Al Amal zunda Marteren orbitan da
2021/02/10 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Al Amal zunda Marteren orbitan da. Arabiar Emirerri Batuek bidaltzen duten lehen zunda da Al Amal (itxaropena, arabiarrez). Uztailean jaurti zuten, eta atzo sartu zen, arrakastaz, Marteren orbitan. Planeta gorriaren bueltan ibiliko den seigarren zunda da, lehendik han baitabiltza hiru zunda estatubatuar, bi europar eta indiar bat.
Zundak 55 orduero bira emango dio planetari, gainazaletik 20.000-43.000 kilometrora; eta bederatzi egunero planetaren irudi osoa lortuko du. Al Amal zundaren helburu zientifikoa Marteren atmosfera eta eguzki-haizeak nola eragiten dion aztertzea izango da. Lehen datuak irailean argitaratzeko asmoa dute, eta mundu osoko zientzialarien eskura jarriko dituzte.
Egun hauetan Martera iristekoak diren hiru misioetako lehena da. Gaur bertan orbitan sartzekoa da Tianwen-1 misio txinatarra, eta otsailaren 18an iritsiko da Mars2020 NASAren misioa. Arabiarrak ez bezala, bi horiek Marten lur hartzea dute helburu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia