"Gustatuko litzaidake aurkitzea ez garela planetako giza espezie bakarra"
2018/02/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gure iraganaren berreraikuntzan Asiak orain arte uste genuena baino askoz ere rol garrantzitsuagoa izan duela; hori jakiteak txunditu egin nau. Nik ikasitako paleoantropologiak Afrikan zuen fokua, gizateriaren sehaskatzat genuen; Asia, berriz, alboko eszenatoki modura agertzen zen, gure jatorriaren argumentu nagusiarekin loturarik ez zuten bigarren mailako istorioak gertatu ziren leku gisa. Lehen ustekabea izan zen jakitea lehen europarrek, gaurdaino Atapuercako aztarnategian dokumentatuak, jatorri asiarra izan zezaketela, afrikarra izan beharrean.
Aurkikuntza honen atzetik, azken bi milioi urtetako giza eboluzioaren interpretazioan paradigma aldatzea ekarri duten beste batzuk etorri dira, esaterako, denisovarren aurkikuntza, Siberian aurkitutako populazio hori, zeintzuez badugun DNA baina ez dugun fosilik. Edo "Afrikatik kanpo" ereduak aurreikusten zuen baino askoz lehenagoko gizaki modernoak topatu izana, adibidez, Daoxianen, Txinan, edo, duela gutxi argitaratutako Misliyakoak, Israelen; edo H. sapiens eta H. neanderthalensis gizakiak hibridatu egin zirela, seguru asko Eurasian.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?
Haietako bat ia zientzia-fikzioko amets bat da: gustatuko litzaidake aurkitzea ez garela planetako giza espezie bakarra, lekuren batean oraindik badagoela, bizirik, desagertutzat jotzen genuen hominidoren bat. Ezinezkoa dirudi, baina gertatzeko zorian egon zen Homo floresiensis-en fosilak aurkitu zituztenean!
Ikuspegi zientifikotik, neandertal bat, adibidez, aurrez aurre eta bizirik ikusteak ikaragarrizko balioa izango luke. Beti pentsatzen dut badaudela xehetasun batzuk, portaera edo jarrerarekin lotuak, oso zailak direnak ondorioztatzea fosilen azterketatik, eta agian horrek lagunduko liguke ulertzen zergatik espezie adimentsu bat, neandertala, desagertu zen. Askoz ere gehiago jakingo genuke, iraganaz ez ezik, baita orainaz eta gutaz ere. Ez nago ziur, dena den, gure espezieaz eta beste espezieekin izango genukeen harremanaz jakingo genukeena ona izango litzatekeenik ezinbestean, kontuan izanda nola tratatzen dugun elkar.
Errealistagoa izanda, Dolina Handiaren indusketa zabal baten lekuko izatea gustatuko litzaidake. Badakigu han kanibalismoa gertatu zela, 1990eko hamarkadan egindako zundaketa bati esker, eta Homo antecessor gizakiaren ehunka fosil aurkitzeko itxaropena dugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia