}

Aireko mikroplastikoek eguraldian eragin dezaketela iradoki dute

2023/11/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

aireko-mikroplastikoek-eguraldian-eragin-dezaketel
Egunsentia, Tai mendiaren tontorretik Arg. AlexHe34/CC BY-SA 3.0

Txinako Tai mendiaren gaineko hodeiak analizatuz, ikertzaileek frogatu dute mikroplastikoak dituztela, eta, eredu matematikoak erabilita, ondorioztatu dute mikroplastiko horiek hodeiak sorrarazteko gai direla, eta, beraz, eguraldian eragiten dutela.

Environmental Science &Technology Letters aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Lanean, analisien emaitzak eman dituzte. Besteak beste, zehaztu dute mikroplastikoak ugariagoak direla garaiera txikian dauden hodei dentsoetan; gehienak polimero arruntenak direla, eta 100 mikrometro baino txikiagoak direla. Partikula zaharrenek, bestalde, berun, merkurio eta oxigeno gehiago dute erantsita azalean, eta horiek dira hodeiak sortzeko ahalmen handiena dutenak, ikertzaileen esanean.

Ondorio horretara iristeko, laborategiko esperimentuak egin dituzte, eta eredu konputazionalak ere erabili dituzte, mikroplastikoek egiten duten bidea aztertzeko. Haien arabera, mikroplastikoen ohiko jatorria lur lehorreko eremu populatuak dira, ez horrenbeste itsasoa edo gertuko beste mendi batzuk.

Ikertzaileek onartu dute ikerketa gehiago behar direla mikroplastikoek hodeien sorreran eta eguraldian nola eragiten duten jakiteko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia