Atal bestigialak, eboluzioaren hondarrak
2012/07/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hotzaren eta emozioen aurrean jartzen zaigu oilo-ipurdia. Ile bakoitzaren oinean, folikuluaren ondoan dauden muskulu txiki batzuk uzkurtzearen ondorio da. Gorputza ilez, lumaz edo dena delakoz erabat estalita duten animalietan, aire beroko geruza bat sortzen laguntzen die horiek tente jartzeak, edo handiagoaren itxura ematen die harrapari posibleen aurrean. Gizakioi, berriz, ez digu inolako abantailarik ematen.
Ezertarako balio ez badigu, zer dela eta dugu, bada, muskulu horiek uzkurtzeko erreflexua? Jerry A. Coyne Chicago Unibertsitateko biologiako irakasleak Why Evolution is True liburuan esaten duen bezala, eboluzioaren ikuspuntutik bakarrik erantzun dakioke galdera horri: "Hautespen naturalak pixkanaka ezabatu egiten ditu erabilgarriak edo baliagarriak ez diren ezaugarri batzuk, eta erabilgarriagoak izateko forma ematen die beste batzuei". Desagertze-bide horretan, ordea, ez dira beti erabat deuseztatzen atalak eta funtzioak, eta bestigial deritzegun ezaugarri bihurtzen dira.
Javier Aznar biologia ebolutiboan adituak eboluzio horren arrazoi posibleak eman ditu: "Bizidun batzuen atal bestigialak askoz erabilgarriagoak izango ziratekeen, segur asko, haien arbasoetan, baina gerta daiteke ondorengoetan ez izatea errentagarria funtzio edo atal hori mantentzea, duen energia-gastuarengatik. Horrelakoetan, hautespen naturalak ezaugarri hori desagertzearen alde egingo du. Beste batzuetan, gerta daiteke funtzio jakin bat erabiltzeari uztea. Orduan, hautespenak ez du indarrik egingo funtzio horren atzean dagoen informazio genetikoari eusteko, eta zoriz gertatzen diren mutazioak metatuz joango dira".
Hautespen naturalaren eraginaren bidez, eta mutazioak pilatzearen ondorioz, "atal horiek sinpleagoak bihurtzen dira, txikiagoak askotan, eta askoz aldakorragoak --adierazi du Aznarrek--. Aldakortasunak, hain zuzen, adierazten du ez dagoela hautespenik itxura edo tamaina jakin baten alde".
Bestigiala, baita hil ala bizikoa ere
Izatez funtzio jakinik edo garrantzitsurik ez badute ere, "badirudi hautespen naturalak ezaugarri jakin batzuk erabat ez galtzearen alde egin duela", dio Aznarrek. Apendizea da horren adibide bat, ugaztunek, hegaztiek eta narrastiek dugun heste itsuaren bukaerako muturra. Animalia herbiboroetan gugan baino askoz handiagoak dira, bai heste itsua, bai apendizea. Izan ere, jandako landareen hartzitzea gertatzen da atal horietan, eta bestela digeritu ezingo zuketen zelulosa digeritzen laguntzen diete han dituzten bakterioek.
Herbiboro hertsiak ez diren animalietan txikiagoak dira atal horiek, eta bakterio batzuen gordailu-lana besterik ez duen ehun txiki bat da gizakiontzat. Neurri oso aldakorra dute banako batetik bestera: oro har, 2 eta 20 zentimetro artekoak izan daitezke. Txikia eta aldakorra da, beraz, apendizea, eta ez du funtzio garrantzitsurik; atal bestigialtzat jotzeko ezaugarri guztiak ditu.
Baina desagertzeko bide horretan gehiago txikitzen bada, errazago buxatzen da, eta horrek infekzioa eta hantura eragiten ditu; alegia, apendizitisa. Eta apendizitisa hilgarria izan daiteke. Gaur egun, kirurgian egon diren aurrerapenei esker, apendizitisa dutenen % 1 baino ez da hiltzen; "baina orain dela nahiko denbora gutxi apendizitisa hilgarria zen --argitu du Aznarrek--. Apendize txikiegiek arrisku handiagoa baldin badute buxatu eta infektatzeko, litekeena da hori eragile nahikoa izatea erabat ez desagertzeko".
Azken haginak, alferrikakoak dagoeneko
Azken haginak ere kirurgiari esker hilgarriak ez diren bestigiotzat jotzen dituzte adituek. "Batzuei agertu ere ez zaizkie egiten; beste batzuei, berriz, arazorik gabe ateratzen zaizkie; eta populazioaren ehuneko jakin bati okertuta ateratzen zaizkio. Gaur egun ez, baina pertsona horiek XVI. mendean biziko balira, septizemiak jota hilko ziratekeen, haginak okertuta ateratzeak eragingo ziekeen infekzioaren ondorioz", dio Aznarrek.
Masailezurra gure arbasoek baino motzagoa dugulako izaten dira arazoak azken haginarekin. Aznarrek azaldutakoaren arabera, "gaur egungo gizarteetan, izugarri azkar gertatu da laburtze hori. Hain zuzen, janaria prozesatzen hasi ahala hasi zen laburtzen. Gure arbasoek askoz lan handiagoa egin behar izaten zuten masailezurrekin jakiak prozesatzeko. Pixkanaka, ordea, ikasi zuten jan aurretik prozesatzeak asko arintzen zuela ahoarekin egin beharreko lana (lehenik haragia jipoituz, eta, aurrerago, sua erabiliz)".
Jakiak prozesatzean, beraz, hirugarren hagina dagoeneko ez da beharrezkoa, eta behar ez izateko egoera horretara moldatu da masailezurraren luzera. "Baina gure genomatik inork ez du kendu hagin hori sortzeko informazioa --adierazi du Aznarrek--. Beraz, hainbatetan sortu egiten da, eta, zenbaitetan, arazoak ematen ditu, ez baitu hazteko lekurik".
Aznarren ustez, "gaur egun kirurgiarik eta antibiotikorik ez balego, litekeena da azken hagina izatearen kontrako hautespena egotea. Ezin dugu jakin zenbat denbora beharko zatekeen erabat desagertzeko (ikusi beharko genuke zenbateko eragina duen eraginkortasun biologikoan, hau da, hilkortasunean, eta horren arabera zenbatetsi). Baina nahiko maiz gertatuko balitz azken hagina duten askok azkenean infekzioa izatea, eta infekzio hori hilgarria izatea, azkenean hautespen naturalak "zigortu" egingo zukeen, eta haginak sortzeko aleloak populaziotik desagertuz joango ziratekeen. Noski, gaur egun ez daukagu jakiterik horrelakorik gertatuko zatekeen edo ez, eboluzio kulturalak haginen infekzioaren arazoa konpondu baitu".
Informazio bestigiala, geneetan
Ezaugarri edo funtzio bestigialak banako batzuetan agertu eta besteetan desagertzen badira ere, askoz luzeago jotzen du horri buruzko informazio genetikoa genomatik desagertzeak. Izan ere, mutazioen ondorioz, "aktibo edo funtzional izateari uzten diote dagoeneko behar ez diren geneek, baina eboluzioak ez ditu genomatik ezabatzen", dio Coynek Why Evolution is True liburuan. Gene bestigial edo pseudogene deritze gene horiei, ez baitute jarduerarik. Horrelako 2.000 gene ditugula dio Coyne biologoak, hala nola C bitamina sortzeko informazioa.
Ugaztun guztiok dugu gure genoman C bitamina sortzeko bidezidor metabolikoan parte hartzen duten proteina guztiei buruzko informazioa. Eta denek sortzen dute C bitamina, primateek, fruitu-saguzarrek eta akuriek izan ezik. Talde horietako animaliek elikagaietatik lortzen dute, C bitaminatan aberatsak diren jakiak hartzen dituztelako. Hortaz, "ez dute beren C bitamina sortzeko beharrik, eta gene horietan mutazioak agertzea ez da izan hautespen naturalak zigortu beharreko zerbait. Aitzitik, onuragarritzat ere har daiteke geneok funtzional izateari uztea, ekoizten gastatu beharreko energia aurreztu egiten baitute", argitzen du Coynek liburuan.
Bestalde, gorputz-atal batzuekin gertatzen da ezen funtzio jakin bat ez izanagatik ere ezin direla bestigialtzat jo. Esate baterako, gizonezkoen titiburuak. Ezin dira bestigialtzat jo, ez dutelako funtziorik galdu; izan ere, inoiz ez dute funtziorik izan. Honela azaldu du Aznarrek: "Ezin da saihestu gizonezkoetan ere titiburuak agertzea. Garapen ontogenikoan, heldutasun sexualera iritsi baino lehen, haur guztietan itxura bertsua dute titiek eta titiburuek. Gero, jakina, emakumezkoetan bakarrik izango dira erabilgarriak. Baina ezinbestekoa da gizonetan ere agertzea, pertsona guztiek espresatzen duten informazioaren parte baita, eta gizonezkoei ez baitiete inolaz ere kalte egiten titiburuek, ezta energia-gasturik eskatzen ere".
Arian-arian, beraz, eboluzioan aurrera egin ahala eta bizi-kondizioak eta -ohiturak aldatu ahala, gure arbasoetan baliagarriak ziren ezaugarri batzuk dagoeneko ez dira erabilgarriak guretzat. "Horrek berak, ordea, informazio zehatza ematen digu: gure eboluzioa nolakoa izan den jakiten laguntzen digu. Eboluzioaren froga zuzenak dira, eta beste animalia batzuekin lotzen gaituzte", dio Aznarrek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia