}

Elhuyarren teknologia nazioartean garaile

2020/09/29 Elhuyar Zientzia

Elhuyarreko I+Gko lantaldeak hiru sari irabazi ditu azken bi hilabeteotan. Bi bideomedikuntza-arlokoak eta bestea zuzenketa gramatikalen arlokoa.
elhuyarren-teknologia-nazioartean-garaile

Bideomedikuntza-arlokoak, zehazki, SARS-CoV-2 birusak (COVID-19 gaitzaren eragileak) eragindako pandemiaren aurrean Elhuyarrek egin duen ahalgin bereziaren ondorioz datoz, ikerketak eta garapenak alor horretara bideratu baitu. Ildo horretan, osasungintzarako itzultzaile automatiko neuronala (ingelesa-euskara) garatu du, eta lehen postuan sailkatu da Biomedical Translation Task izeneko nazioarteko sistemen arteko lehiaketan.

Horrez gain, AEBko NIST institutuak antolatutako lehiaketa batean, artikulu zientifikoetan COVID-19arekin lotutako kontsultak egiteko bilatzaile neuronal bat aurkeztu du, eta bigarren sailkatu da sistemarik onenen artean, 28 lehiakideren artetik.

Hizkuntza-kalitatearekin lotutako sistemetan ikertzen ere jarraitzen du, eta, une honetan, sare neuronaletan oinarritutako zuzentzaile gramatikal bat lantzen ari da Elhuyar euskarazko testu idatzietarako. Bada, irailaren 23an, Sociedad Española para el Procesamiento del Lenguaje Natural (SEPLN) elkartearen kongresuan aurkeztu zituen gure ikerkuntzaren nondik norakoak, eta artikulurik onenaren saria eskuratu du.

Irabazitako hiru sari horiek argi erakusten dute Elhuyarrek egiten duen ikerkuntza eta haren emaitza den teknologia punta-puntakoak direla, eta frogatzen dute teknologia horiek arrakastaz aplika daitezkeela hainbat arlotan, hala nola biomedikuntzan eta hizkuntzaren erabileran.

Elhuyar ez da berria adimen artifizialaren alorreko teknologien eremuan, ibilbide luzea du ikerkuntzan eta garapenean. Dagoeneko 100 artikulu zientifikotik gora argitaratu ditu, 10 soluziotik gora garatu, eta neurrira egindako hainbat proiektu gizarteratu ditu.

Ildo nagusiak hauek dira: itzulpen automatikoa (itzultzailea.eus), hizketaren prozesamendua (ahotsaren sintesia, transkripzio automatikoa), bilaketa-sistemak, ezagutza erauzteko sistemak eta hizkuntza-tresnak (adibidez, zuzentzaile automatikoa).

Ikerketa-arlo horietan guztietan sare neuronal sakonak erabiltzen ditu, eta eraginkortasun goreneko teknologiak lortzen ditu. Elhuyarrek garatutako teknologiak hainbat sektoretan aplika daitezke: marketina, kazetaritza, banketxeak, humanitate digitalak... Gainera, euskararako ez ezik, beste hizkuntza batzuetarako soluzioak ere proposatzen ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia