Elhuyar zientziaren komunikazioa

Aurrerapauso handiak transplanteetarako organoen iraupenean eta sorreran

2014/07/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

aurrerapauso-handiak-transplanteetarako-organoen-i
Organoideak sortzeko teknologia azkar ari da garatzen. Arg. V. Altounian/Science

Transplantatzeko egokiak diren organoek denbora gehiago irauteko metodo bat garatu dute, arrakasta handiz. Oraingoz, arratoietan bakarrik probatu dute, gibelarekin, baina, ikertzaileen esanean, emaitzak oso itxaropentsuak dira.

Massachusettseko Ospitalean garatu dute metodoa, eta organoa izoztu gabe asko hoztean oinarritzen da. Berez, zientzialariak aspalditik saiatu dira organoak ahalik eta gehien hozten, haien iraupena luzatzeko, eta, aldi berean, izozteak eragiten dituen kalteak saihesten. Alabaina, saiakerek ez dute emaitza onik izan. Hala, organo bat pertsona bati hartu eta beste bati transplantatzeko, 12 ordu baino ez dituzte izaten sendagileek. Orain, ordea, badirudi organoak egoera onean iraunarazteko formula egokiarekin asmatu dutela.

Nature Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, gakoa glukosaren antzeko konposatu batean dago: 3-O-metil-D-glukosa. Horri esker, gibela -6ºC-tara gordetzea lortu dute, izoztu gabe.

Esperimentuan, hiru egunez kontserbatutako gibelak transplantatu zizkieten arratoiei. Emaitza: metodo berriaren bitartez kontserbatutako gibelak jaso zituzten arratoiek bizirik jarraitzen zuten hiru hilabete igaro ondoren; aldiz, ohiko metodoaren bitartez kontserbatutakoak jaso zituzten guztiak hil egin ziren.

Metodoa giza organoentzat egokia dela frogatzen bada, kalkulatu dute urtean 5.000 organo gehiago transplantatzeko aukera izango dutela Estatu Batuetan.

Bestalde, zelula ametatik abiatuta organoideak (organoen zatiak) sortzeko metodoetan izandako aurrerapausoak biltzen dituen artikulu bat argitaratu dute Science aldizkarian.

Artikuluan, tiroidea, gibela, area, birikak, urdaila, hesteak, bihotza, muskulua, hezurra, giltzurruna, erretina, garuna, guruin pituitarioa, bularra, barne belarria eta larruazala laborategian sortzeko ikerketak zein egoeratan dauden azaldu dute.

Austriako Bioteknologia Molekularreko Institutuko bi ikertzaile dira egileak, eta aurrerapauso garrantzitsuak eman direla ondorioztatu dute; eta horrekin batera onartu dute oraindik zailtasunak dituztela baskularizazioan. Hala ere, laster, transplanteetan ez ezik, gaixotasunen bilakaera ikertzeko eta tratamenduak probatzeko ere erabilgarriak izango direla aurreratu dute.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia