Aita bezala, semea ere Nobel sariduna
2006/10/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Antza, Kornbergdarren etxean, tradizio handia dago Genetikaren ikerketan. Aitak, Arthur -ek, Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 1959an ( Severo Ochoarekin batera ) DNAk bere burua nola kopiatzen duen ikertzeagatik; aurten, semeak, Roger-ek, Kimikako Nobel saria jasoko du antzeko ikerketa batengatik, DNAren transkripzioa eukariotoetan nola gertatzen den ikertzeagatik.
Bi belaunaldietako lana gai berari buruzkoa izateko, gai horrek oso garrantzitsua izan behar du, eta DNA bada garrantzitsua, biziaren informazioa gordetzen baitu. Zelulak sintetizatu behar dituen proteina guztiak egiteko modua dago zehaztuta molekula horretan. Bizidun guztien zelulek irakurtzen dute DNAren informazioa, baina denek ez dute modu berean egiten.
Bizidun sinpleenetan, bakterioetan adibidez, DNA aske dago zelularen barruan. Baina bizidun konplexuetan DNA giltzapetuta dago nukleo izeneko kapsulatxo batean. Eta ez da handik irteten. Beraz, zelulak informazioaren kopia bat egiten du nukleoaren barruan, eta kopia hori irteten da zelularen zitoplasmara behar den guztia egiteko. Zelularen barruan liburutegi espezializatu bat izatea bezalakoa da; liburuak ezin dira atera, baina bai liburutegian bertan egindako fotokopiak.
Roger Kornbergek ikertu du zelula horietan —eukariotoetan— nola egiten den DNAren ‘fotokopia’. Kopiatzailea proteina bat da: RNA polimerasa. DNA irakurri eta informazio hori duen antzeko molekula bat sortzen du, RNA. Horixe da nukleotik irtengo den kopia, eta horregatik deritzo RNA mezularia (RNAm).
Egia esan, molekula kopiatzailea, RNA polimerasa, ezaguna zen; bakterioek ere erabiltzen dute, nahiz eta modu ezberdin batean izan. Monod, Lwoff eta Jacob biologo frantsesek ikertu zuten nola, eta lan horrengatik jaso zuten Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria 1965ean.
Baina funtzionamendua ez zen berdina eukariotoetan. Roger Kornbergen meritua izan da, hain zuzen, ezberdintasun hori ikertzeko sistema bat asmatzea, legamien zeluletan oinarrituta. Emaitza harrigarriak lortu ditu; beteak beste, RNA polimerasaren funtzionamenduaren argazki zehatzak lortu ditu azken urteotan.
Lan hori guztia egiteagatik emango diote aurten Nobel saria. Aitari eman zioten bezala. Harro egongo dira Kornbergdar guztiak.