Almidoitik eratorritako mikroplastikoak kaltegarriak izan litezke osasunerako
2025/04/10 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Almidoiarekin egindako plastiko biodegradagarrietatik sortutako mikroplastikoek saguen osasuna kaltetzen dutela ikusi dute esperimentu batean. Ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa dela bioplastikoen segurtasuna hobeto ikertzea, haien erabilera handitzen jarraitu aurretik, batez ere elikagaien ontziratzean.
Mikroplastikoen arazoa konpontzeko premia sobera argi utzi dute azken hogei urteetan egin diren milaka ikerketak. Animalien eta gizakien hainbat ehun eta organotan topatu dira, baita garunean ere. Eta gero eta ikerketa gehiagok iradokitzen dituzte osasunari egiten dizkioten kalteak. Arazoari aurre egiteko irtenbide on bat izan daitekeelakoan, bioplastiko biodegradagarrien alde egiten da, gero eta gehiago. Gehienak, almidoian oinarritutakoak dira. Baina horietatik ere sortzen dira mikroplastikoak, eta horiek osasunean zer eragin izan dezaketen ia ikertu gabe dago oraindik.
Ikerketa honetan, bost saguko hiru talde alderatu dituzte: talde batek janari normala jan zuen eta beste bi taldeek almidoitik eratorritako mikroplastikoekin kutsatutako elikagaiak, dosi txikian eta handian. Dosiak gizakiok egunero batez beste barneratzen dugunetik abiatuta kalkulatu zituzten. Hiru hilabetera, animalien organo ehunak, funtzio metabolikoak eta hesteko mikrobiotaren aniztasuna ebaluatu zituzten.
Hala, almidoian oinarritutako mikroplastikoak hartu zituzten saguetan hainbat kalte atzeman zituzten. Batetik, ikusi zuten gibelean, hesteetan eta obulutegietan infiltratu eta lesioak eragiten dituztela. Bestetik, odoleko glukosa-mailaren erregulazioan eta lipidoen metabolismoan eragin zuen; glukosa-mailak handitu egin ziren, triglizeridoetan anomalia esanguratsuak topatu zituzten, eta gibeleko estres oxidatiboa ere handitu egin zen. Eta azkenik, desorekak atzeman zituzten hesteetako mikrobiotan eta erritmo zirkadianoetan.
Ikertzaileek aitortu dute, mikroplastiko-mota horrekin egiten den lehen ikerketetako bat denez, ikerketa gehiago egin behar direla partikula biodegradagarri horiek gorputzean nola degradatzen diren ulertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia