}

AEBko behitegietan izaten ari den hegazti-gripearen agerraldia, zorrotz zainduta

2024/04/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

aebko-behitegietan-izaten-ari-den-hegazti-gripeare
Haragi ez-ekologikoan, egungo prezioarekiko % 146ko gainkostua ezarri beharko litzateke. Arg. RitaE/Pixabay

Ikertzaileak eta arduradunak zorrotz ari dira zaintzen hegazti-gripea behitegietan eragiten ari den agerraldiak. Izan ere, (HPAI) A(H5N1) birusa lehen aldiz ari da zabaltzen ganaduan, eta jada AEBko sei estatutako behitegietara hedatu da. Pertsona bat ere kutsatu dela jakinarazi dute; aldi berean, baieztatu dute gizakiak infektatzeko arriskua txikia dela.

Nature aldizkariaren arabera, ikertzaileak kutsadura-katea argitu nahian dabiltza. Bestalde, txerto eta botika antibiral egokienen bila ere badabiltza, baita pertsonetan azkar diagnostikatzeko testak eguneratzen ere. 

2021etik hegazti-gripea mundu osoan ari da hedatzen, eta ugaztunetara ere iritsi da, hartz polarrak kutsatzeraino. Gertuago, bisoi-haztegietan izandako agerraldiek kezka piztu dute, adibidez, Galizian izandakoak; izan ere, Eurosurveillancek ohartarazi zuenez, bisoi-haztegiek aukera ematen diote birusari mutatzeko eta gizakiak batzuk infektatzeko gaitasun handiagoa izateko.

Ganaduan, aurkitu izan dute behi bakanen bat infektatuta. Orain arte, ordea, ez dira izan agerraldiak behitegietan, eta, gainera, behitegietako bateko langile bat ere kutsatu da, CDC AEBko Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako zentroak baieztatu duenez. Horrenbestez, prebentzio-neurriak zorroztu dituzte: hildako edo infektatutako animalietara ez gerturatzea babesik gabe; ez kontsumitzea esnea gordinik ez harekin egindako produktuak…

Bitartean, oraindik ez dute argitu hegazti-gripearen birusa behitik behera transmtitu ote den eta nola. Science aldizkarian iradoki dute, agian, birusa ez dela behitik behira airez transmititu, baizik eta esneak kutsatutako tresnen bidez. Izan ere, infektatutako behietan egindako laginketetan, ez dute aurkitu birusa erreplikatzen ari delako ebidentziarik, errapeetan izan ezik. 

Prebentzio-neurriak zorrozteaz gain, AEBetik kanpo ere behitegiak eta bestelako haztegiak monitorizatzea gomendatu dute arduradunek, agerraldiei aurre hartzeko. Bereziki kezkatzen ditu zerriak kutsatzea, A gripearen aldaera ugari baitituzte; hegazti-gripearen oraingo aldaeraz infektatuz gero, aukera izango luke birusak nahasteko, eta gizakiontzat eta beste espezieentzat arriskutsuak diren aldaerak sortzeko.

Adituek gogorarazi dute Osasun Bakarra dela zoonosiak prebenitzeko estrategiarik egokiena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia