigun migratzaileez osatu egiten da, hauek negutiar gisara batipat Bardeetan eta Ebro ibaiaren inguruetan geratzen direlarik.

Gaur egun pestizidak arrisku latza dira belatz gorriarentzat, baina nolanahi ere, espezie honen egoera dezente hobetu da isilpeko ehiza, habia-lapurretak, eta bestelako bidegabeko hainbat iharduera behera egiten hasi direnetik, eta konponbidea asko erraztu da belatz gorriaren oportunismo trofiko zabala eta habia-lekuekiko duen espezializazio-maila txikia direla medio. Horregatik, azken urteotan belatz gorria gero eta ugariago ari gara ikusten, bai hirietan eta bai gainerako ingurune humanizatuetan, hala nola Bilbo Handiko eremu industrialetan, zabortegi inguruetan, harrobi zaharretan, eta abarretan.

Espeziea : Falco tinnunculus
Familia : falkonidoak
Ordena : falkoniformeak
Klasea : hegaztiak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia