Sateliteek eta espazioko hondakinek eragiten duten argi-poluzioaz ohartarazi dute
2023/03/22 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Espazioko zaborra eta Lurretik gertu orbitatzen duten sateliteak gero eta ugariagoak dira, eta horrek argi-poluzioan duen eraginaren berri eman dute Nature Astronomy aldizkarian argitaratu diren bi artikuluk.
Artikuluetako batean zaborrak eta sateliteek gaueko zeruaren distira nola handitzen duten kalkulatu dute. Eta ohartarazten dute horrek duen eraginaz Lurretik egiten diren behaketa astronomikoetan, nahiz iluntasuna beharrezkoa duten ekosistemetan. Esaterako, kalkulatu dute, bide beretik jarraituz gero, behatokien kostua asko handitu daitekeela, behaketak egiteko esposizio-denbora askoz handiagoak beharko direlako.
Bigarren artikuluan, egileek argi artifizialaren ekoizpena eta orbitan dauden sateliteen kopurua mugatzea eskatzen dute. Argudiatzen dute argi-poluzioari eta espazio-poluzioari aurre egiteko dauden arazoak soziopolitikoak direla, ez teknologikoak, eta iradoki dute mugak jarri beharra dagoela, satelite-konstelazioen eta argi artifizialaren ugaritzea geldiarazteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia