}

Paleolitoan multzoka etorri zirenak

2000/12/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Paleolito Aroko bi migrazio nagusien aztarnak gaurko jendearen analisi genetikoaren bitartez aztertu dira.

Paleolito aroan gertatutako bi migrazio mugimendu nagusiak giza genoman utzitako arrastoetan identifikatu egin dira. Horretarako, hainbat antropologok bi hurbilpen erabili dituzte. Ornella Semino eta Giusseppe Pasarino ikertzaile italiarrek Y kromosomaren hedabideari jarraitu diote. Beste talde bateko zientzialariek, berriz, ADN mitokondrialaren konparazioa egin dute. Y kromosoma gizonezkoen bitartez transmititzen da eta ADN mitokondriala, emakumezkoen bitartez.

Hominidoen adarrak Afrikan du jatorria, horretan ez dago batere zalantzarik. Geroago, gizakiaren aitzindariak munduan zehar barreiatu ziren eta hainbat espezie eta azpiespezie berri agertu ziren. Adibidez, Europan zeuden gizakietatik Neanderthal gizakia sortu zen. Horretaz, gorpuzkera irmoa zuten hominido horiek benetako europarrak zirela esan daiteke. Gure azpiespiezea, ordea, Afrikako eraldaketetan jaio eta pixkanaka Europan sartu zen. Inbaditzaile hutsak gara.

Kolonizazio garaia

Europan Homo sapiens sapiens gizakiaren populazioa (gure populazioa, alegia), bi migrazio handi medio, izugarri handitu zen Paleolitoan. Migrazio bien aztarnei jarraitu diete Y kromosomaren metodoaren bitartez, kromosoma horretan ADN sekuentzia markatzaile genetikoak identifikatu baitira.

Lehenengo migrazioa duela 30.000-35.000 urte izan zen eta Aurignac aldiko kulturarekin lotuta dago. Ikerketen arabera, Asiatik abiatu eta Europako iparraldetik mendebalderantz etorritako jendea zen. Aipatu behar da garai haietan Neanderthal gizakiak desagertu egin zirela. Gizaki horien azkeneko aztarnak Iberiar Penintsularen hegoaldean aurkitu dira, gizaki modernoaren migrazio bideetatik oso urruti.

Aurignac aldiko kultura oso emankorra izan zen arte eta tresnagintzan. Euskal Herriko historiaurreko hainbat aztarnategi kultura horri dagozkio (Isturitzekoa, adibidez). Europan oso kultura hedatua izan zen eta egungo gizonezko europarren % 80k dute migrazio horretan hedatutako informazio genetikoa.

Bigarren migrazioa beste kultura ospetsu batetik datorrela azaldu dute ikertzaileek, Gravette alditik. Duela 25.000 urte gertatu zen, gutxi gorabehera, gaurko Turkia zeharkatu eta Balkanetako penintsulatik zabaldu zen.

Hala eta guztiz ere, ikertzaileek zuhur jokatu dute eta zalantzak aurrez aurre aurkeztu dituzte. Garai horretan kultura ugari zeuden Europan sakabanatuta. Gainera, informazio genetikoa kultura zehatzei atxikitzea oso arriskutsua da, aldagai askok hartzen baitute parte.

Migrazioak gertatu ondorengo egoera ezaugarri genetikoen banaketaren arabera igar daiteke. Aurignac aldikoek mendebaldeko eta hegoaldeko Europa menderatu zuten eta Gravette aldikoen populazioa, berriz, ekialdean eta erdialdean nagusitu zen. Oreka horrek azken glaziazioa arte —duela 24.000 urte inguru— iraun zuen. Baina klima aldaketak gizakia babesteko beharra ekarri zuen. Ikerketaren arabera, Aurignac aldiko kulturakoak Iberiar Penintsulan eta Ukrainan bildu ziren eta Gravette aldikoak, berriz, Balkanetan. Glaziarrek berriro atzera egin zutenean bi populazioen hedapen azkarra gertatu zen. Antropologoen iritziz, hedapen horrek azaltzen du zergatik diren hain ugariak Aurignac aldiko ezaugarri genetikoak.

Duela 9.000 urte, Neolito aroan, beste migrazio bat gertatu zen. Ekialde Hurbiletik abiatu zen eta ikertzaileek nekazaritzaren hedapenarekin lotuta dagoela uste dute. Hipotesi hori lurralde horietan jaso diren datu arkeologikoekin bat dator. Hala ere, migrazio horrek ez zituen Paleolitokoak bezainbeste ezaugarri genetiko utzi. Ikertzaileek Europako gizonezkoen % 20rengan bakarrik aurkitu dituzte. Horrek agian Neolitoko migrazio hori ez zela hain handia izan adierazten du, baina beste azalpen batzuk ere plazaratu dira.

Emakumeen geneek esanda

Emakumeek transmititzen duten ADN mitokondrialaren azterketak ere emaitza interesgarriak eskaintzen ditu. Oro har, ondorioak berberak dira, baina metodo horren bidez aurkitutako ezaugarri genetikoek beste banaketa bat aurkezten dute.

Datu hori, adituen arabera, gizonezkoen eta emakumeen jokaeren arteko ezberdintasunaren adierazle izan daiteke. Gizarte askotan emakumeek leku batetik bestera maiz aldatu behar zuten gizonaren familiarekin elkartzeko.