Elhuyar zientziaren komunikazioa

Mugikorrak kaltegarri

2000/05/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Telefono mugikorrak onddoak baino azkarrago ugaritu dira azken urteetan eta, egun, edozein bazterretan ikus ditzakegu. Filiak eta fobiak sortarazten dituzte mugikorrek, baina, horrez gain, osasunean eraginik ba al dute

Ia edozeinek darama patrikan, poltsan edo agerian telefono mugikorra, eta askok eta askok belarriari itsatita daukate egun osoan, belarriaren luzapen naturala izango bailitzan. Banaka batzuk izatetik izurrite izatera heldu dira denbora gutxian eta makina bat eztabaida piztu dute gizartean, erabilerari loturikoak batetik eta osasunari dagozkionak bestetik. Telefono mugikorra non, noiz eta nola erabili, bakoitzak lagun hurkoari dion begirunearen araberakoa da, baina ez da hau gure gaurko eztabaida-gaia. Izurrite diren telefono mugikorrak osasunarentzat arriskutsuak diren ala ez, hori da gaurkoan argitu nahi duguna.

Erantzunik gabe

Ezin argitu, ordea, ikertzaileek oraindik, jakin, ez dakitena. Izan ere, lerro hauek irakurtzen ari zaren une honetan ezin daiteke ez bata eta ez bestea baieztatu. Hau da, telefono mugikorrek osasuna kaltetzen dutela frogatzeke dago oraindik, baina kaltetzen ez dutenik ere ezin daiteke esan. Telefono mugikorrek minbizia eta antzeko gaixotasunak eragin eta areagotzen dituztela frogatzen duen aztarnarik ez da aurkitu, ez eta mugikorrek igorritako uhinek garuna "egosi" egiten dutenik ere.

Ezin ukatuko dugu telebistak, irratiak, ordenagailuek, radarrek, mikrouhinek eta industria, telekomunikazio eta medikuntzan erabiltzen diren beste hainbat eta hainbat tresnak bizitza erraztu ez digutenik. Radarrei esker hegazkinez bidaiatzea askoz seguruagoa da, esaterako. Baina, aldi berean, aipatu aparatuek sortutako eremu elektromagnetikoek minbizia eragin, ugalkortasun- eta oroimen-galerak areagotu eta haurren hazkundea nahasaraz dezaketela iradoki dute zenbait txosten zientifikoek. Gizarteak, noski, kezkaz erantzun die txostenei.

Haatik, txosten horietan esanikoak ez dira egiaztatu, eta eremu elektromagnetikoek eragin biologikoak badituztela ezaguna izan arren, etxean edo kalean jasotzen dugun erradiazio-maila txikiegia izan liteke horrelakorik nabaritzeko. Hala ere, hauek guztiak egiaztatzeko beharra dago eta, horregatik, Osasunerako Mundu Erakundeak asmo handiko proiektua jarri zuen martxan 1996an; eremu elektromagnetikoek osasunean eta ingurugiroan duten eragina aztertuko duen proiektua, hain zuzen. 40 herrialdek hartzen dute parte Nazioarteko Eremu Elektromagnetiko Proiektuan eta ikerketek 2005. urtean izango dute amaiera. Ordura arte, beraz, ezingo dugu telefono mugikorrak osasunarentzako kaltegarriak diren ala ez seguru jakin.

Eremuak nonahi

Uhin-luzera eta maiztasuna (alderantziz proportzionalak izanik) dira eremu elektromagnetikoak definitzen dituzten magnitude nagusiak. Oso magnitude garrantzitsuak dira izan ere, maiztasun ezberdineko eremuek desberdin eragiten diote gorputzari.

Eremu elektromagnetikoa argiaren abiaduran higitzen diren oso uhin erregularrek osatzen dute. Maiztasuna segundoko oszilazio-kopurua da. Uhin-luzera, berriz, uhin baten eta ondorengoaren arteko distantzia litzateke. Gorputza hondartza balitz eta uhin elektromagnetikoak hondartzara iristen diren olatuak balira, segundoko iristen den olatu-kopurua eremuaren maiztasuna litzateke eta olatu bat eta hurrengoaren arteko distantzia uhin-luzera. Hondartzara olatu asko iritsi ala olatu gutxi iritsi, ez da berdin, kostaldea ez baita berdin moldatzen. Bi magnitude horiek eremuaren energiarekin lotuta daude: maiztasun handiari energia handia dagokio, eta maiztasun txikiari, energia txikiagoa. Daukan energiaren arabera, gorputzari era batean edo bestera eragingo dio.

Gizakiok ingurutik jasotzen ditugun eremu elektromagnetikoen maiztasuna ez da beti bera. Sare elektrikotik eta tresna elektrikoetatik oso maiztasun txikiko eremua jasotzen dugu; ordenagailuen pantaila eta segurtasun-sistemetatik handixeagoa eta irrati, telebista, mikrouhin, radar eta telefono mugikorretatik berriz, maiztasun handieneko eremua iristen zaigu. Eremu elektromagnetikoen hamaika iturri dauzkagu inguruan, baina horrek ez du esan nahi guztiak kaltegarriak izan daitezkeenik. Izan ere, distantziaren arabera eremu elektromagnetikoek oso azkar galtzen dute indarra eta iturritik zentimetro batzuk urruntzea nahikoa da jasotako erradiazioa asko murrizteko. 30 zentimetrora, esaterako, 100 bider ahulagoa da erradiazioa.

Burua berotzen

Esan bezala, telefono mugikorrek energia handiko eremua igortzen dute eta, gainera, gorputzetik oso gertu izaten ditugu. Horregatik, beste iturriak baino arriskutsuagoak izan litezke. Kasu honetan kontuan hartzeko bi erradiazi-iturburu daude: telefonoa eta lurreko antena eta estazioak. Antenak eraikinen teilatuetan edo dorreean ipini ohi dira, 15 eta 50 metro bitarteko altueran. Antena horiek lurrarekiko paralelo higitzen diren uhinak igortzen dituzte, baina lurrazalean eta jendea sar daitekeen guneetan, erradiazio-maila arrisku-mailaz azpitik dago.

Antenek igorritako erradiazioa, gainera, egiten ari den dei-kopuruaren eta hauen urruntasunaren araberakoa da. Hala ere, antenaren parean metro bateko distantziara edo gutxiagora egotea baino ez omen da arriskutsua. Telefono mugikorrak ugaritu aurretik irrati eta telebista uhinak igortzen zituzten estazioak ziren erradiazio iturri nagusiak eta gaur egun ere, telefonoentzako antenek ezer gutxi areagotzen dute lehendik jasotzen genuen erradiazioa. Izan ere, irrati eta telebista seinaleen maila berean edo azpitik baitaude telefono seinaleak.

Telefono mugikorraren erabiltzaileak, ordea, askoz erradiazio maila handiagoak jasotzen ditu, telefonoa burutik oso gertu baitu eta buruak telefonoaren antena txikitik energia asko zurgatzen baitu. Energia zurgatuta burua berotu egiten da. Baina ez hori bakarrik; antena buruaren kontra ipintzen bada, buruak telefonoaren antenak igorritako uhinak ere zurgatzen ditu. Uhinak ez dira estaziora iristen eta estazioak indar handiagoko seinalea bidal dezala agintzen dio telefonoari. Ondorioz, buruak energia handiagoa zurgatuko du eta gehiago berotuko da. Egin diren ikerketa guztietan tenperatura igoera lokalizatu hau detektatu da. Ikertzaileen ustez, ordea, tenperatura aldaketa ez omen da asaldatzeko modukoa, egunean zehar gorputzean ematen diren tenperatura gorabehera arrunten parekoa baita.

Telefono mugikorren bestelako eraginei dagokienez, ez dago ezer argi. Garuneko minbizia sor dezaketela edo garunaren eta neuronen funtzionamendua nahas dezaketela iradoki den arren, ez dago hipotesi horiek baiezta ditzakeen ebidentzia zientifikorik. Oroimen galerak eragin ditzaketela ere ezin esan. Hala ere, eta badaezpada, zuhur jokatzea ez legoke soberan.

Telefono mugikorretik ordu erdiko deirik ez egin ahal dela, eta nahi izanez gero, aurikularrak erabili. Izan ere, jatorritik 30 zentimetrora eremu elektromagnetikoaren indarra 100 bider txikiagoa baita. Nik, behintzat, 25 pezetako txanpona hartu eta kabinatik hots egingo dut hurrengoan.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia