}

X izpiak, luma fosilduen koloreak ikusteko

2011/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

x-izpiak-luma-fosilduen-koloreak-ikusteko
Ikerketan erabilitako fosiletako bat. Arg.: R.A. Wogelius/Science. - Arg.

Nazioarteko ikertzaile-talde batek teknika ez-suntsitzaile bat garatu du luma fosilen koloreak aztertzeko. Estatu Batuetako Energia Sailaren SLAC laborategiko sinkrotroiak sortzen dituen X izpiak erabili dituzte, metal-arrastoak detektatzeko.

Orain arte, beste bide bat erabili dute ikertzaileek lumen koloreak asmatzeko: mikroskopio elektronikoen bidez, melanina gordetzen duten egituren (melanosomak) itxura ikusten ahalegindu dira. Hain zuzen, uste dute melanosoma biribilek pigmentu gorrixka-gaztainkara zutela, eta obalo-itxurako melanosomek, berriz, pigmentu beltza edo marroi iluna. Baina metodo hori erabiltzeko, fosiletatik lagin txikiak hartu behar dira, eta lagin horren kolorea bakarrik jakin daiteke (berez, laginean dauden melanosomen itxura).

X izpien bidezko teknikarekin, ordea, fosila ez da suntsitzen, eta osorik azter daiteke. Hala, melanosomak degradatu ondoren pigmentuetatik eratorritako metalak detektatzen ditu. Ikertzaileek oraingoz kobreari erreparatu diote; eumelanina pigmentuaren adierazle da. Haien ustez, beste metal batzuk beste pigmentu batzuekin daude erlazionatuta, eta, haiek aztertuta, fosil osoaren kolorea (ilajearena zein lumajearena) asma daiteke.

Besteak beste, duela milioika urte bizi izan ziren bi hegaztiren lumajeak aztertu dituzte, Confuciusornis sanctus eta Gansus yumenensis espezieenak, hain juxtu, eta gaur egungo espezie batzuekin alderatu dituzte emaitzak. Hortik ondorioztatu dute teknika baliagarria dela. Science zientzia-aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

1
278
2011
9
009
Paleontologia
Albisteak
11

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia