Emakumezkoen esku-hartzea zientzian
2002/12/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
“Neskatoak ikastetxera bidali eta, mutikoekin egiten den bezala, neskei ere zientziak irakasteko ohitura egongo balitz, neskek perfekzioz ikasi eta ulertuko lituzkete arte eta zientzia guztien gakoak, mutikoek bezala… izan ere, gauza batzuk egiteko emakumezkoek gizonezkoek baino gorputz delikatuagoa, ahulagoa eta traketsagoa duten arren, aplikatzen dutelarik, zorrotzagoa eta askeagoa dute ulermena… Iritsi da gizonezkoen lege zorrotzek emakumezkoei zientziak eta gainerako ikasgaiak ikastea galarazteari uzteko unea” idatzi zuen Christine de Pizan-ek 1405ean argitaratu zen Cité des dames obran.
Christine de Pizan izan zen emakumezkoek ikasteko eskubidea zutela defenditu zuen lehena. Mende bat geroago, Juan Luis Vives eta Roterdameko Erasmo humanistak ere ideia horren alde azaldu ziren, nahiz eta emakumezkoen eskubideak defendatzeko baino gehiago, amei haurrak hezteko baliagarri suerta lekiekeelako egin zuten.
Christine de Pizanen ideiak defendatu zituzten emakumezkoen izenen artean, besteak beste, Diego Ortúñez de Calahorra-ren El espejo de los hechos de los príncipes y de la caballería (1578) ingelesera itzuli zuen Margaret Tyler dago. Liburuaren aitzin-solasean, emakumezkoek ikerketarako eta idazteko gizonek adinako gaitasuna dutela, eta, ondorioz, horretarako eskubidea dutela zioen. Hamar urte geroago argitaratu zen Boke his Surfeit in Love liburuan, Jane Anger idazleak emakumezkoak zozoak, lizunak, eta gutxiago direla pentsatzen zutenei eraso egin eta iraindu egin zituen. Ildo beretik, María de Zayas y Sotomayor (1590-1661 edo 1662) espainolak emakumezkoak “gutxiago” izatearen arrazoia gizonezkoen errukirik ezari egotzi zion eta emakumezkoak giltzaperatu eta irakaslerik gabe uztea tirania dela esan zuen.
Giro horretan, goi-mailako klaseko emakumezkoak jakintzara hurbiltzen joan ziren. XVII. mendeko iraultza zientifikoaren garaian irudi berri bat ere sortu zen: scientific lady edo la femme savante . Emakumezkoen hezkuntza mendebaldeko eztabaida-puntu bihurtu zen eta horren erakusle da garai hartako literatura (Ikus Molière-ren Femmes savantes edo Les précieuses ridicules ). Querelle des femmes izenarekin ezagutua den eztabaidan emakumezko jantziek hartu zuten parte eta, haien esperientzian oinarrituta, hezkuntzarako eskubidea aldarrikatzen jarraitu zuten.
Emakumezko batzuek agintariekin ere izan zituzten arazoak. Horietako bat Madame de Châtelet izan zen. 1749an, bere 11 urteko semeari fisika irakasteko grinak harturik, Institutions de physique liburua argitaratu zuen, egilearen izenik eman gabe. Liburu horrekin, XVIII. mendeko fisikan aditua zela erakutsi zuen, baina hilabete batzuez bere irakasle izan zen Samuel Koenig-ek “klaseko nota batzuk kopiatu besterik ez du egin” esanaz, liburua berea zela aldarrikatu zuen. Voltaire eta Maupertius idazleak Madame de Châteleten alde jarri ziren, baina Prusiako erregeak Koenigi sinetsi zion eta liburua faltsua zela esan zuen.
Zientziaren hastapenak eta dibulgazioa emakumezkoen esku
Ikasteko zailtasunak zailtasun, zientziaren historia ofizialean pixka bat arakatuta emakumezko bat baino gehiago topa daiteke. Hala ere, emakumezkoen arteko elkartasuna ezkutatu eta zientzia-gaiak ulertzeko gai ziren emakumezkoak bakanak izan direlako ideia zabaldu du historia ofizialak.
Alta, ogiaren ekoizpenean, elikagaien prestakuntzan eta kontserbazioan, zeramikan eta oihalak koloreztatzean sar zitezkeen prozesu kimikoak menderatzen lehenak emakumezkoak izan ziren. Halaber, agintariek sorgintzat hartu bazituzten ere, belar sendatzaileak bildu eta sailkatuta mendebaldeko medikuntzaren hastapenetan jardun zuten emakumezkoek.
Alkimia, mundu akademikotik urrun, emakumezkoek landutako gaia da. Horixe adierazi zuen alkimiaren aitatzat jotzen den Parascelsok zekien guztia sorginengandik ikasia zuela aitortzean. Alkimiaren sortzailea eta erabiltzen ziren metodoen eta aparatuen deskribapenak egiten lehena María la Judía (III. mendea) izan zen. Hari zor diogu Maria bainua.
Alkimiak sendagaien, kosmetikoen eta xaboien ekoizpenari loturiko ezagutza praktikoa ekarri zuen eta, horretarako, emakumezkoek sukaldean erabiltzen zituzten metodo, aparatu eta substantziak erabili zituzten. Tratatu alkimistetan deskribatzen ziren operazioak, fusioa, kaltzinazioa, disoluzioa, filtrazioa, kristalinizazioa, eta ordura arte deskribatu ez zen distilazioa izan ziren.
Ikasteko aukera izan zuten emakumezkoek, gainera, zientzia-dibulgazioan ere jardun zuten, —maiz, emakumezkoentzat idazten zuten, gainera— jakintzak guztion esku egon behar duela ulertzen baitzuten. Zenbait liburuk arrakasta handia izan zuten, hala nola, Marie Meurdrac-en La Chymie charitable et facile en faveur des dames (1666) eta Jane Marcetek anonimatuan argitaratu zuen Conversations on Chemistry (1805) liburuek.
Zenbait izen aipagarri
Zientzia boterearekin lotu eta emakumezkoei ikastea eta ikertzea debekatu zitzaienez gero, izen gutxi agertzen dira zientziaren historian; batzuetan, senarraren edo ikerketa-taldeetako gizonezkoen itzalpean gelditu dira eta besteetan, gizonezko izenekin izenpetzen zituzten beren lanak.
Senarraren itzalean geratu direnen artean ezagunenetako bat Theano (K.a. VI. mendea) Pitagorasen emaztea izan zen. Theano filosofoa, matematikaria eta sendagilea izan zen eta Pitagoras hil zenean, senarraren izena zuen ikastetxea zuzendu zuen. Zoritxarrez, ordea, bertan egin ziren ikerketa guztiak Pitagorasen izenean izenpetu ziren, eta ia ezinezkoa da ikerketa bakoitzaren egilea identifikatzea.
Eta nork ezagutzen du Marie Anne Paulze (1758-1836) Lavoisierren emaztea? Senarrarekin batera, kimika modernoaren hastapenak finkatu eta, Lavoisier iraultza frantsesean gillotinatu ondoren, haren lanak argitaratzeaz arduratu zen. Hala ere, oso gutxi aipatu da haren lana.
Aipagarria da, halaber, Albert Einsteinen erlatibitatearen teorian haren lehen emaztea izan zen Mileva Maric-ek izandako parte-hartzea. Evan Harris fisikariak Einsteinek eta Maricek elkarri idatzitako eskutitzak ikertu ditu eta, haren ustez, baliteke Einsteinek 1905ean argitaratutako artikuluetan (1921ean Fisikako Nobel saria eman ziona tartean) Maricek orain arte uste baino parte-hartze handiagoa izatea.
Izan ere, 1901eko eskutitz batean hauxe idatzi zuen Einsteinek: "A zer nolako zoriona eta harrotasuna izango ditugun mugimendu erlatiboari buruzko gure lanaren emaitza arrakastatsua lortutakoan". Einsteinek "gure lana" edo “kolaborazioa” aipatzen dituen beste hamar adibide daude. Gainera, dibortziatu zirenean, Einsteinek etorkizunean irabaz zitzakeen sarien irabaziak emazte ohiak ere jasoko zituela hitzartu zuten eta horrela egin zuten 1921ean Einsteinek Nobel saria irabazi zuenean.
Magda Staudinger-ek ere, 1920an, bere senar Hermann-ekin makromolekularen kontzeptua garatu eta polimerizazioaren mekanismoa azaldu zuen arren, Nobel saria Hermanni bakarrik eman zioten, 1953an.
Ikerketa-taldeko kideek gutxietsi eta horien itzalean gelditu den XX. mendeko emakumezko zientzialari ospetsuenetako bat Rosalind Franklin (1920-1958) da. DNAren egitura aurkitu zuen laukoteko kide izan zen. Lan horregatik, berak ez beste hiru taldekideek Nobel saria irabazi zuten 1962an. Rosalinen partaidetza funtsezkoa izan zen arren, gutxietsia izan zen, lankideek, batez ere Maurice Wilkins-ek, laguntzailetzat hartu baitzuten. Rosalind Franklinen lanek bide eman zieten James Watsoni eta haren kolaboratzaileari (Francis Crick) DNA molekularen egitura helikoidala aurkitzeko, Watsonen ikerketaren akatsak zuzenduz.
Beste emakumezko batzuek gizonezko-izenen atzean ezkutatu izan dute beren izena. Salernoko Trotulak, adibidez, XI. mendean, emakumezkoen gaixotasunei buruzko tratatu bat ( Passionibus mulierum ) idatzi zuen, baina 1566ko argitalpen batean Eros Juliae gizonezko-izenarekin agertu zen. Sophie Germain (1776-1831) matematikariak M. Le Blanc izenez izenpetzen zituen lanak. Hala ere, 1816an, bere izenean irabazi zuen Frantziako Zientzia Akademiaren Sari Handia, gainazal elastikoen bibrazioen azalpenagatik.
Estatistikak diskriminazioaren lekuko
XX. mendean sartzearekin batera, zientzia-gaietan emakumezkoen presentzia eskasaren eragileak aztertu dira. Presentzia ahul horren lekuko dira, Estatu Batuetan 1981etik eta Europan 1999tik, generoa kontuan hartuta egin diren ikerketa estatistikoak.
Estatu Batuetako datuak National Science Foundation erakundeak batzen ditu, eta maiztasun jakin batekin jakinarazten du Kongresuan emakumezkoek zientzia- eta teknologia-arloko zenbat postu betetzen dituzten.
Europan, Europako Batzordearen eskariz, 1999an, "Europako Batasunean: guztien onerako, gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasuna sustatu" izenburua duen eta ETAN izenarekin ezagutzen den txostena aurkeztu zen. Hortik lekora, Europako Batasuneko herrialdeetako 30 ordezkarik, guztiak emakumezkoak, Helsinkiko taldea sortu zuten.
Bai Estatu Batuetan eta bai Europan, zientzia- eta teknologia-arloetan emakumezkoen presentzia, oraindik orain, ahula dela nabarmentzen da. Estatu espainolean, Europako gainerako herrialdeetan bezalatsu, batxilergo teknologikoetan % 13 dira emakumezkoak eta ingeniari-ikasketetan, kasurik onenean, % 25.
Helsinkiko taldearen txostenak dio sexuan oinarritutako diskriminazioa zientzia-arloko ibilbide profesionalen ezaugarri bat dela. Izan ere, ikasle asko emakumezkoak diren ikasketetan, hierarkia akademikoan gora egin ahala emakumezko gutxiago aurkitzen da.
Adibidez, emakumezkoak unibertsitateetako irakasle titularren % 13-18 soilik dira diskriminazio gutxi dagoela esaten den herrialdeetan, (Finlandia, Frantzia eta Espainia); Herbehereetan, Alemanian eta Danimarkan % 6,5 baino gutxiago dira.
Katedratikoak diren edo ikerketan diharduten irakasleen artean, berriz, ehunekoa are eskandalagarriagoa da. Unibertsitateetan ez ezik, gainerako lantegietan ere emakumezkoek goi-karguen % 10 baino gutxiago betetzen dituzte, nahiz diploma unibertsitariodunen erdiak emakumezkoak izan. Paloma Alcala Cotijo zientziaren eta generoaren erlazioan adituak dioenez, emakumezkoak maila gorenera heltzeko gizonezkoek baino 16-20 urte gehiago pasatzen dituzte, batez beste.
Gainera, gizonezkoak goi-kargu gehienak betetzen dituztenez, medioetan haiek aipatzen dira gehien, eta gizarteak uste du zientzia- eta teknologia-ikerketak gizonezkoen lana direla.
Baina ez da harritzekoa goi-karguetan hain emakumezko gutxi egotea. Izan ere, 1997an Nature aldizkarian argitaratu zen ikerketa baten arabera, gizonezkoek bi aldiz aukera gehiago zituzten emakumezkoek baino doktoretza-ondoko beka bat lortzeko. Jakitera eman zutenez, ebaluatzaileek, gizonezko izateagatik soilik, hogei argitalpen zientifikoren abantaila ematen zieten gizonezkoei.
Bestalde, ezin aipatu gabe utzi herrialde askotan, oraindik ere, emakumezkoek ez dutela ikasteko eskubiderik eta, beraz, ezinezkoa dela desoreka haustea.
Egoera horren eragileak
Eragileen artean, erabaki politikoen eta zenbait faktore sozialen, ohituren esate baterako, garrantzia azpimarratzen da, bai Estatu Batuetan eta bai Europan.
Europako txostenak salatu zuenez, ikerketarako beka gehienak haur gabeko ezkongabeei zuzenduta daude eta horrek ama guztiei ikerketarako ateak ixten dizkie. Gainera, denbora luze bateko etenaldiaren ondoren, (amatasun-baja hartu ondoren, esaterako) ikertzaileek lan-taldean integratzeko zailtasunak izaten dituzte.
Integratzeko zailtasunak, dena dela, ez dira lan-taldetik at denbora luzea pasa ondoren bakarrik gertatzen. Emakumezkoak eztabaida-talde informaletan ere ez dira erraz sartzen. Pairatzen duten bakartzea eta elkartasun-eskasia ordezkaritza ahul horren ondorio eta, aldi berean, oinarri da, txostenean argitaratu zenez.
Henriette Bolton-ek emakumezko zientzialariei buruz zera idatzi zuen Popular Science Monthly aldizkarian: “Arau orokor bezala, zientzietako emakumezkoak bere kabuz moldatzeko aski indartsua izan behar du eta beren jarduera-eremutzat dutena inbaditua ikustean jeloskor sentitzen diren gizonezkoen sarkasmoa, antipatia eta, maiz, injustizia jasateko gai izan behar du.”
Ondorioz, zientziak gaitasun handiko jendea galtzen duela eta desoreka horrek zientzia gizartera hurbiltzea zailtzen duela nabarmendu zen Europako txostenean. Philippe Busquin komisarioaren esanean, «datuek argi uzten dute emakumezko zientzialariak goi-mailako postuetan ez direla aski ordezkatuak. Lehenbailehen heldu behar zaio gaiari emakumezkoek zientzian duten lekua eta eginkizuna hobetu eta Europako ikerketa indartzeko».
Helsinkiko taldeak bi taldetan banatzen ditu hartu beharreko neurriak. Batetik, emakumezkoak haien ibilbide profesionalean sustengatu behar direla eta botere gehiago izan behar dutela nabarmendu zen eta, bestetik, hezkuntzan, erabakiguneetan, lan-politikan eta ikerketarako politika-prozesuetan emakumezkoen parte-hartzea bultzatu behar dela.
Ildo horretatik, 2002tik 2006ra gauzatuko den Europako Batasuneko 5. esparru-programan, emakumezkoen parte-hartzea % 40koa izatea nahi zuen Europako Batzordeak. Helburua ez zen osoki bete, baina 4. Programan baino ehuneko altuagoa lortu zen.
Bestalde, zientzia-gaietako ikasle-kopuruaren beherakada ikusirik, indar berezia egingo da gazteak, eta bereziki neskak, zientzia-arloetara erakartzeko eta ikasketa zientifikoan mugikortasunaren faktorea mugatzeko.
Gainera, aurrerantzean, emakumezkoen presentzia ongi neurtu ahal izateko, Helsinkiko taldeak zientzia eta teknologiari buruzko datu estatistiko guztietan generoa derrigorrezko datu izatea eskatu du.
SARIA | NOIZTIK | SARITU-KOPURUA | EMAKUMEZKO SARITU-KOPURUA |
Nobel sariak: Frantzia | 1901 1901 1901 1981 1954 | 141 168 178 37 55 | 3 2 6 0 2 |
Unibertsitate eta zientzia-akademietako kide izateko eskubidea
XIX. mendearen bigarren erdia izan zen emakumezkoen ikasteko eskubidearen aldarrikapenaren bigarren epe historikoa. Garai horretan, ezagutza orokorraz gain, maila altuagoko hezkuntza-instituzioetan, hala nola, unibertsitateetan eta akademietan, parte hartzeko aldarrikapena egiten zen eta horretarako estrategia bat baino gehiago landu zuten.
Horietako bat emakumezkoen college -ak edo laborategiak sortzeko dirua ematen zuten emakumezko estatubatuarrena zen. Emakumezko horiek dirua ematen zieten lehenik entzuteko, gero lizentziatzeko eta azkenik doktoretzarako emakumezkoak onartzen zituzten zentroei.
Emakumezkoentzako zentroetan, bestalde, zientzia ikasteko oso material gutxi zuten. Horren erakusle dira, 1920an, Madrilgo Residencia de Señoritas-era joan zenean, Mary Louise Foster-ek egin zituen aldaketak. Farmazia ikasten zuten neska gazte gutxientzat, kimika ikastea ikasliburua ikastea baino zerbait gehiago izan zedin, laborategi bat eta kimikako hiru kurtso antolatu zituen: analisi kualitatiboa, kuantitatiboa eta doktoretzako kurtso aurreratua.
Unibertsitateei dagokienez, XIX. mendetik aurrera, batak bestearen atzetik onartu zituzten emakumezko ikasleak. Suitza izan zen pausoa luzatu zuen lehena 1860ko hamarkadan; ondotik, Britainia Handiak eta Italiak (1870), Frantziak (1880), Alemaniak (1900) eta Espainiak (1910) eman zuten pausoa. Cambridge bezalako unibertsitateek, hala ere, 1947 arte mantendu zuten diskriminazioa.
Zientzia-akademia gehienetan, unibertsitateetan baino geroago onartu ziren emakumezkoak kide gisa, baina ez babesle gisa. Berlingo Akademian, esaterako, 1700ean Sofía Carlota Prusiako erreginaren babesean sortu bazen ere, 1964an izendatu zuten Liselotte Welskopft lehen emakumezko kidea. San Petesburg-eko Zientzia Akademia ere Catalina I.a, Ana eta Catalina Handia enperatrizen babesarekin sortu zen, baina XIX. mendearen amaieran onartu ziren emakumezkoak.
1799an sortu zen Britainia Handiko Errege Institutuan, berriz, diru-sarrerak kide-kopuruaren araberakoak zirenez gero gizonezko zein emakumezkoak onartzen zituzten. Horri esker, emakumezko eleganteak instituzioko konferentzietara joan zitezkeen.
Horrelako mendekotasunik ez zuten gainerako akademia gehienetan diskriminazioa izan da nagusi. 1666an sortu zen Frantziako Zientzia Akademian, adibidez, 1979an izendatu zuten lehen emakumezko kidea, Yvonne Choquet-Bruhat. 1740 inguruan, Madame de Châteletek garai hartako akademiako idazkari zen M. Mairan-ekin eztabaida zientifikoa izana zuen, baina ez zuten akademiako kide izendatu, M. Mairanek ez baitzuen onartu emakumezko batekin zientzia-gai baten inguruan eztabaida publikorik izatea.
Espainian ere oso berandu onartu ziren emakumezko kideak. Farmazia Akademian, esaterako, 1987an izendatu zuten lehen emakumezko kidea, María Cascales. Eta Zientzia Zehatzen, Fisikaren eta Natur Zientzien Errege Akademiako sarrera-hitzaldia irakurri zuen lehen emakumezkoa Margarita Salas izan zen, 1988an.
1827 eta 1833 bitartean sortu ziren Londreseko Elkarte Botanikoa, Elkarte Zoologikoa eta Entomolgia Errege Elkartea izan dira sorreratik emakumezkoak onartu dituzten akademia bakarrenetakoak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia