Antibiotikoekiko erresistentea den tuberkulosiaren bilakaera historikoa
2015/02/02 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tuberkulosia eragiten duen bakterioaren aldaera gogorrenetako baten bilakaera historikoa aztertu du nazioarteko ikerketa-talde batek, haien DNAtik abiatuta. Ikusi dute bakterio horien populazioaren bilakaerak bat egiten duela gizateriaren historian izan diren hainbat gertakari garrantzitsurekin. Nature Genetics aldizkarian argitaratu dute lana.
Mycobacterium tuberculosis bakterioaren Beijing lerroa arazo gehien sortzen dituenetako bat da, beste lerro batzuen aurka eraginkorrak diren antibiotikoekiko erresistentea baita. Lerro horren eboluzioa ikertzeko, 99 herrialdetan jasotako 5.000 lagin aztertu dituzte. Eta ondorioztatu dute lerroa duela 6.600 urte inguru sortu zela, Txinako ipar-ekialdean. Data horrek bat egiten du Yangtze ibaiaren haranean arroza lantzen hasi zireneko lehen aztarna arkeologikoekin. Hain zuzen ere, aurreko beste ikerketa baten arabera, gaur egungo M. tuberculosis guztien arbasoaren hedapena ere nekazaritzaren hasierarekin lotuta dago (Mesopotamia eta Niloren delta, duela 10.000 urte).
Ikertzaileen arabera, Zetaren Bideak lagunduko zuen Beijin lerroko lehen bakterio haiek hedatzen, eta baita gerora izandako txinatarren beste emigrazio-bolada batzuek ere. Bestalde, azken 200 urteetan lerroaren populazioak izan dituen gorabeherek bat egiten dute historiako gertakari garrantzitsuekin. Esaterako XIX. mendearen hasieran nabarmen gora egiten du bakterio-populazioak, eta horrek lotura zuzena izan lezake, ikertzaileen ustez, industria-iraultzaren eraginez hiriek izandako hazkundearekin. Gauza bera gertatzen da XX. mende-hasieran, Lehen Mundu Gerraren garaian. Gero, berriz, jaitsiera bat dator, 1960ko hamarkadan antibiotikoak erabiltzen hastearekin bat egiten duena. Eta azkenik, 1980ko hamarkadaren bukaera eta 1990ekoaren hasierako beste igoera batek bat egiten du hiesaren hedapenarekin eta Sobietar Batasunaren gainbeherarekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia