}

COVID-19ak ekonomian izan ditzakeen epe laburreko ondorioez ahazteko eskatu du The Lancet-ek

2020/03/23 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ekonomian-izan-ditzakeen-epe-laburreko-ondorioez-a
Arg. Wikipedia

The Lancet medikuntzako aldizkariak gogor jo du hainbat herrialdetan SARS-CoV-2 birusa ez zabaltzeko hartzen ari diren neurri eskasen aurka. Editorialean adierazi dutenez, gobernuek hartutako neurriak motelegiak eta eskasak izan dira, kasu askotan. Arriskuak hartu eta modu erabakigarriagoan jokatzeko eskatu die politikariei: haien irudi publikoak eta ekonomiak jasan ditzakeen epe laburreko ondorioez ahaztu, eta gizateriaren osasunak eskatzen duen erantzukizunez joka dezatela.

Gogorarazi du, bide batez, Osasunaren Mundu Erakundeak berak aholkatu zuela birusaren zabalkundeari erantzuteko protokoloen maila gorena aktibatzeko. Eta eskatu die kontuan har dezatela, birusa zabaltzen ari den bezala, zer nolako erronkari egin beharko dioten aurre herrialde pobreek izurrite honekin, dituzten baliabide eskasekin.

Gobernu bakoitzak erabaki beharko du non ezartzen duen neurrien inplementaziorako muga, The Lancet-en arabera. Balantzan jarri beharko ditu hartzen diren arrisku etiko, sozial eta ekonomikoak eta osasunerako ekarriko dituen onurak. Baina gogorarazi die neurri oso zorrotzak behar izan direla Txinan, milaka pertsonaren bizitza salbatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia