}

Afrikatik mundu zabalera

2008/06/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zientzialari gehienak bat datoz Out of Africa edo Afrikatik kanpora teoriarekin. Teoria horren arabera, Homo sapiens espeziea Afrikan sortu zen, eta handik hedatu zen mundu osora. Beste zientzialari batzuek, hala ere, ez dute teoria hori onartzen. Haien ustean, eboluzioak bide beretik eraman zituen sakabanatuta zeuden hainbat giza talde. Horren arabera, Homo sapiens espeziea leku batean baino gehiagotan sortu zen, eta toki haietatik joan zen hedatzen.
Afrikatik kanpora teoriaren arabera, giza espeziea Afrikan sortu zen, eta handik hedatu zen mundu osora.

Bi ikuspuntu horiek urte luzez egon dira aurrez aurre. Aztarnategietan aurkitutako hezurrak eta tresnak, arrasto baliagarriak izan arren, ez dira nahikoa izan bi teorietako bat indartzeko edo bestea baztertzeko.

Hori dela eta, genetikak garrantzi handia hartu du arlo honetan. Izan ere, azterketa genetikoek zalantza argitzen lagundu dute. Oro har, genetikoki zenbat eta antzekoagoak izan gaur egun bi talde, orduan eta aukera handiagoa dute arbaso bera izateko. Hortaz, banakoen DNA aztertuta, eta ondokoekin alderatuta, iraganari buruzko ondorioak atera daitezke. Genetikariak helburu horrekin lanean hasi zirenetik, ikerketa asko egin dira, eta gehien-gehienek Afrikatik kanpora teoria berresten dute.

Era horretako azkeneko ikerketa Irlandako Cork Unibertsitatean egin dute, eta, jatorri afrikarraren teoria baieztatzeaz gain, hedapena nola gertatu zen ere aztertu dute. Emaitzak orain aurkeztu dituzte, eta, artikuluaz gain, migrazioak irudikatzen dituen bideo bat ere egin dute.

Ikerketa egiteko, 53 populazio desberdinetako 927 pertsona aztertu dituzte; tartean, euskaldunak ( Basque ). Pertsona horien DNA-zati jakin batzuk alderatu dituzte, eta, hala, datu pila bat lortu dituzte. Horiek interpretatzeko, eredu informatiko bat sortu dute, eta horren bidez jakin dute posible diren migrazio-ereduetatik zeinek duten aukera gehien egia izateko.

Aurkeztu duten bideoan ikus daitekeenez, Homo sapiens espezieak bederatzi fasetan kolonizatu zuen mundua. Afrikatik hasita, lehenengo migrazioek Europa eta Asia hartu zituzten, eta kolonizatzen azkenak Amerika eta Pazifikoko uharteak izan ziren. Hala ere, ikertzaileak ez dira ausartu migrazio bakoitzari datak jartzen, eta aitortu dute Europa eta Ekialdeko Asia bakoitza bere aldetik kolonizatu zirela, baina ez dakitela zein gertatu zen lehenago eta zein geroago.

Garbi dute, hori bai, populazio zaharrena san izenekoa dela. Afrikaren hego-ekialdekoak dira , eta ehiztari-biltzaileak dira. Duela 3.000 urte bantuak hedatzen hasi ziren arte, haiek ziren nagusi lurralde hartan, eta haien arrasto genetikoa dute hurrengo lau taldeek: biaka eta mbuti pigmeoek eta Hegoafrikako eta Kenyako bantuek. Gero, ordea, bantuen arrastoa da nagusi Saharaz azpiko gainerako populazioetan.

Afrikaren iparraldean, mozabtarrak azaltzen dira; nonbait, han ez zen Afrikaren hegoaldean bezainbesteko nahasterik izan, populazio gutxiagoren arrastoak azaltzen baitira haien DNAn.

Afrikatik, beste kontinenteetara

Ikertzaileek aurkeztu duten bideoan, euskaldunen populazioa agertzen den unea.
Argazkia: D. Falush/Cork Unib.

Handik Eurasiaren erdialdera egiten du jauzi bideoak. Ikertzaileek ez dute garbi nola gertatu zen hedapena lurralde hartan, baina badirudi Asia erdialdeko populazioek bat egin zutela Ekialdeko Hurbilekoekin. Edozein modutara, hango jendearen DNAn populazio askoren arrastoak ageri dira; nahaste handia egon zen, beraz.

Hurrengo pausoa Europa erdialdean azaltzen da. Adigei taldetik hasita, Europako lehen populazioak Frantzia eta Italia aldean kokatu eta hedatu ziren. Mozabtarren eta Ekialde Hurbileko eta Asia erdialdeko populazioen arrastoak ageri dira hango taldeetan.

Beste pauso bat, eta Asiaren ekialdea ageri da. Hango taldeetako DNAk garbi uzten du hara iritsi ziren gizakiak ez zirela Europara joan zen migrazio berekoak; hau da, migrazio horiek bakoitza bere aldetik gertatu ziren.

Eta hurrengo pausoan ageri dira euskaldunak, sardiniarrekin, errusiarrekin eta Eskoziako orkadiarrekin batera. Europako beste taldeetan bezala, Asia erdialdeko eta Ekialde Hurbileko arrastoak ageri dira horien DNAn. Mito batzuek diotenaren aurka, euskaldunok beste europarren antzekoak garela aipatzen dute ikerketan.

Beste jauzi bat Asiaren ekialdera, eta han taldea azaltzen da. Talde horrek arrasto handia utzi du inguru hartako populazio guztietan.

Eta Europa eta Asia utzita, Homo sapiens -a Amerikara nola hedatu zen azaldu dute ikertzaileek. Nonbait, kolonbiarrak dira lehen amerikarrak, eta gero pima taldea ageri da, Ipar Amerikan. Nonbait, bi migrazio independenteren bidez gertatu zen hedapena Amerikan, eta horixe nabarmendu dute ikertzaileek. Bi talde horien DNAn, Asia ekialdeko populazioen arrastoak dira nagusi, baina Amerikako hurrengo taldeetan, Amerikako lehen taldeen arrastoak ageri dira batez ere, maien taldean izan ezik (bantuen arrastoak dituzte, adibidez).

Azkenik, Pazifikoko uharteak ageri dira. Asia ekialdeko arrastoak dituzte; hain justu, Kolonbiako taldeak dituenak bezalakoak, baina Asiaren erdialdeko arrastoak ere badituzte.

Beste xehetasun asko ere aurkeztu dituzte ikerketan. Poliki irakurtzekoa da, beraz. Hala ere, bideoa erraz ikusten da, eta agian bati baino gehiagori bitxia edo deigarria irudituko zaio Basque populazioa agertzen den unea.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia