Genero-ikuspegia txertatzean izandako esperientziak partekatuz amaitu da PLOTINA
2020/01/29 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aste honetan izan da PLOTINA Europako proiektuaren bukaerako biltzarra, Bolonian, Italia. Plotina proiektuak lau urtez jardun du lanean, ikerketa-erakundeetan eta unibertsitateetan genero-berdintasuna sustatzeko eta genero-ikuspegia txertatzeko.
Hala, proiektuaren 10 bazkidetik 6 ikerketan diharduten zentro izan dira (Europako sei herrialdetakoak: Italia, Erresuma Batua, Turkia, Eslovenia, Portugal eta Euskal Herria —Mondragon Unibertsitatea—), eta bakoitzak berdintasun-plan bat diseinatu eta martxan jarri du bere erakundean. Horretarako, genero-berdintasunean adituak diren bi erakunde izan dituzte bidaide, tartean Elhuyar Aholkularitza.
Bost eremutan eragin du proiektuak: erabaki-guneak; profesionalak eta karrera akademikoa; lana eta bizitza pertsonalaren arteko bateragarritasuna; ikertzaileen eta ikerketaren genero-parekidetasuna eta genero ikuspegia; eta hezkuntza.
Lau urteko bidean, erakunde bakoitzak aukera izan du ikusteko hartutako berdintasun-neurrietatik zein izan diren eraginkorrenak. Haiekin, jardunbide onenen zerrenda bat osatu dute. Askotariko neurriak izan dira, eta alde handia dago erakunde batzuek eta besteek nabarmendutako ekintzen artean: batzuek egiturak sortzeari eta erakundea baliabidez hornitzeari eman diote garrantzia; beste batzuek langileak trebatzen egin dute indar handiena; eta, beste batzuek, berriz, sentsibilizazioan eta komunikazioan.
Horrez gain, sortutako baliabide guztiak eskuragarri jarri ditu PLOTINAK. Horien artean daude berdintasun-planak ezartzeko tresnak (Formative Toolkit, ingelesez), lau urratsetan banatuta: genero-auditoriak, berdintasun-planak diseinatzeko baliabideak, plana arrakastaz ezartzeko aholkuak, eta hartutako neurriek emandako emaitzak ebaluatzekoak.
Genero-berdintasunaren arloan lanean dabiltzan beste kide batzuekin esperientziak partekatuz, gogoeta eginez eta etorkizunerako erronkak identifikatuz amaitu da proiektua, azken biltzarrean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia