}

Giza populazioa ia desagertzeko zorian egon zen duela 800.000-900.000 urte

2023/09/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

giza-populazioa-ia-desagertzeko-zorian-egon-zen-du
FitCoal metodoaren formulak eta antzinako gizakiek egindako horma-irudi bat erakusten dituen ilustrazioa. Arg. Shangaiko Nutrizio eta Osasun Institutua

FitCoal izeneko metodo genetiko berriaren bidez, ondorioztatu dute Pleistozenoaren hasieratik erdialderako trantsizioan, giza populazioa izugarri murriztu zela: ehun mila banako izatetik, mila inguru izatera igaro zen. Eta 100.000 urtez, ez zen hazi, klima epeldu zen arte, eta, agian, aurrerapen teknologikoak agertu arte, hala nola sua kontrolatzeko gaitasuna.

Txinako Natura Zientzietako Fundazioko ikertzaileek gidatu dute ikerketa, eta Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Azaldu dutenez, azken urteotan, Homo sapiens-aren populazio-dinamika ondo ezagutzea lortu da, genomaren sekuentziazioan egin diren aurrerapenei esker. Gizaki modernoaren aurreko espezieen dinamika ezagutzea, ordea, askoz ere zailagoa da, besteak beste, ez delako erraza aintzinako DNA erauztea eta sekuentziatzea. FitCoal metodoaren bitartez, gaur egungo gizakien datuetatik atzera egitea lortu dute, gene-familien adarrak birsortuta. Hala, gertakari ebolutiboak identifikatzeko gai izan dira ikertzaileak.

Gertakari horien artean, duela 800.000-900.000 urte populazioan izandako galera da deigarriena. Hain zuzen, gizakien dibersitate genetikoaren % 65,85 desagertu zen. Horrekin batera, badirudi espeziazio-prozesu bat gertatu zela. Nonbait, bi kromosoma aitzindari elkartu egin ziren, eta gizakion gaur egungo 2 kromosoma sortu zen. Denisovarren, neandertalen eta gizaki modernoaren azken arbaso komuna ere aurkitu dutela iradoki dute.

Nolanahi ere, onartu dute oraindik galdera asko dituztela erantzuteko, eta, beraz, jarraituko dutela ikertzen, giza populazioaren antzinako dinamika ezagutzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia