"Asko gozatzen dut gauzen logika ulertzen"
2017/10/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ainhoa Iñiguez Goizuetak onartzen du Matematikak ospe txarra duela: zaila, astuna, aspergarria… Beretzat, ordea, erraza eta entretenigarria izan da beti: “Eskolan aspertzen nintzenean, adibidez, eragiketak egiten hasten nintzen. Txikitatik gustatu izan zaizkit zenbakiak, eta asko gozatzen dut gauzen atzean dauden arrazoiak edo logika ulertzen. Ulertzen eta azaltzen, gogoan baitut Matematikan zailtasunak zituzten ikaskideei laguntzen ere aritzen nintzela”.
Beraz, Matematikaz gain, irakastea ere gogoko du. Horregatik, unibertsitateko ikasketak egiteko garaia iritsi zitzaionean, zalantza izan zuen: “Matematika eta irakaskuntza ez ezik, kirola ere gustatzen zait. Eta Euskal Filologia ikastea ere pasa zitzaidan burutik. Azkenean, Matematikaren alde egin nuen”.
Hala, EHUn hasi zen ikasten, baita emaitza bikainak lortu ere. Eta hala eta guztiz ere, lehen urtea amaitutakoan, utzi egin zuen: “Erraz eta ondo nenbilen, baina duda sortu zitzaidan: hau al da guztia? Gehiago espero nuen; ez nengoen ziur, eta aukera oker egin nuela pentsatu nuen. Zerbait aplikatua probatzea erabaki nuen, eta Arkitekturan sartu nintzen. Baina ez nuen ikasturte osoa iraun”, gogoratu du.
Hurrengo ikasturtea hasteko geratzen ziren hilabeteetan au-pair Irlandara joan zen, eta, itzulitakoan, Madrilera: “Besterik gabe Aeronautikako Fakultatera joan, eta klase batzuetara sartu nintzen, entzutera. Tartean, Matematikako hirugarren mailako klasera. Ez nuen ezer ulertu, baina interesa piztu zidan. Orduan izan nuen konbentzimendu osoa Matematikako ikasketak amaitu nahi nituela".
Horrenbestez, Matematikako ikasketetara bueltatu zen. Aurrena, urtebete egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta gero EHUra itzuli zen, amaitzera. Aitortu du, ikasketetan aurrera egin ahala, gero eta interes handiagoa zuela, “seguru asko, aukeratzen joan nintzen gaiak gustuko nituelako. Hala, bosgarren urtean benetan gozatu nuen gai batzuekin”.
Bere bidea egin nahian
Ez zitzaion hori gertatu, ordea, tesiarekin. “Bosgarren mailan, unibertsitatean lankidetza-proiektu bat egiteko aukera izan nuen. Horretan ari nintzela, doktoretza-ikasle batek aipatu zidan Oxforden izan zela egonaldi bat egiten, eta pentsatu nuen ideia ona izan zitekeela han tesia egitea. Egia esan, berez ez nuen ikertzeko grina, baina banekien, unibertsitatean irakatsi nahi banuen, bide hori egin beharra nuela. Horrela sartu nintzen, baina ez da batere erraza izan: aukeratutako problema uste baino konplexua gertatu da eta tesi-zuzendariaren gidaritza edo laguntzaren faltan beste kolaborazio batzuk bilatu behar izan ditut…”.
Dena den, tesiarekin ari zela ere, topatu zuen bere bidea egiteko modua. “Han arraunak indar handia du, eta, ni ere arraunean ibilia nintzenez, saiatu nintzen loturak bilatzen. Biomekanikaren inguruan lan egiteko gogoz nengoen, eta behin eta berriro saiatuta eta mezu elektroniko askoren ondoren, Zeelanda Berriko estatistikari baten erantzuna jaso nuen, eta hara joan nintzen. Han aritu nintzen 23 urtez azpiko Zeelanda Berriko arraun-taldekoekin lanean, azterketa biomekanikoak egiten eta haiekin batera ikasten.”
Horrek ateak zabaldu zizkion arraunketako Biomekanikan mundu mailan lider den enpresan lan egiteko, Cambridgen; eta, horrela, iaztik Espainiako Arraunketako Federazioaren Berrikuntza eta Teknologia batzordearen kide ere bada. Azaldu duenez, “horrela lortu nuen zubia egitea tesia eta kirolaren artean. Batean aljebra hutsa lantzen nuen, eta, bestean, datuen analisia”.
Tesia amaitutakoan, ordezkapen bat egin zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta iaz Mondragon Unibertsitatean aritu zen. Alabaina, bere aurreikuspenak ez ziren ase, eta ez jarraitzea erabaki zuen. Kirol esparruan ere, Euskadi Irratian Kirol Tertulia saio bitan parte hartzeko aukera izan du pasa den uda honetan.
Aurtengo ikasturtean Bilboko Ingenieritza fakultatean ariko da irakasle-lanetan, eta, bestetik, ikerketa-lerro berrietan barneratzen ari da, DIPC-ko fisikari baten eskutik. “Gogoz nengoen gai berriren batean lanean hasteko, eta aukera berriaz disfrutatzen ari naiz. Dena den irakaskuntzan disfrutatzen dut gehien, eta bien arteko oreka egokia topatzea dut helburu aurtengoan”.
Ainhoa Iñiguez Goizueta Donostian jaio zen, 1985ean. EHUn Matematikako lizentziatura amaitu ostean, 2010. urtean Oxfordeko Unibertsitatera jo zuen Talde Teorian tesia egitera. Aldi berean, arraunketako biomekanikan lan egiteko aukera izan du nazioarteko talde eta prestatzaileekin. Gaur egun, Espainiako Selekzioko Berrikuntza eta Teknologia batzordeko kide da. Matematika eta zientziaren dibulgazioa bultzatzeko Matematika Txokoa elkarteko lehendakaria ere bada.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia