Zeliakia: glutenak RNAren metilazio-patroia aldatzen duela ikusi dute lehengo aldiz
2021/03/23 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaixotasun zeliakoa hobeto ulertzen lagundu dezakeen ikerketa bat argitaratu dute EHUko genetikariek. Orain arte, bazekiten glutenak immunitate-sistemaren ezohiko erantzuna eragiten duela pertsona zeliakoetan, eta, ondorioz, heste meharraren mukosa kaltetzen duela. Baina hesteetako hanturaren garapena ikertzean, lehenengo aldiz ikusi dute glutenak zuzenean RNA molekuletan ere aldaketak eragiten dituela.
Hainbat RNA mezularitan eragiten ditu aldaketak. XPO1 izeneko geneak, esaterako, hesteetako hanturaren garapenean parte hartzen du, eta glutenak honen RNA aldatzen duela ikusi dute. Hain zuzen, RNAren metilazio-patroia aldatzen du, eta prozesu hori gaixotasunaren patogenesian zuzenean inplikatua egon daitekeela uste dute ikertzaileek. Izan ere, metilazio-aldaketa hauen ondorioz XPO1 proteina gehiago sortzen da, eta, hortaz, hestearen hantura areagotu egiten da. Gainera, XPO1 genean dagoen aldaera genetiko batek RNAren aldaketa hau areagotu egiten du; hala, arriskuaren aldagaia duten pertsonengan hesteko hantura garatzeko arriskua handitzen du.
Metilazioak zeliakoen patogenian parte hartzen duela erakusten duen lehenengo ebidentzia da EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Ainara Castellanos ikertzaileak eta taldekideek frogatutakoa. Gut aldizkari zientifikoan argitaratu dute.
Joera genetikoaz gain, badirudi infekzio biralek eta mikrobiomaren konposaketak ere laguntzen dutela gaixotasun zeliakoa garatzen. Birusak eta mikrobiomaren konposaketa bera RNAren metilazio-aldaketekin erlazionatu izan dute aurreko ikerketa batzuek. Hortaz, badirudi RNAren metilazio-patroia ulertzea gakoa izan daitekeela zeliakiaren patogenesia hobeto ulertzeko.
"Lehenengo aldiz deskribatu dugu glutenak RNAn aldaketak eragin ditzakeela, eta aldaketa horiek nabariagoak direla genetika zehatza duten pertsonetan —dio Castellanosek—. Jakin bagenekien, bai genetikak eta bai ingurumen-faktoreek ere eragina dutela gaixotasunaren garapenean, baina ez zegoen argi nola eta zergatik eragiten zuten. Honek ikerketarako ate berriak irekitzen ditu, RNAren aldaketak erantzun inflamatorioan duten garrantzia deskribatu dugulako eta aldaketa horiek ingurumen-faktoreen menpe daudela ikusi dugulako. Hemendik aurrera, bai gaixotasuna ulertzeko bai tratamendu berriak garatzeko, kontuan hartu beharko dira RNAn eragiten dituen aldaketak".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia