}

CRISPR metodoan oinarritutako test azkar eta erraz bat garatu dute

2020/10/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

crispr-metodoan-oinarritutako-test-azkar-eta
Arg. Fernando Zhiminaicela/Pixabay

CRISPR genoma editatzeko metodoa erabilita, SARS-CoV-2 birusa bost minututan detektatzen duen test azkarra garatu dute Kaliformiako Unibertsitateko ikertzaileek, Jennifer Doudna Nobel saridunaren gidaritzanean. Testak ez du tresneria berezirik behar, edozein lekutan egin daiteke, eta orain arteko azkarrena da.

Lehen ere aurkeztu dituzte CRISPR metodoa erabiltzen duten testak. SARS-CoV-2 birusaren RNAren zati bat (20 base, gutxi gorabehera) identifikatzean oinarritzen dira. Zati hori COVID-19a eragiten duen birusaren berariazkoa da. Ikertzaileek RNA-zati horren osagarria den beste RNA-sekuentzia bat sortzen dute, birusarenarekin elkar dadin. Gero, CRISPRen Cas9 entzimak tarte hori ebakitzen du, eta, hori egitean, partikula fluoreszente bat askatzen du. Fluoreszentzia detektatzen bada, birusa dagoela esan nahi du.

Orain arteko CRISPR-testek lehenik RNA anplifikatzea eskatzen zuten, eta horrek denbora luzatzen zuen eta prozesua zaildu eta garestitu. Hori gainditzeko, probaren sentikortasuna areagotzeko ahalegina egin dute ikertzaileek, eta emaitza ona izan dute. RNA-sekuentzia osagarri batekin, birusa detektatu dute soluzioan mikrolitroko 100.000 birus egonda, eta, bi sekuentziekin, mikrolitroko 100 birus egonda.

Ikertzaileen esanean, sentikortasun hori nahikoa da birusa detektatzeko lagin klinikoetan, eta bost minutu baino ez ditu behar. PCR bidezko probak, berriz, orduak behar ditu emaitza emateko. Gainera, fluoreszentzia birus-kontzentrazioaren araberakoa da: hau da, karga birikoa zenbatekoa den adieazten du. Hori lagungarria izan daiteke, adibidez, pazientea nola tratatu erabakitzeko. Hurrengo pausoa merkaturatzeko baimena lortzea dela azaldu dute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia