}

Generoa, aintzat hartzeko aldagaia COVID-19 agerraldiaren eraginean

2020/03/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

generoa-aintzat-hartzeko-aldagaia-covid-19-agerral
Guangzhouko azoka, 2020ko otsailean. Arg. Zhizhou Deng

Dauden datu epidemiologikoen arabera, COVID-19aren eragina ez da berdina emakumeen eta gizonen artean. Txinako datuek erakutsi dute gizonei gogorrago eragiten diela, batetik, emakumeen immunitate-sistema indartsuagoa delako koronabirus berriaren aurrean, eta, bestetik, generoari lotutako portaera ere kaltegarriagoa delako gizonen artean (bereziki, erretzea). Horrenbestez, letalitatea handiagoa izan da gizonetan, emakumeetan baino.

Alabaina, beste alderdi batzuk ere kontuan hartu behar direla ohartarazi du Generoaren eragina eta COVID-19a ikerketa-taldeak The Lancet aldizkarian. Britainia Handiko, AEBko, Kanadako, Australiako, Hego Afrikar Errepublikako, Indonesiako eta Brasilgo ikertzaileek osatzen dute taldea, eta, haien esanean, neurri egokiak ezartzeko ezinbestekoa da generoaren eragina osotasunean aztertzea.

Hain zuzen, emakumeetan letalitatea txikiagoa izanik ere, birusarekin infektatzeko eta hura transmititzeko arriskua handiagoa da gizonetan baino, osasun-langile gehienak emakumeak baitira (Hubein, adibidez, % 90 baino gehiago). Horrez gain, etxeko zaintza eta soldatapeko lan-banaketa ere generoaren arabera bereizita egoteak zaurgarriago egiten ditu emakumeak, haiek baitira zaintza-lan haiek beren bizkar gainean hartzen dituztenak. OMEK berak ere hala onartu du adierazpen batean. Mugimenduak mugatzen dituzten neurrien ondorioak ere narbarmenagoak dira emakumeetan. 

Ikertzaileek ebola- eta zika-izurriteetan gertatutakoa aipatu dute: emakumeen parte-hartzea erabakietan txikiagoa izan zen, ez zituzten bermatuta ugalketa-zerbitzuetarako eta sexu-osasunerako gutxieneko bitartekoak, eta, ondorioz, areagotu egin ziren amen eta haurren heriotzak.

Artikuluan salatzen dutenez, krisiari erantzun egokia emateko, beharrezkoa da emakumeen esperientzia eta ahotsa aintzat hartzea, baina, haien lana ezkutuan geratzen denez, ez daude behar adina ordezkatuta erabakigune globaletan, hala nola Etxe Zuriak eratutako taldean. Horregatik, dei egiten diete gobernuei eta erakunde globalei aintzat har ditzaten COVID-19an sexuak eta generoak duten eragin zuzena zein zeharkakoa.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia