}

Gizakiak hegazti-gripetik babesten dituen gene bat identifikatu dute

2023/07/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gizakiak-hegazti-gripetik-babesten-dituen-gene-bat
Hegazti-gripearen birusaren arrisku pandemikoa ikertu dute. - Arg.

Hegazti-gripearen andui gehienak blokeatzeko gai den gene bat identifikatu dute gizakien  goiko nahiz beheko arnasbideetan. BTN 3A3 izena du eta birusaren RNA erreplikatzea eragozten du; hau da, ez dio ugaltzen uzten. Aldiz, ez da eraginkorra urtaroko gripearen birusen aurka.

Nature aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren xehetasunak. Ikertzialeek azaldu dutenez, azkenaldian asko hedatu da hegazti-gripea hegazti basatien eta haztegietakoen artean, eta beste animalia-espezie batzuetara ere iritsi da. Oraingoz, gizaki gutxi kutsatu dira, eta denek harreman oso estua zuten hegaztiekin.

Hala ere, onartu dute oraindik ez dutela ondo ezagutzen hegazti-gripearen transmisioa beste espezieetara, eta gogorarazi dute 1918ko gripe-pandemiaren birusa, ustez, hegaztietatik iritsi zela gizakietara. Transmisioaren gakoak argitzeko asmoz, horretan zerikusia izan dezaketen hainbat generen portaera aztertu dute, hegazti-gripearen eta urteroko gripearen anduiekiko. Eta ikusi dute BTN 3A3 genea gai dela hegazti-gripearen andui gehienen erreplikazioa blokeatzeko giza zeluletan. Aitzitik, urtaroko giza gripearen birusak erresistenteak dira BTN 3A3ren aurka.

Gizakietan izurri bihurtu diren hegazti-gripearen birusak ere aztertu dituzte, adibidez, H7N9 birusa. 2013az geroztik, 1.500 pertsona baino gehiago kutsatu ditu, eta % 40ko heriotza-tasa du. Bada, frogatu dute mutazio genetiko bat duela, BTN 3A3 genearen blokeotik ihes egiten ahalbidetzen diona.

Ikertzaileek ohartatazi dute birusek etengabe mutatzen direla, eta, beraz, funtsezkoa dela ahalmen zoonotiko eta pandemikoa duten birusen zaintza genetikoa egitea, hedapena hobeto ulertzeko eta kontrolatzen laguntzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia