India arrakastaz iritsi da Ilargiaren Hego polora
2023/08/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
ISRO Indiako Espazioaren Ikerketarako Erakundea ospakizunetan da: Chandrayaan 3 misioaren Vikram modulua aurreikusi bezala iritsi da Ilargiaren Hego polora. Hala, Ilargiaren azalera ontziren bat eraman duen laugarren herrialdea bihurtu da India (AEBren, Sovietar Batasuna zenaren, eta Txinaren atzetik), eta lehena, Ilargiaren Hego poloan lur hartzen. Azpimarratzekoa da eskualde horrek interes berezia du zientifikoki, hango kraterretan ur izoztua baitago.
Eskualde hura esploratzea izango da Vikram moduluaren barruan ilargiratu den Pragyan ibilgailuaren zeregina. Batetik, uraren konposizioak eguzki-sistemaren hastapenari buruzko informazioa eman dezake. Bestetik, erabilgarria bada, baliabide preziatua izan daiteke, bai Ilargian base iraunkor bat jartzeko, bai oxigenoa eta hidrogenoa lortzeko, suzirien erregai-gisa baliatzeko.
Arrazoi horiek direla eta, beste espazio-agentzia batzuk ere begiz jota dute Hego poloa, eta, hain zuzen, han nahi zuen lur hartu, egun batzuk lehenago, Errusiako ontzi batek: Luna 25. Ilargiratzeko operazioa, ordea, gaizki atera zen, eta Ilargiaren aurka jota suntsitu zen. Bukaera bera izan zuten, aurretik, Japoniak eta Israelek Ilargira bidalitako beste bi ontzik ere. Horrek erakusten du Ilargian lur hartzeko operazioak zorrotz planifikatu eta bete behar direla. Txinak, adibidez, arrakata izan du Chang’e 3, 4 eta 5 misioetan, eta, besteak beste, kamera bat erabili du, justu azalera jaitsi aurretik, azaleran oztoporik ez zegoela bermatzeko. Gauza bera egin du oraingoan Indiak ere.
Nolanahi ere, gero eta herrialde gehiagok dute Ilargirako lehian parte hartzeko asmoa. Eta, horrekin batera, ez dira gutxi Ilargia babesteko hitzarmen sendoen beharra adierazi duten astronomoak. Izan ere, batzuen eta besteen interesak kontrajarriak dira hainbatetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia