}

Zulakariari beldurrik ez dion arroza

2002/09/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zulakaria ( Chilo supressalis ) arroz-sailen etsai nagusia da. Haren aurka egiteko hainbat metodo erabiltzen dira, baina ez da lan erraza; Ebroko deltako sailetan bakarrik, 3 milioi euro gastatzen dira urtean zulakariaren aurkako borrokan.

IRTA Kataluniako Nekazaritzako Ikerketa eta Teknologia Institutuko Ebroren deltako Ikerketa Estazioan intsektu horren aurkako metodo merke eta eraginkorren bila ari dira, eta, hain zuzen ere, urrian amaituko dute zulakariaren aurrean erresistentea den arrozari buruzko egitasmoa. Egitasmoa 1999an hasi zen eta ERRI (Intsektuen aurrean erresistentzia lortzeko landare-ingeniaritza) Europako ikerketa-proiektuaren barruan dago.

Zulakariaren aurrean erresistentea den arroza lortzeko, Bacilus thuringiensis bakterioaren gene batzuk sartu dituzte arrozaren DNAn, hau da, landarea genetikoki eraldatu dute. Bakterio hori intsektizida natural moduan erabiltzen da, eta haren geneak dituen arrozak zulakariari aurre egiteko gaitasuna du. Gainera, erresistentzia ematen duten gene horiek intsektuak erasotzen duenean bakarrik adierazten dira, eta kaltetutako zatian soilik.

Duela gutxi, nekazaritzan bioteknologia erabiltzearen alde dagoen ANTAMA taldeak jardunaldi bat antolatu zuen Ebroko deltan, eta, han azaldu zutenez, nekazarik arroz hori landatzeko baimena izan nahi dute. Izan ere, landare horri esker, gastu gutxiagorekin uzta ugariagoa izatea espero dute. Ikertzaileen esanean, genetikoi eraldatutako arrozaren eta arroz arruntaren artean informazio genetikoa trukatzea oso zaila omen da, arrozaren polena oso astuna delako (beraz, haizeak ez du oso urrutira eramaten) eta oso denbora gutxi irauten duelako.

Dena dela, gizarteak ez du oso begi onez ikusten genetikoi eraldatutako landareen nekazaritza, eta merkaturatu aurretik Europako Batasunak landatzea baimendu behar du.

Bestalde, gaur bertan jarriko da martxan Madrilen Osasun Ministerioaren Elikagaien Segurtasunerako Agentzia. Behi eroena gogoan hartuta, antzeko krisiei aurre hartzeko eta eguneroko elikagaien segurtasuna aztertzeko asmoa du Agentziak, eta, zalantzarik gabe, izango du zer ikertu eta zer erabaki genetikoki eraldatutako elikagaien inguruan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia