}

Hizkuntzak, geneak eta migrazioak

1990/11/01 Otaolaurretxi, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gizateria sortu zenez geroztik, Homo sapiens sapiens gizakiak Ekialde Hurbiletik irtenda hiru migrazio nagusi izan dituela pentsatzen da. Duela 100.000 urte inguru gertatu zen lehenengoa, orain dela 40.000 urte bigarrena eta K.a. 7.500.ean hirugarrena. Horien ondorioz hizkuntzak eta geneak munduan era berezian daude barreiaturik.

MUNDUAN orain arte izandako migrazioen eraginez, 5.000 hizkuntza eta dialekto inguru sortu direla kalkulatzen da. Beraz, bost mila Herri izan direla esan dezakegu Homo sapiens sapiens edo lehen gizakia munduratu ondoren.

Gizakiaren arbasoak

Darwin-en karikatura. Gizakiaren burua eta Australopitecus aren gorputza elkarturik.

Gaur egun, dena den, Gizakiaren lehen arbasotzat Australopithecus a hartzen dute paleontologo guztiek. Duela lau milioi urte Afrikako hego-ekialdean tximinoengandik bereizten hasi zen. Itxuraz tximinoen antza zuen eta zuhaitzetan bizitzea atsegin zitzaion, baina emeki-emeki gizakion portaerarako urratsak ematen hasi zen. Zuhaitzetatik jaitsi, lurgainean ibili eta etsaiengandik babesteko harriak botatzen ikasi zuen.

Australopithecus

en ondorengoa, Homo habilis izenekoa, duela 2,5 milioi agertu zen Afrikan bertan. Eskulanak egiten zekien batez ere. Harrizko nahiz hezurrezko arma eta lanabesak egiten zituen eta aldi berean pentsamenduaren lehen aztarnak izango zituela pentsa daiteke; bere garunaren bolumena 450-650 cm3 bitartekoa bait zen.

Pertsona dei daitekeen lehen aitzindaria ordea, Homo erectus izenekoa alegia, duela milioi t’erdi urte agertu zen. Garunaren bolumena 1.000 cm 3 -koa izanik, sua asmatu zuen, sukarria bi aldetatik lantzen zekien eta errituetan ere hasi zela esan daiteke.

Duela 200.000 urte Homo erectus Homo sapiens bilakatu zen, eta azken honek bi eboluzio-bide hartuta, Homo sapiens neanderthalensis eta Homo sapiens sapiens formak eman zituen ondorio gisa. Neanderthal-eko gizakiaren fosilak Europako mendebaldean (izozturik zegoen orduan) aurkitu dira, baina baita Israel eta Iraken ere.

Ekialde Hurbilean Neanderthal-eko gizakiak oraingoen antz handia zuten beste batzuk aurkitu zituen: duela 100.000 urte Homo sapiens etik sortutako Homo sapiens sapiens ak. Homo sapiens sapiensen fosilak, Afrikako Hegoaldean eta Ekialdean aurkitu dituzte, baina baita Galilean ere Nazaret-etik gertu. Ekialde Hurbilean beraz, Homo sapiens sapiens eta Homo sapiens neanderthalensis gizakiak dirudienez elkarren ondoan bizi izan ziren 60.000 urtean Neanderthal-ekoa duela 40.000 urte desagertu zen arte.

Bigarren migrazioa

Pertsona-talde bat jatorrizko multzo handitik bereizten denean, generik urrienak belaunaldi bakoitzean urritu egiten dira eta azkenean desagertu. Odoleko rhesus faktoreari dagokionez, mundu osoko negatiboen portzentaiarik handiena Euskal Herrian dago.

Orduan hasi zen artikuluaren sarreran aipatu dugun bigarren migrazioa. Jatorrizko populazioa Ekialde Hurbilean milaka batzuez osaturik zegoela estimatzen da eta handik talde batzuk mundu osora barreiatu ziren. Lehen gizaki hauek hizkuntza edo hizkuntzaren hastapena dei daitekeena ezagutzen zuten. Hizkuntza, naturako soinuak imitatuz sortu bide zen. Erreka, ibai eta itsasoko urak ateratzen zituzten zaratak sortu bide zituen berriz gizakiak.

Genetikak dioena

Genetikak bestetik, gizateriaren jatorria leku geografiko lokalizatuan gertatu zela dioen teoria baieztatu du. Ekialde Hurbilean, Afrikako Ekialdean eta Afrikako Hegoaldean, lehen Homo sapiens sapiens gizakiek zituzten geneetan gaur egun mundu osoan barreiatuta dauden ezaugarri genetiko guztiak kondentsaturik zeuden. Geneak uniformeki banaturik zeuden. Hala ere, jatorrizko populazio hartatik banandu ziren leinuetan geneak derrigorrez ez zeuden uniformeki banandurik.

Adibidez, leinu bateko pertsonengan odol-taldeen geneak honela banatuta egon zitezkeen: %30 A taldekoak %50 B taldekoak eta %20 O taldekoak. Beste leinu batean ordea, zifrak hauek izan zitezkeen: %20 A taldekoak, %70 B taldekoak eta %10 O taldekoak.

Migrazioak egin zituzten leinuetatik sortutako populazioan, denboraren poderioz zifren desberdintasuna areagotu egin zen. Genetistek puntu honi buruz garbi diote: pertsona-talde bat jatorrizko multzo handitik bereizten denean, generik urrienak belaunaldi bakoitzean gutxiago izaten dira azkenean desagertu egiten direlarik. Generik ugarienak alderantziz, gero eta gehiago izaten dira.

Fenomeno horri deriba genetiko deitzen diote, eta bere ondorioz, jatorrizko populazio beretik denboran zehar oso talde desberdinak sortzen dira. Euskaldunen artean adibidez, gaur egun O odol-taldearen portzentaia handia da, A odol-taldearen portzentaia txikia eta B taldearena ia deus ere ez. Rhesus faktoreari dagokionez berriz, mundu osoko negatiboen portzentaiarik handiena hemen dago.

Geneen maiztasun-aldaketan faktore geografikoek ere izan dezakete eragina. Mendi aldeko populazioetan odolkidetasuna garai batean handia zen.

Labur esanda, gizateriaren lehen egunetan Homo sapiens sapiens en populazio bakarrean uniformeki bilduta zeuden geneak (edo beren aleloak) eta gaur egun mundu osoan banaturik daude, populazio bakoitzaren mugak markatzen dituzten maiztasun desberdinak erakutsiz. Maiztasun-desberdintasuna zenbat eta handiagoa, populazio arteko muga are eta garbiagoa izaten da.

Ez da ahaztu behar ordea, geneen maiztasunaz ari garela. Beraz, gerta liteke pertsona jakin bat genetikoki Afrikako pigmeo batengandik auzoko lagunarengandik baino gertuago egotea. Hori esan nahi du behintzat arraza bateko pertsona batek arraza desberdineko beste pertsona bati transplantea egiteko organoa eman ahal izateak.

Geografia, kultura eta genetika

Populazio osoen berdintasun edo desberdintasunen harira itzuliz ordea, geneen maiztasun-aldaketan faktore geografikoek ere izan dezakete eragina, zeren eta mendi aldeko populazioetan odolkidetasuna garai batean handia bait zen. Hizkuntz eta kultur faktoreen eragina bestetik, ez da gutxietsi behar; euskaldunen eta Bretainia nahiz Britainia Haundiko keltarren kasuan adibidez.

Azkenik, dena den, populazioen arteko distantzia genetikoa eta distantzia geografikoa elkarrekiko proportzionalak direla frogatu ahal izan da. Horretarako, HLA sistemako geneen (eta beren aleloen) maiztasuna kalkulatu da, munduko populazio guztietan aukeratutako laginak bilduz. Emaitzak ordenadorez tratatu dira eta munduko mapan grafikoki adierazi dituzte. Ekialdekoak genetikoki elkarrengandik oso hurbil daude eta garbi dago amerindiarren kide direla, baina afrikarrengandik oso urruti daude. Europarrak, Afrikako Iparraldekoak, Ertasiakoak eta Indiakoak, elkarrekiko hurbilago daude Ekialdeko eta ozeaniarrekiko baino. Afrikarrek (zulu, nigeriar, pigmeo, bantu, etab.ek) elkarren artean antz handia dute, baina Afrikako Iparraldekoekin konparatuz genetikoki desberdinak dira.

Duela 40.000 urte Ekialde Hurbileko lehen Homo sapiens sapiens ak Europara eta berehala Afrikako Iparraldera aldatu zirenean, Cro-Magnon gizakiaren aitzindariak ziren. Geroxeago, duela 35.000 urte inguru, benetako Cro-Magnon bihurtu ziren eta gaurko gizakiaren itxura berdina lortu zuten. Artista bikainak ziren haiek, beren marrazki, grabatu eta pinturek argi eta garbi adierazten dutenez. Horretaz jabetzeko Dordogna-n Lascaux-eko harpea ikustea besterik ez dago.

Hirugarren migrazioa

Duela 100.000 urte Homo sapiens sapiensek Ekialde Hurbiletik irten eta Arabia eta Afrika inbaditu zituen. Lurralde horietan hiru hizkuntz talde sortu ziren: Nilo-Saharako hizkuntzak, Niger-Kordofan hizkuntzak eta khoisanera. Aldi berean Asiaren iparraldea inbaditu eta han uralera, altaiera eta txuktxi-kantxatkera sortu ziren. Gero Asiatik Amerikara pasatu zen eta han eskimalera, na-déné hizkuntzak eta amerindiera agertu ziren. Asiako hegoaldearen inbasioaren ondorioz, txinera-tibetera, miao-jao, austro-asiarrera eta australiera ezarri ziren. Duela 40.000 urte, Homo sapiens sapiens Ekialde Hurbiletik Europara eta Afrikako iparraldera abiatu zen, bertan kaukasiera ezarriz.

Neolitos Aroko hasieran (K.a. 7.500 urte inguruan), Ekialde Hurbilean (Anatolia, Jordania, Libano, Siria eta Israel-en) nekazaritza agertzearekin batera hirugarren migrazio nagusia gertatu zen. Garia, garagarra, ardiak, ahuntzak, behiak eta zerriak hazten zituzten eta hiru adar nagusitan banatu ziren Ekialde Hurbiletik atera ondoren. Adar batek Europa aldera jo zuen, beste batek Arabia eta Afrikako Iparraldera eta hirugarrenak India aldera. Migrazio baketsuak ziren haiek eta lantzen zituzten lur berrietan geratuz, ugaldu ahala espazio berrietara hedatzen ziren. Arkeologi indusketek diotenez, urtero kilometro bat aitzinatzen ziren batezbeste.

Hizkuntz taldeak

Hirugarren migrazio nagusiko adar bakoitzak, hizkuntz familia bana sortu zuen: Indoeuropar hizkuntzak batetik, Afro-asiar hizkuntzak bestetik eta Drabidar hizkuntzak hirugarrenik.

I

ndoeuropar hizkuntzak


Denbora luzez indoeuropar hizkuntzak Brontze Aroaren hasieran Itsas Beltzaren Iparraldean bizi ziren zaldun nomadek (kurgandarrek) hitz egiten zuten protoindoeuroparretik eratorriak zirela pentsatu izan da. Teoria horren arabera, zaldunek konkistatutako lurretan populazioari beren hizkuntza ezarri zioten eta gero denboraren eraginez gaur egun ezagutzen ditugun indoeuropar hizkuntzak sortuko ziren: eslaviar hizkuntzak (errusiera, txekiera, eslovakiera, poloniera, serbiera, bulgariera, kroaziera); hizkuntza erromanikoak (latinetik eratorritako frantsesa, italiera, espainiera, portugesa, errumaniera); hizkuntza germaniarrak (ingelesa, alemaniera, daniera, norvegiera, suediera); keltar hizkuntzak eta sanskritoa.

Gaur egun teoria hori oso kolokan dago. Indoeuropar hizkuntzen jatorria izan ere, ez zen Itsas Beltzaren ertza izan; Mediterranio ertzeko Anatolia baizik. Gainera hizkuntza zaldun gerragizonek ez eta nekazari baketsuek hedatu zuten. Nekazariak Europarantz aurreratu ahala, ugaldu egin ziren eta azkenean talde independente geldikorrak (bakoitza bere hizkuntza propioaz) eratu ziren.

Indoeuroparren olatuak Atlantiar Itsasoa jo zuenean, atzera egin zuen eta Indiarako bidea hartu. Ukrainia, Kaukaso Mendiak eta Iran zeharkatu ondoren, Indian sanskrito hizkuntza utzi zuen.

Indoeuroparren olatuak Atlantiar itsasoa jo zuenean, atzera egin zuen eta Indiarako bidea hartu. Ukrainia, Kaukaso Mendiak eta Iran zeharkatu ondoren, Indian sanskrito hizkuntza utzi zuen.

Indoeuroparren Europako kolonizazio honetatik libre geratutako bakarrak, euskaldunak izan ziren. Horregatik irauten dute oraindik Herri honetako hizkuntza eta ezaugarri genetikoek. Luca Cavalli-Sforza genetista italiarraren ustetan (Estatu Batuetan Stanford-eko unibertsitatean lan egiten du), euskaldunak mesolitos aroko bertako populazioaren ondorengoak dira. Eritzi hori ordea, oso eztabaidatua izan da.

Hizkuntzalariek adibidez, antzekotasun harrigarriak aurkitu dituzte euskararen eta georgieraren artean, baina baita Kaukasiako hizkuntzen eta etruriera eta sumerieraren artean ere. Arkeologoek bestetik, Kaukasiako eta Piriniotako kulturen artean dauden antzekotasunak azpimarratu dituzte. Hematologoek azkenik ABO eta HLA sistemei dagokienean kidetasunak ikusi dituzte euskaldun eta kaukasiarren artean.

Ondorio gisa esan daiteke euskaldunak eta kaukasiarrak orain desagerturik dagoen eta mesolitos aroan handia zen multzo bateko ondorengoak direla.

Orain desagerturik dauden beste hizkuntza batzuk (iberiera, zeinak euskararen antz handia bait zuen, eta Eskoziako piktera, zeina keltarren garaia baino lehenagokoa den) historian ere irautea, herri hauek keltarren kulturaren aurrean zuten erresistentziaren seinale da.

Ondoren gertatua hobeto ezagutzen da. Julius Caesar-en konkisten ondorioz, erromatarrak keltarren lurraldeetara sartu eta latina inposatu zuten. Erresistentzi lurralde bakarrak Bretainia, Gales, Irlanda eta Eskozia izan ziren. Argitu beharra dago V. mendean Britainia Haundia Anglo eta Saxoniarrek inbaditu zutenean Kornuales-etik ihesi jendea Bretainiara joan zela.

Afro-asiar hizkuntzak

Arkeologoek diotenez, hizkuntza hauek Ekialde Hurbilean dute sorrera; Israel, Siria, Libano eta inguruetan. Arabiara eta Afrikako Iparralde guztira hedatu ziren Europan indoeuropar hizkuntzak ezarri baino lehen. Hizkuntza hauetakoak dira berberiera, egiptiera zaharra eta semitar hizkuntzak.

Drabidar hizkuntzak

Laponiarrek Kaukaso eta Uraleko geneak nahasian omen dituzte, genetistek diotenez, eta beren hizkuntza uraldarra da.

Zagros Mendiak dira hizkuntza hauen sehaska. Pertsiar Golkoan daude mendi horiek eta handik nekazarien bitartez Iraneko hegoaldetik eta Pakistanetik Indiaraino hedatu ziren. Ezarri ondoren ordea, indoeuroparraren olatuak harrapatu eta desagertu egin ziren sanskritoaren mesedetan. Indiako hegoaldea eta brahuitarrek populatutako Pakistaneko lurralde isolatua salbatu ziren uholdetik. Horregatik erabiltzen dira gaur egun drabidar hizkuntzak leku horietan. Frogatu dutenez, K.a. 3.000 urte inguruan hitz egiten zen elamierak (Iraneko hego-mendebaldeko Khuzistan-en mintzatzen zen garai batean) drabidar hizkuntzen antz handia du.

Duela hogei urte, Vladislav Illitx-Svitytx eta Aron Dolgopolski hizkuntzalari sobietarrek hipotesi iraultzaile bat argitaratu zuten. Haien ustetan, indoeuropar, afro-asiar eta drabidar hizkuntzak superfamilia bakar batetik eratorriak ziren. Hiru hizkuntz talde hauek Ekialde Hurbiletik hedatuak izana, hipotesi horren aldeko arrazoia da. Baina horretaz gain hiru hizkuntz familia horietako hiztunek kidetasun genetiko estua dute. Odol-laginak analizatuta adierazi dute hori Luca Cavalli-Sforza eta Allan Wilson irakasleek.

Lehen migrazioa

Afrika eta Asiako populazioei buruz zalantzak handiagoak dira. Ekialde Hurbiletik paleolitos aroan duela 100.000 urte irtendako hiru migrazioren ondorio izan daitezke. Lehen biek Asia hartuko zuten: Hegoaldetik bata eta Iparraldetik bestea, zeina lehor zegoen Bering Itsasartetik Amerikara hedatu bait zen. Hirugarrena Arabia, Ertafrika eta Hegoafrikara heldu bide zen.

Asiako Iparraldeko migrazioak uralera, altaiera eta Amerikako hizkuntzak sorteraziko zituen. Asiako Hegoaldekoak berriz, asiar hizkuntzak eta Ozeano Bareko irletakoak. Afrikako migrazioak bere aldetik, khoisanera, Nilo-Saharako hizkuntzak eta Niger aldekoak sorterazi bide zituen.

Hungariera, turkiera, laponiera

eta tibeteraren misterioa neurri batean argitua dago.

IX. mendean, Siberiako mendebaldeko magyarrak Karpatoak zaldiz zeharkatu eta Hungarian geratu ziren indoeuropar hizkuntzaren ordez beren hizkuntza (uraliera) inposatuz.

Turkiera, Mongoliatik IX. mendean etorritako altaiarrek inposatutako hizkuntza da.

Laponiarrek Kaukaso eta Uraleko geneak nahasian omen dituzte, genetistek diotenez, eta beren hizkuntza uraldarra da.

Tibetarrak III. mendean zaldiz iritsi ziren Mongoliatik eta beren lurraldea ia basamortua zen. Genetikoki gaur egun %100 mongoliarrak dira. Hala eta guztiz ere, beren auzokoen presioagatik orain Txinako hegoaldeko dialektoen antza duen hizkuntza mintzatzen dute.

GURE NORTASUN-AGIRIA GENEETAN DAGO

Gizateriaren ondare genetikoa 46 kromosoma-paretan batabestearen ondoren lerrokaturik dauden 100.000 geneetan adierazten da. Geneek kodetutako mezua dute. Kode horretan alfabetoko lau letra (A, C, G eta T) egon daitezke eta letra bakoitza oinarri kimiko bati dagokio: A adeninari, C zitosinari, G guaninari eta T timinari.

Zifrez osatutako zerrendetan bezalaxe, letra-kopuruak, letren ordenak eta letren errepikapenak mezuak osatzen dituzte.

Larruazalaren kolorea, ingurugirora moldatzearen ondorio da. Australiako aborigeneek, Afrikako beltzek eta Indiako hegoaldeko tamilek azal iluna dute, baina genetikoki oso desberdinak dira.

Zelulen makineria martxan ari den bitartean, proteina espezifikoek mezuak dekodetu egiten dituzte eta proteina horiek dira hain zuzen gure ondare genetikoa gauzatzen dutenak. Adibidez, A, B, O eta rhesus sistemetako proteinek odol-taldeak gauzatzen dituzte, HLA ( Human Leucocyte Antigen ) sistemako proteinek gure sistema inmunologikoa zehazten dute, gene espezifikotan kodetutako proteinak dira begien kolorea erabakitzen dutenak, etab.

Beste era batera esanda, gene bera forma desberdinetan egon daiteke eta forma desberdin horiei deitzen zaie hain zuzen alelo. Begien kolorea ematen duen geneak gutxienez lau alelo dira, bakoitzari kolore urdina, nabarra, beltza edo berdea dagokiolarik. HLA sistemako sei geneetako bakoitzak (A, B, C, DR, DQ eta DP dira sei geneak) dozenaka alelo du.

Larruazalaren kolorea ordea, epe luzera ingurugirora moldatzearen ondorio da. Australiako aborigeneek, Afrikako beltzek eta Indiako hegoaldeko tamilek esate baterako, azal iluna dute, baina genetikoki oso desberdinak dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia