}

Ba al du garunak sexu-orientaziorik?

2022/09/08 Nora García García - Nafarroako Gizarte Zerbitzuen koordinatzaileaNafarroako Gizarte Zerbitzuak | Ainara Gomez Gastiasoro - Psikologia fakultateko irakasleaOinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saila. EHU | Jurgi Cristóbal Azkarate - Psikologia fakultateko irakasleaOinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saila. EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ba al dago sexu-orientazioarekin lotutako garuneko eremu espezifikorik? Desberdinak al dira homosexualen, bisexualen eta heterosexualen garunak? 

Neuroirudi-tekniketan oinarritutako ikerketek galdera hauei erantzuten lagun diezagukete, eta, hala, heterosexuala ez den orientazio sexualei lotutako estigma murriztu daiteke.
 

ba-al-du-garunak-sexu-orientaziorik
Arg. María García Gastiasoro

 

Sexu-orientazioa sexu/genero bereko eta/edo besteko pertsonekiko sentitzen duen erakarpen erromantiko eta/edo sexualari deritzo. Sexu-orientazioa homosexualitate esklusibotik heterosexualitate esklusibora doan jarraiki bat da, bisexualitate-maila desberdinak barne hartzen dituelarik. Asexualitatea, aldiz, sexu-erakarpenik eza da (Espainiako Osasun Ministerioa, 2000). Azterlan berriek agerian jarri dute sexu-orientazioa faktore genetikoen eta ingurumenekoen ― familia, gizartea, kultura…―  elkarrekintzaren emaitza izan litekeela (Ganna et al., 2019). 

Animalia-espezie askotan sexu bereko norbanakoen arteko jokabide sexualak ohikoak izateak iradokitzen du sexu-orientazioen aniztasunak sustrai genetikoak/biologikoak dituela. Nabarmentzekoa da ebolutiboki gizakietatik gertu dauden espezieetan ere ―txinpantzeak, bonoboak― gertatzen direla (Savolainen eta Hodgson, 2016). Paradoxikoki, jokabide homosexualak, maiz, naturaren aurkakotzat hartzen dira. 

Hain zuzen, homosexualitatea nahasmendu mental gisa sailkatuta egon zen Buru Asalduren Diagnosi eta Estatistika Eskuliburuaren lehen edizioan (American Psychiatric Association, 1952), eta horrela mantendu zen 1973ra arte, noiz eskuliburuaren bigarren ediziotik kendu baitzen. Hala ere, oraindik, heterosexualitateaz bestelako sexu-orientazioak hezkuntzaren bitartez zuzendu daitezkeen desbideratze, kapritxo edo garapenaren fase gisa ulertzen dituzte batzuek; eta LGTBIQ+ ― lesbiana, gay, transgenero, transexual, bisexual, intersexual, queer eta gainerako identitate eta orientazioak―  kolektiboaren eskubideekiko tolerantzian geldialdi edo atzerakada bat nabaritzen da herrialde askotan. 

Izaeraren sinonimoa al da sexu-orientazioa?

Erakarpen erromantiko-sexualaz harago, sexu-orientazioa izaerarekin erlazionatzeko joera dago. Adibidez, ohizkoa da gay terminoa homosexualitate maskulinoarekin lotzen diren jokabide, musika, moda etab. deskribatzeko erabiltzea. Zientzian ere, saiakerak egon dira pertsona homosexualak genero bereko pertsona heterosexualengandik bereizteko, nortasunean, eta, orokorrean, jokabidean oinarrituta (Wells eta Schofield, 1972). Edonola, ikerketa berrienek aditzera ematen dute nortasunaren eta orientazio sexualaren arteko erlazio zuzena txikia dela. Ez da aurkitu ezberdintasunik gaitasun kognitiboetan, hala nola oroimenean eta arretan (Xu et al., 2020). Hala ere, ikusi da pertsona homosexualek esperientzia berriekiko irekiagoak izateko joera dutela, heterosexualek baino (Allen eta Walter, 2018).

Sexu-orientazioaren oinarri neurologikoen bila

Arg. Fibonacci Blue CC

Beste ikerketa-ildo bat orientazio sexualaren oinarri neurologikoak garun-egituren tamaina- eta bolumen-neurketen bitartez aztertzea izan da. Garunean orientazio sexualekin lotutako berezitasunak aurkitzeak sexu-orientazioek oinarri organikoak dituztela adieraziko luke. 

Zentzu horretan, ikerketa aitzindariek gizon heterosexualen (GHe), gizon homosexualen (GHo) eta emakume heterosexualen (EHe) garunak aztertu zituzten, postmortem. Hala, ikusi zuten portaera sexualean parte hartzen duen hipotalamoaren eremu espezifiko baten tamaina eta neurona-kopurua antzerakoak zirela GHo-etan eta EHe-etan (LeVay, 1991; Swaab eta Hofman, 1990). Lehentasun erromantiko/sexualak garunean oinarritzen direlako ideiarekin bat egiten zuen lehen ebidentzia enpirikoak izan zen. Gai horren inguruan egindako ikerketa askotan bezala, ez ziren emakume homosexualen (EHo) garunak aztertu. 

Oraintsuago, erresonantzia magnetikoak garunaren anatomia in vivo aztertzea ahalbidetu digu. Teknika horrekin egindako ikerketek desberdintasun batzuk aurkitu dituzte gorputz kailukararen tamainan ―GHo-etan handiagoa da GHe-etan baino― (Witelson et al., 2008), talamoaren bolumenean ―GHo-etan txikiagoa EHe-etan eta GHe-etan baino, baina antzekoa GHo-etan eta EHe-etan―  (Manzouri eta Savic, 2018b; Votinov et al., 2021), eta putamenaren bolumenean ―GHo-etan handiagoa EHe-etan baino, baina antzekoa GHo-etan eta GHe-etan― (Votinov et al., 2021). 

Garun-azalari dagokionez ere, badira aldeak zenbait eremuren bolumenean eta lodieran; batez ere lobulu frontal, tenporal, parietal eta okzipitaletan (Abé et al., 2014; Manzouri eta Savic, 2018b, 2018a; Ponseti et al., 2007; Votinov et al., 2021). Dena den, antzekotasun puntualak aurkitu badira ere garun-azaleko zenbait esparrutan GHo-en eta EHe-en artean, eta EHo-en eta GHe-en artean, oro har, emaitzak heterogeneoak dira, eta ezin da sexu-orientazioari lotutako eredurik ezarri, horretan oinarrituta.

Ildo beretik, sexu-orientazioa garunaren atalak elkarrekin anatomikoki konektatuta egoteko moduarekin erlazionatuta egongo ote den ikusteko, garunaren substantzia zuria ere aztertu da neuroirudi-tekniken bitartez. Hala, Wang eta kideek (2020) ezberdintasunak aurkitu zituzten GHo-en eta GHe-en artean, lobulu parietaleko atzeko zirkunboluzio zentral eta goiko zirkunboluzio marjinalen arteko konektagarritasunean ―GHo-etan txikiagoa zen GHe-etan baino― . Manzouri eta Savic-ek (2018a), berriz, ez zuten alderik aurkitu orientazio sexual desberdinetako emakumeen garunen konektagarritasunean. 

Bestalde, neuroirudi funtzionalak garunaren konektagarritasun funtzionala aztertzea ahalbidetzen du; alegia, garuneko eskualde ezberdinak era sinkronikoan aktibatzeko joera (Annicchiarico, 2009; Frigerio et al., 2021). Konektagarritasun anatomikoko azterlanetan bezala, emaitzak heterogeneoak dira, eta, ikerketaren eta aztertutako eremuen arabera, pertsona homosexualek heterosexualek baino konektagarritasun funtzional handiagoa edo txikiagoa dutela ikusi da. Adibidez, homosexualek konektagarritasun funtzional txikiagoa erakusten dute eremu frontalen eta okzipitalen artean (Manzouri eta Savic, 2018b, 2018a) eta lobulu okzipitalaren eremu desberdinen artean (S. Hu et al., 2013), heterosexualek baino. Bestalde, homosexualek heterosexualek baino konektagarritasun funtzional handiagoa erakusten duten esparruen artean hauek leudeke: talamoko eta hipotalamoko zenbait eremu (Manzouri eta Savic, 2018b), lobulu tenporala eta mesentzefaloa (S. Hu et al., 2013), eta amigdalak kortex zingulatuarekin, amigdala kontralateralarekin, gorputz azpikailukarrarekin, hipotalamoarekin, lobulu frontaleko eremu ezberdinekin, putamenarekin eta lobulu parietalarekin. 

Tamaina, konektagarritasuna eta sexu-estimuluei emandako erantzunean, emakume homosexual eta gizon heterosexualen artean, eta gizon homosexualen eta emakume heterosexualen artean garun-irudi azterketek antzekotasun batzuk aurkitu diren guneetako bi. Arg.© Society for Neuroscience (2017). Sinatzaileek moldatua

Garunaren egitura desberdinen tamaina aztertzen duten ikerketekin gertatzen zen bezala, antzekotasunak aurkitu dira konektagarritasun funtzionalaren mailan EHo-en eta GHe-en artean, eta GHo-en eta EHe-en artean, baina puntualak dira, eta, ondorioz, ezin dira orokortu. Zehazki, Savic eta Lindström-ek (2008) aurkitu zuten GHo-ek EHe-en antzeko eredua dutela amigdalak kortex zingulatuarekin, eremu azpikailukarrarekin eta hipotalamoarekin duen konexio funtzionalean; EHo-ek, berriz, GHe-en antzeko konektibitate funtzionala erakusten dute amigdalaren eta lobulu frontalaren, putamenaren eta lobulu parietalaren artean.

Azkenik, neuroirudi funtzionaleko azterlanek aukera eman dute aztertzeko garunen aktibazioa eduki sexualeko estimuluekiko, orientazio sexual ezberdinen artean. Horrela, paralelismoak aurkitu dituzte, batetik, EHo-en eta GHe-en artean, eta, bestetik,  GHo-en eta EHe-en artean. Zehazki, positroi-igorpenaren bidezko tomografia erabiliz, ikusi zuten usaimen-estimulu maskulino batek (androgeno bat) aktibazioa eragiten zuela GHo-en eta EHe-en hipotalamoan. Aldiz, EHo-etan eta GHe-etan, garunaren antzeko eremuak aktibatzen ziren usaimen-estimulu femenino baten eraginez (Berglund et al., 2006; Savic et al., 2005). 

Sexu-orientazioaren araberako aktibazio-eredu bereizgarri hori ikusmen-estimuluekin ere gertatzen da (S. H. Hu et al., 2008; Paul et al., 2008). Ikerketetan, irudi eta bideo erotikoak ikusteak garun-azaleko gune espezifikoak aktibatzen dituela aurkitu zuten, hala nola lobulu frontala, tenporala, parietala, okzipitala eta zerebeloaren eremuak. Egitura azpikortikalei dagokionez, berriz, talamoa, hipotalamoa eta gorputz ildaskatuko eremuak aktibatzen ziren. GHo-ek aktibazio handiagoa erakusten zuten argazki eta bideo erotiko maskulinoak ikustean, GHe-ek femeninoekin, eta gizon bisexualek, berriz, antzeko aktibazioa erakusten zuten estimulu maskulinoekiko zein femeninoekiko, garunaren hainbat eremutan, gorputz ildaskatu barne (Safron et al., 2017). Emakumeetan aldiz, EHo-ek gorputz ildaskatu bentralaren aktibazio handiagoa erakutsi zuten argazki erotiko femeninoekiko; eta emakume bisexualek eta EHe-ek ez zuten eremu horretan aktibazio bereizgarririk erakutsi estimulu femeninoekiko, ez maskulinoekiko (Safron et al., 2018).

Ondorioak

Sexu-estimuluei emandako erantzunean, neuroirudien bidezko azterketek antzekotasunak aurkitu dituzte, batetik, EHo-en eta GHe-en artean, eta, bestetik, GHo-en eta EHe-en artean, baita sexu-portaeran parte hartzen duten zenbait garun-egituren tamainan eta konektagarritasunean ere; adibidez, talamoan eta hipotalamoan. Horrek aditzera ematen du oinarri neurobiologiko bat dagoela ezaugarri femeninoekiko eta maskulinoekiko desiran, eta, badaudela, beraz, garunean esparru batzuk sexu-orientazioarekin erlazionatuta. 

Aldi berean, sexu-orientazioari lotuta, desberdintasunak aurkitu dira sexu-portaerarekin berariaz erlazionatuta ez dauden zenbait nukleo eta eremuen tamainan eta konektagarritasunean, hala nola kuneoa eta kortex zingulatua. 

Zaila da funtzio bat egoztea azken desberdintasun horiei; izan ere, azterlan horiek deskriptiboak baino ez dira. Nolanahi, sexu-orientazioaren eta nortasunaren eta kognizioaren arteko erlazioa txikia edo ezereza izateak iradokitzen  du ezberdintasun horiek izaera sexual/erromantikoko informazioa prozesatzearekin lotuta daudela. Beraz, ondorioztatu dezakegu garunak baduela orientazio sexuala, betiere lehentasun sexual/erromantikoei soilik dagokienez.

Hori esanda, kontrako orientazio eta generoko pertsonen artean neuroirudi-tekniken bidez behatutako antzekotasunak oso puntualak dira, eta okerra litzateke ondorioztatzea EHo-ek burmuin maskulinoa dutela, eta GHo-ek, berriz, femeninoa. Are gehiago, neuroirudi-tekniketan oinarritutako ikerketek erakusten dute sexu-orientazio bakoitzean garun-aniztasun handia dagoela, eta pertsona homosexual, bisexual eta heterosexualen garunak ez direla, oro har, desberdinak. Horrek azalduko luke zergatik ez den aurkitu loturatik nortasun- eta kognizio-ezaugarrien eta orientazio-sexualaren artean. Aurreko guztiak azpimarratzen du okerra dela pertsona bat bere lehentasun erromantiko/sexualera murriztea.

 

Eskertza

Eskerrak eman nahi dizkiegu Garikoitz Beitiari eta Ana Galarragari idazkia hobetzen laguntzeagatik, María Garcíari irudiekin egindako lanagatik,  eta gure lagun eta senideei bereziki Ivan Arriazu, beren iruzkin eraikitzaileagatik.

 

Bibliografia

Abé, C., Johansson, E., Allzén, E., eta Savic, I. 2014. "Sexual orientation related differences in cortical thickness in male individuals". PLoS ONE, 9(12), 1–14. https://doi.org/10.1371/journal.pone.0114721

Allen, M. S., eta Walter, E. E. 2018. "Linking big five personality traits to sexuality and sexual health: A meta-analytic review". Psychological Bulletin, 144(10), 1081–1110. https://doi.org/10.1037/bul0000157

American Psychiatric Association. 1952. Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders (DSM-I) (1st edition). American Psychiatric Association, Washington DC.

Annicchiarico, I. 2009. "Psicobiología de la homosexualidad masculina: Hallazgos recientes". Universitas Psychologica, 8(2), 429–446.

Berglund, H., Lindström, P., eta Savic, I. 2006. "Brain response to putative pheromones in lesbian women". Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America, 103(21), 8269–8274. https://doi.org/10.1073/pnas.0600331103

Frigerio, A., Ballerini, L., eta Valdés Hernández, M. 2021. "Structural, Functional, and Metabolic Brain Differences as a Function of Gender Identity or Sexual Orientation: A Systematic Review of the Human Neuroimaging Literature". Archives of Sexual Behavior, 50(8), 3329–3352. https://doi.org/10.1007/s10508-021-02005-9

Ganna, A., Verweij, K. J. H., Nivard, M. G., Maier, R., Busch, A. S., Abdellaoui, A., Guo, S., Fah, J., Lichtenstein, P., Auton, A., Harris, K. M., Gary, W., Martin, E. R., Sanders, A. R., Perry, J. R. B., Benjamin, M., Zietsch, B. P., Unit, T. G., General, M., … Amsterdam, V. U. 2020. "Large-scale GWAS reveals insights into the genetic architecture of same-sex sexual behavior". Science. 365(6456), 1–22. https://doi.org/10.1126/science.aat7693.Large-scale

Hu, S. H., Wei, N., Wang, Q. D., Yan, L. Q., Wei, E. Q., Zhang, M. M., Hu, J. B., Huang, M. L., Zhou, W. H., eta Xu, Y. 2008. "Patterns of brain activation during visually evoked sexual arousal differ between homosexual and heterosexual men". American Journal of Neuroradiology, 29(10), 1890–1896. https://doi.org/10.3174/ajnr.A1260

Hu, S., Xu, D., Peterson, B., Wang, Q., He, X., Hu, J., Xu, X., Wei, N., Long, D., Huang, M., Zhou, W., Xu, W., Zhang, M., eta Xu, Y. 2013. "Association of Cerebral Networks in Resting State with Sexual Preference of Homosexual Men: A Study of Regional Homogeneity and Functional Connectivity". PLoS ONE, 8(3), e59426. https://doi.org/10.1371/journal.pone.0059426

LeVay, S. 1991. "A difference in hypothalamic structure between heterosexual and homosexual men". Science, 253(5023), 1034–1037. https://doi.org/10.1126/science.1887219

Manzouri, A., eta Savic, I. 2018a. "Cerebral sex dimorphism and sexual orientation". Human Brain Mapping, 39(3), 1175–1186. https://doi.org/10.1002/hbm.23908

Manzouri, A., eta Savic, I. 2018b. "Multimodal MRI suggests that male homosexuality may be linked to cerebral midline structures". PLoS ONE, 13(10), 1–19. https://doi.org/10.1371/journal.pone.0203189

Ministerio de Sanidad. 2000. Glosario de términos sobre diversidad afectivo sexual. https://www.sanidad.gob.es/ciudadanos/enfLesiones/enfTransmisibles/sida/docs/glosarioDiversidad110418.pdf

Paul, T., Schiffer, B., Zwarg, T., Krüger, T. H. C., Karama, S., Schedlowski, M., Forsting, M., eta Gizewski, E. R. 2008. "Brain response to visual sexual stimuli in heterosexual and homosexual males". Human Brain Mapping, 29(6), 726–735. https://doi.org/10.1002/hbm.20435

Ponseti, J., Siebner, H. R., Klöppel, S., Wolff, S., Granert, O., Jansen, O., Mehdorn, H. M., eta Bosinski, H. A. 2007. "Homosexual women have less grey matter in perirhinal cortex than heterosexual women". PLoS ONE, 2(8), 1–5. https://doi.org/10.1371/journal.pone.0000762

Safron, A., Klimaj, V., Sylva, D., Rosenthal, A. M., Li, M., Walter, M., eta Bailey, J. M. 2018. "Neural Correlates of Sexual Orientation in Heterosexual, Bisexual, and Homosexual Women". Scientific Reports, 8(1), 673. https://doi.org/10.1038/s41598-017-18372-0