Polifenolen erabilera, obesitatearen kontrako estrategia ona?
2020/07/21 Itziar Eseberri Baraze - Nutrizioa eta Obesitatea ikertaldeaFarmazia Fakultatea (EHU) Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ziurrenik, obesitatearen aurkako estrategiarik arrakastatsuena da epe luzeko elikadura-patroi osasungarria geureganatzea; oro har, fruta eta barazki, lekale eta zereal integralak barnebiltzen dituen patroia izango da, elikagai ultraprozesatuak eta haiekin batera gehiegizko azukre eta gantz aseak ekiditen dituena. Aipaturiko ezaugarriak betetzen dituena eta oso hurbilekoa duguna dieta mediterraneoa da; gaixotasun ugariren prebentzioarekin erlazionatutako elikadura-patroia da, hobesten dituen elikagaiek dituzten nutriente eta konposatu bioaktiboei esker. Azken horien artean, konposatu fenolikoak aurkitzen dira (polifenol esaten zaie), landareek estresari aurre egiteko ekoizten dituzten sustantziak, eta, ondorioz, landare jatorriko elikagai askotan modu naturalean aurkitzen dira, besteak beste, fruta, barazki, fruitu lehor, te edo oliba-olioan. Konposatu fenoliko horiek interes handia piztu izan dute azken urteetan, dituzten ezaugarri bioaktiboei esker erabilgarriak izan daitezkeelako zenbait gaixotasunen prebentzioan edo tratamenduan, hala nola gaixotasun kardiobaskularrak, zenbait minbizi-mota, gibeleko asaldurak edo diabetesa. Aipaturiko gaixotasunez gain, ikusi izan da lagungarri izan daitezkeela gainpisu eta obesitatearen prebentzio eta tratamenduan, gorputzeko gantz-metaketaren murrizketan duten eraginagatik eta obesitateari lotutako hainbat gaixotasunen hobekuntzan ere lagundu dezaketelako. Obesitatearen kontra erabilgarriak izan daitezkeenen artean erresberatrola eta kertzetina daude. Lehenengoa, aurkitu daiteke, besteak beste, mahatsan eta eratorritako edarietan, kakahuetean, baiatan eta txokolatean; bigarrena, aldiz, sagarrean, tipulan, tean edo brokolian (1. irudia).
Hala eta guztiz ere, etorkizun handiko emaitzak eskuratu izan badira ere, bi izan dira gaixotasunen prebentzio eta tratamendurako polifenolen erabileran diharduten ikertzaileen kezka: alde batetik, emaitza oparoak izan dituzten esperimentu gehienetan, oso dosi altuak erabili izan dira, elikagaien bidez har ditzakegun dosietatik urrun daudenak; dena den, aipatzekoa da konposatu fenolikoak gehigarri edo elikagai funtzional moduan (zeintzuetan molekula bioaktiboak gehitu litezkeen) ere hartu genitzakeela, dosi haietatik hurbilago. Bestetik, konposatu fenolikoen izaera disolbagaitza dela eta, gure organismoak iraitzi ahal izateko jarraitzen duten bide metabolikoan eraldaketa asko jasaten dituzte; jatorrizko konposatu moduan egin ordez, egitura kimiko ezberdineko molekula konjugatu gisa iristen dira odol eta ehunetara (2. irudia). Ehunetara iristen direnak ez badira jatorrizko molekulak, nola eragingo dituzte aipaturiko funtzio biologiko horiek?
Buruhauste horiei erantzuna eman nahian, Euskal Herriko Unibertsitateko Nutrizioa eta Obesitatea ikertaldean eginiko doktorego-tesian, hipotesi irmoa finkatu genuen: erresberatrolari eta kertzetinari egotzi zaien gantza murrizteko ahalmena euren metabolitoei ere esleitu geniezaieke? Gainera, esperimentuetan lehenetsi zen elikagaien bidez hartu litezkeen kantitateen araberako dosiak erabiltzea, ordura arte ikertzaile gehienek egin ez bezala.
Hipotesiari erantzuna emateko, ezinbestekoa izan zen kultibo zelularrak erabiltzea. In vivo eginiko esperimentuetan, jatorrizko konposatua hartuta lortzen den efektua baieztatu badaiteke ere, ezin da guztiz zehaztu jomuga dituen ehunetan sortzen den efektuak zein metabolitori esleitzen zaizkion. Hori dela eta, aipaturiko bi polifenolen (erresberatrola eta kertzetina) metabolito ugarienak aukeratu ziren, eta egiaztatu zen 3T3-L1 adipozitoetan zer efektu zuten. 3T3-L1 zelula-lerroa saguen gantz-ehunetik eratorritakoa da, obesitatearen inguruko ikerketan erabiliena. Adipogenesia esaten zaio aurreadipozitoak, oraindik espezializatu gabeak diren zelulak, gantza pilatuko duten adipozito heldu bilakatzeko prozesuari. Molekula batek prozesu horretan eragiten badu (prozesuan zehar “tratatu” egiten bada), adipozito heldu horren gantza pilatzeko gaitasuna murriztu liteke. Bestetik, adipozitoak helduak direnean konposatu fenolikoarekin kontaktuan baldin badaude, euren gantz-kantitatea ere murriztu egin daiteke. Hortaz, zelulen tratamenduak bi fase horietan egin ziren: aurreadipozitoen diferentziazio-prozesuan zehar, molekulek adipogenesian zer efektu zuten egiaztatzeko, eta adipozito helduetan, gantz-murrizketa eragingo duten mekanismoetan zer efektu zuten baieztatzeko.
Oro har, esperimentu ugariren bidez ikusi genuen bai erresberatrola eta bai kertzetinaren hainbat metabolitok bioaktibitatea dutela. Aztertutako erresberatrol-metabolitoek (bi konjugatu glukuronatu eta sulfatatu bat) adipogenesia murrizteko ahalmena erakutsi zuten, jatorrizko konposatuak bezainbestekoa gainera, oso antzeko gantz-murrizketa eragin baitzuten. Adipozito helduen kasuan, aldiz, aztertutako hiru metabolitoetatik soilik bi glukuronatuek murriztu zuten adipozitoen gantz-pilaketa, betiere erresberatrolak baino gutxiago. Hortaz, metabolitoak erresberatrola bezain eraginkorrak dira adipogenesiaren murrizketan, baina adipozito helduen gantza erresberatrolak gutxitzen du modu eraginkorrago batean. Kertzetinaren metabolitoen artean, aztertutako lautik batek (sulfatatuak) baino ez zuen murriztu adipozito helduen gantzaren metaketa, eta kertzetinak baino dosi baxuagoan gainera. 3T3-L1 zelulak adipogenesian zehar tratatzerakoan, isorhamnetinak (metilatutako konjugatua) adipogenesiaren inhibizioa eragin zuen, baina horretarako kertzetinak behar duen dosia baino 10 aldiz gehiagokoa behar izan zen.
Emaitza horiek zer adierazten digute?
Gure organismoak sobera duen energia gantz moduan pilatzen duten zelulak dira adipozitoak, eta haien ugalketa eta hazkuntza da gantz-ehunaren hedapenaren eta, ondorioz, gainpisu eta obesitatearen garapenaren erantzule. Aipaturiko hedapen hori bi prozesuk eragiten dute: hiperplasia (aurreadipozitoen ugalketaren ondorioz, ehunean adipozitoak ugaritzea) eta hipertrofia (gantz-kantitate handia pilatzearen ondorioz, adipozitoen tamaina handitzea) (3. irudia). Gizaki helduon gantz-ehunaren hedapena nagusiki hipertrofiak eragiten du, alegia, adipozito helduek gantz-kantitate handia pilatzeak. Hortaz, emaitza oso garrantzitsutzat jo dezakegu kertzetinaren metabolito sulfatatu batek kertzetinak berak baino dosi baxuagoarekin murriztea adipozito helduen gehiegizko gantz-metaketa; kertzetina sulfatatzea, lagungarria izan liteke haren efekturako. Erresberatrolaren kasuan, aldiz, jatorrizko konposatuaren efektua haren metabolitoena baino nabarmenagoa izanik, ez zaigu haren metabolizazioa batere interesatuko. Bestetik, kontuan hartzekoa da gantz-ehunean, adipozito helduez gain, diferentziatu eta, hortaz, guztiz espezializatu gabeko aurreadipozitoak ere badaudela, zeinek adipozitoen berriztatze prozesurako “erreserba” moduan jokatzen baitute. Hori dela eta, aintzat hartzekoa ere bada adipogenesiaren kontrolak gorputzeko gantz-pilaketaren gain duen eragina. Erresberatrolaren metabolitoek jatorrizko konposatuak bezainbesteko efektua badu adipozitoen diferentziazio-prozesuan, esan genezake haren metabolizazioa ez dela muga bat. Aurreadipozitoen gain erresberatrolak berak edo haren metabolitoek eragin, efektua antzekoa izango da. Kertzetinaren metabolitoa den isorhamnetinarekin aurreadipozitoak tratatzean, aldiz, eraginkorra izango den dosia kertzetinaren dosia baino 10 aldiz handiagoa da; ez denez horren eraginkorra, kasu honetan ez litzaiguke haren metabolismoa interesatuko.
Azkenik, aipatzekoa da konposatu fenolikoak hartu eta odol eta ehunetan aurkitu daitezkeen kantitateetatik hurbil daudela doktorego-tesi honetan erabilitako dosiak. Efektu bioaktiboak deskribatzeko garaian, orain arte dosi ikaragarri altuak erabili izan dira, animali eta gizakion odol eta ehunetan sekula aurkituko ez genituzkeenak, alegia. Aldiz, erabilitako dosiak askoz ere hurbilago daude, eta, hortaz, emaitzak errealitatean gerta daitekeenarekin askoz ere konparagarriagoak dira.
ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
Obesity and overweight. World Health Organization: 2018. Eskuragarri: https://www.who.int/news-room/fact-sheets/detail/obesity-and-overweight
Castro-Barquero, S., Lamuela-Raventós, R.M., Doménech, M., Estruch, R. (2018). Relationship between Mediterranean Dietary Polyphenol Intake and Obesity. Nutrients, 10. doi:10.3390/nu10101523
Eseberri I. ‘Erresberatrola eta kertzetinaren metabolitoen efektuak 3T3-L1 adipozitoen adipogenesian eta triglizeridoen metabolismoan, hala nola jatorrizko konposatuen efektuekin konparatzea’. Doktorego-Tesia. 2019.
Eseberri, I., Miranda, J., Lasa, A., Churruca, I., & Portillo, M. P. (2015). Doses of Quercetin in the Range of Serum Concentrations Exert Delipidating Effects in 3T3-L1 Preadipocytes by Acting on Different Stages of Adipogenesis, but Not in Mature Adipocytes. Oxid Med Cell Longev, , 480943. doi:10.1155/2015/480943
Eseberri, I., Miranda, J., Lasa, A., Mosqueda-Solís, A., González-Manzano, S., Santos-Buelga, C., & Portillo, M. P. (2019). Effects of Quercetin Metabolites on Triglyceride Metabolism of 3T3-L1 Preadipocytes and Mature Adipocytes. Int J Mol Sci, 20(2). doi:10.3390/ijms20020264
Lasa, A., Churruca, I., Eseberri, I., Andrés-Lacueva, C., & Portillo, M. P. (2012). Delipidating effect of resveratrol metabolites in 3T3-L1 adipocytes. Mol Nutr Food Res, 56(10), 1559-1568. doi:10.1002/mnfr.201100772
Rasouli, H., Hosein Farzaei, M., Reza, K. (2017). Polyphenols and their benefits: A review. International Journal of food properties, 20, 1700-1741. doi:10.1080/10942912.2017.1354017
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia