}

Zientziaren sorrera Grezian: Zientzia K.a. V. mendean

1986/06/01 Bandres Unanue, Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mundu grekoaren bi muturrek, sortaldekoek eta mendebaldekoek, hau da, joniarrek eta pitagoratarrek K.a. VI. mendean zehar errealitatearen egiturari buruz eztabaidatzen zuten.
Miron-en Diskoboloa.

V. mendean, aldiz, filosofiaren eta zientziaren arteko bereizketak nolabait urrats bat aurrera egin zuela esan dezakegu. Filosofoek, beren aldetik, beren pentsakeraren gaiaren esparruak gehiago mugatu, eta bide batez, sakondu egin behar izan zuten. Zientzia, berriz, bere mundu berezian gehiago zentratuko zen.

Zoritxarrez mende honetako idatz-testurik ia ez dago. Hala ere, dagoenarekin mendea hiru epe nagusitan sailka dezakegu: Eskola eleatarra, atomoaldekoa eta sofisten epeetan alegia. Baina, hauekin aritu baino lehen Heraklito eta Anaxagoraren emaitzak estudiatu beharko ditugu:

Efesoko Heraklitok K.a. 484. urtearen inguruan idatzi zuen. Zientzi gizon baino gehiago filosofo eta olerkari zen. Anaximandroren eta Anaximenen joera materialistak arbuiatu zituen. Bere eritzian, oinarrizko elementua eter-suaren antzeko zerbait zen; hots, nolabaiteko gogo-materiaren bat. Gauza guztiak elementu honen bitartez zeuden eginak eta berera itzultzen ziren. Munduan ikusten den aurkako fenomenoen betiko goibehea (hotza/beroa, bizia/heriotza, etab.) beti bizirik dagoen, esandako, suaren agerpena da. Gauza guztiak ordenuz higitzen dira eta eten gabe doaz: "panta rei".

Heraklitok, berez, ez zuen gauza berri gehiegirik ekarri eta gauzen aniztasuna eta erlatibotasuna ikusi bazuen ere, bere lana gauzen adierazpen arrazionaletik ihes egitea da.

Klazomenas-eko Anaxagora: Dirudienez, K.a. 499. eta 428. urte bitartean bizi izan zen. Nahiz joniarra izan, Atenara joan zen eta bertan hiriko gizon ospetsuena zen Perikleren laguntza lortu zuen. Han, Euklideren irakasle izan zen.

Anaxagorak Naturari buruzko lan bat idatzi zuen. Gaur egun, horren hiru orrialde baino ez dago. Bere eritzian, ezer ez da ez jaiotzen eta ez hiltzen. Dagoena, nahasketa eta deskonposaketa baino ez da. Unibertsoa hasieran neurrigabeko hazi-multzoa zen; adimenak, errotazio-higiduraren bitartez, itxuratu eta ordenatu zuen. Anaxagoraren pentsakerak ez du ia oinarri zientifikorik. Hala ere, astronomiari, biologiari, anatomiari eta medikuntzari buruz aritu zen.

Eskola eleatarra: Hego Italiako Eleako filosofoek a priori-ko filosofia kritiko mota bat ere garatu zuten. Bere fundatzailea Parmenide izan zen. Hau, K.a. 480. urte inguruan bizi izan zen.

Adimenaren kemenaren bitartez liluratutako filosofo honek, nahiz eta zentzuek besterik esaten badute ere "pentsa-ezinezkoa dena ezin dela" esaten duen axioma azken mugaraino eraman zuen. Honela arrazonatzen zuen: kreazioa ezinezkoa da; ezerezetik zerbait sortzea edo ez izatetik izatea agertzen dela pentsatzea ezinezkoa da; beraz, ez izateak ez du izaterik. Alderantzizkoa ere, birrinketa, ezinezkoa da; zeren izaera duen gauza batek ez dauka ezerez bihurtzerik. Aldaketa bera ere ezinezkoa da, gauza batek berez desberdin den beste batetik sortzerik ez daukalako.

Beraz, aditzen ditugun denborako eta espazioko aldaketen, desberdintasunen eta anizkoitasunen itxurak, zentzuek ematen eta adimenak ukatzen dizkiguten gezurrezko irudiak baino ez dira. Zentzuek ez gaituzte egiarantz eramaten; hori pentsakerak soilik egin dezake.

Zientziaren Historiaren aldetik, bere astronomiari buruzko ideiek garrantzi handiagoa daukate. Bere eritziz Lurra bost ataletan banatutako esfera zen. Esferatasunari buruzko ideia nondik sortu zuen jakitea zaila da. Dena dela, zenbait pitagoratarrek ere, berak baino lehen gauza bera onartzen zuen. Baina, ideia honetan oinarriturik Unibertsoa Lurrarekin esfera zentrukide multzo bezala pentsatzera iritsi zen. Lurra, multzo horren erdian geldirik izango litzateke. Esfera horien tartean hidigidurak gidatzen Jainkoa izango genuke. Ikusten dugunez, ikuspegi metafisiko hutsak egia diren zenbait ondoriotara eraman zuen.

Elea-ko Zenon: Parmenideren ideia batzuk garatu zituen eta, besteak beste, aldaketa eta anizkoitasuna errealtzat hartzearen absurdua demostratu zuen. Aristotelek dialektikaren asmatzaile izendatu zuen, agian, "reductio ad absurdum" izeneko legearen erabilpen sistematikoa egiten zuelako. Gauza guztiak zenbaki elementalez eginik zeudenaren doktrina pitagoratarraren aurka burrukatu zuen eta bere paradoxen bidez anizkoitasunaren kontzeptua birrindu zuela pentsatu zuen:

Anizkoitasunak, infinituki zatikor izan behar du, eta beraz, infinitua bera izan. Baina aurkako bideari jarraitzerik ez dago: hau da, infinitu parte txikiren bidez finitu oso bat osatzea ezinezkoa da. Edo, Akile korrikalaria dortoka baten ondoren doanean, dortoka zegoen puntura iristean dortoka beste puntuan dago, eta berriro Akile bigarren puntu honetara heltzen denean, eta...; beraz, Akilek ez du sekulan dortoka harrapatuko. Edo, gezia airean "geldirik" dagoenarena, edo...

Egiaz, Zenonek Matematika-arlora ez zuen ezer berririk ekarri, baina berak ezarri zituen ideietan oinarrituta, kalkulu infinitesimala eraikia izan da.

Marmolezko kore bat.

Agrigento-ko Enpedokle: Eskola eleatar honen barnean Enpedokle siziliarra ere aipa daiteke (K.a. 450. urte inguruan bizitakoa). Bere lanak filosofiaz, olerkiaz, astronomiaz, fisikaz, biologiaz eta medikuntzaz egin zituen. Lau elementuren (lurra, ura, airea eta sua) eta bi indarren, zentripetoa (maitasuna) bata zentrifukoa (gorrotoa) bestea, existentzia postulatu zuen. Dagoen guztia elementu eterno eta iraunkor horien bitartez osaturik dago. Hauek, maitasunaren bidez elkartu egin daitezke ala gorrotoaren bidez aldara.

Enpedoklen astronomiari buruzko ideiak oso xeheak dira eta bere aurrekoenekiko atzera jotzea da. Ortzea beirazko eta arraultze-itxurako gainazala zen; izarrak bertan itsatsirik zeuden eta planetak aske. Ortzean, bestalde, bi eguzki izango lirateke.

Fisikaren arloan, aldiz, bere emaitza oparoagoa izan zen. Airearen gorpuztasuna frogatu zuen; honetarako beheko oinarrian zulo txiki asko eta goikoan zulo normal bakar bat duen ontzi itxia prestatu zuen. Goiko zuloa behatzez itxirik ontzia uretara murgiltzen bada, ez da urez betetzen. Aldiz, behatza kentzean ura sartu egiten da. Esperimentu honetatik bi ondorio atera zituen: bata, hutsa eta airea desberdinak zirela, eta bestea lurrina eta airea bi gauza zirela.

Argiaren arloaz ere arduratu zen. Pitagoraren eta bere jarraitzaileen eritziz, ikusmenaren oinarria gorputzek emititzen zituzten partikula batzuk ala begitik irteten ziren izpi sentikorrak ziren. Enpedokleren ustez argi-gorputzek emititzen dituzten izpiek, begietatik irteten direnekin talka egiten dute. Hau baino garrantzi handiagokoa argiaren abiadurari buruz zuen ideia izan daiteke: Enpedokleren ustez argiaren abiadurak finitua izan behar zuen (Ik. Aristotele "De sensu").

Goiko argazkian: K.a. V. mendeko tenplu doriar baten egitura arkitrabatua. Beheko argazkian: Tenplu motak. Goitik hasita: in antis tenplua, prostiloa, antiprostiloa, dipteroa, pseudodipteroa, peripteroa, pseudoperipteroa.

Biologiaren arloan, Aezioren eritziz, Enpedokleren emaitzak kontuan hartzekoak dira. Enpedoklek zioenez landareak animaliak baino lehenago sortu ziren eta beren arteko desberdintasuna elementuen nahasketaren kualitatetan eta eratan datza: lau elementuak neurri berdinez nahasita haragia sortzen da; suaren eta uraren proportzioa besteena baino bi aldiz handiagoa bada, nerbioak sortzen dira, etab.

Enbriologiari buruz Aristotelek dioenez, Enpedoklek enbrioiak hatsik gabeko bizia duela, sexu-besberdinketa estaldura izan ondoren hogeitamasei egun barru umetokian gertatzen dela eta gorputzadarrak larogeitamaikagarren egunean osotzen direla esaten zuen. Galenok ere arlo honetan zenbait emaitza leporatzen dio: bikiak likido ernerazlearen soberatasunagatik sortzen direnarena, adibidez. Baina, medikuntzaren arloan, ezpairik gabe, Enpedokleren emaitzarik handiena giro zientifiko berria ezartzea da; hots, gaixotasuna izaki biziaren egituran, edo areago, materiaren egituran aurkitu behar dela alegia.

Atomistak: Enpedoklek gorputz guztiak bere lau elementuen bitartez adierazterik bazegoela pentsatzen bazuen, atosmistek teoria hau urrutirago eraman zuten, antzinako elementu bakarren teorian oinarrituz atomoen teoria eraikitzeko.

Antzinako aipamenek, Leuziporen eta Demokritoren izenak dakartzate atomoen teoriaren fundatzaile bezala. Baina Demokritoren ospe eta lanek Leuzipo ia erabat baztertu dute. Bestalde, Leuzipori buruz oso gutxi dakigu. Bere idazki guztiak, ondoko esaldia izan ezik, galduta daude. Esaldia hauxe da: "Arrazoirik gabe ez da ezer gertatzen; gauza orok bere kausa badu eta beharraren ondorio da".

Greziarren teoria atomikoen oinarriak eta gero gaurko teoria atomikoa sortu dutenak, oso desberdinak dira. Dalton-en garaiko ikertzaileek, neurketa asko eta asko bazituzten, eta eraikitzen ari ziren teoria neurketa horiekin gehienbat ados zegoela ikusi ahal izan zuten. Aldiz, greziarrek, ez zeukaten inongo datu zehatzik. Beren teoria egiaztatu gabeko kosmosarekiko eskema filosofiko batean oinarritzen zen.

Filosofo hauek, beren garaiko ezaguera orokorrean oinarriturik idea metafisikoaren bitartez arrazonatzen zuten: Materia behin eta berriro zatikatzean zer gertatzen da? Bere ezaugarriek iraun egiten al dute? Lurrak lur eta urak ur jarraituko al dute prozesu honetan?. Edo beste hitzez, gorputzetan ikusten ditugun ezaugarriak berezko eta adierazi ezinezko azkeneko zerbait dira ala, aldiz, zerbait sinpleagoz adieraz daitezke eta beraz, ezagueraren bidetik zertxobait areago joan gintezke?

Sinplifikazioaren bitartezko adierazpen baten bilaketak, pentsakera zientifikoaren historian oso garrantzi handia izan du. Filosofo hauen aurretikako eta filosofia atomikoaren beheraldiaren ondoko ideien arabera, gauzen ezaugarriak beren esentziei zegozkiela pentsatzen zen; hots, gatzaren gazidura edo hostoen berdetasuna gatza edo hostoak bezain errealak zirela onartzen zuten, eta ez zuten pentsatzen beste zenbait eginkizunen edo giza-sentsazioen bitartez adierazterik zegoenik.

Demokrito -ren atomoak desberdinak ziren elkarren artean, eta desberdintasun honetan bilatu behar zen substantzia desberdinen ezaugarria. Uraren atomoak leun eta borobilak ziren, honela jarioan zezaketen eta forma finkorik ez zuten. Suaren atomoak arantzez estalita zeuden eta honek egiten zituen erredurak minberatsu. Lurraren atomoak latz eta harzdunak ziren eta batzuk bestekin elkartzen ziren substantzia gogor eta egonkor bat eratuz.

Teoria atomiko greziarraren jatorria ikustea egokia da. Oinarrizko elementu gisa Talesek ura hartu zuen; Anaximenesek airea eta Heraklitok sua. Bestalde, aintzinako teoria pitagorikoa han zegoen. Honen arabera, azkeneko errealitate zenbakiak ziren. Bide batez, espazio hutsen, hots, materiarik gabeko ideieak onartzen zituzten, nahiz eta azkeneko hauek eta airea gauza bera zirela pentsatzen bazuten ere. Parmenidek teoria honen aurka borrokatu zuen, baina atomistek, bitarte trinko batetan partikulen higidurak adierazteko zegoen zailtasuna zela eta, berpiztu egin zuten. Baina, garai honetan, jadanik airea benetako gorputza zela ezagutzen zenez gero, atomisten espazio hutsa egiazko eta benetazko hutsa zen.

Materia hutsean sakabanatuta dauden partikula sinplez osatuta dagoenaren teoria, ingurugiro honetan sortzen da. Teoria honen bitartez garaiko ekintzarik inportanteenak adierazterik bazegoen: lurrinketa, higidura, kondentsazioa, etab. Hala ere, benetako arazoak irauten zuela egia biribila da, hots, atomo berberak zatikorrak ote ziren? Atomistek fisikoki zatiezinak zirela esaten zuten; zeren beren barnean hutsik ez bait zegoen.

Lehen esan dugunez, lehenengo atomistak Leuzipo eta Demokrito dira. Lehenengoak Abdenako eskola K.a. V. mendean eraiki zuen eta bigarrena Abdenan K.a. 460. urtean jaio zen. Azkeneko honen ideiak, Aristotelesen zenbait aipamenengatik eta Epikuroren (341-270) lanagatik ezagutzen ditugu. Epikurok Atenasen eman zuen filosofiaren kurtso orokor batean (etika, psikologia eta etika) teoria atomikoa adierazi zuen. Teoria hau bi mende geroago, Lukrezio errotamarrak garatu zuen berriro.

Aristoteles.

Demokritok zera irakasten zuen: "Gozotasuna eta mingostasuna, beroa eta hotza, edo koloreak, berez esistitzen direla sinetsi ohi da. Benetan, atomoak eta hutsa baino ez dago". Protagorasen ideia erlatibisten kontra burrukatu zuen. Hauen arabera, "gauza guztien neurria gizona da". Beraz, azukrea nire eritziz gozoa den bitartean beste baten eritziz mingotsa izan daiteke. Atomoen teoriaz gain Demokritok errealitatea atzemateko dagoen bide bakarra zentzu bidea zela ikusi zuen.

Demokritoren atomoak betidanik esistitzen ziren, hots, sortugabeak ziren eta ez ziren sekula ezereztatzen: "indartsu zeuden beren unitate trinkoan". Substantzia bakarreko baina itxura nahiz bolumen aldetik oso desberdinak ziren. Beraz, kualitate-desberdintasunen oinarrian partikulen bolumen, itxura, posizio edo higidura desberdinak dauzkagu, zeren substantziaren izakeraz denak berdinak bait dira. Honela, burdinean edo harrian atomoen higidura bibrazioa den bitartean, sutan edo airean distantzia handiko jauziak egin ditzakete.

Mugagabeko espazioaren norabide guztietan higitzerakoan, atomoek elkarrekin egiten dute topo, aldetako higidurak eta arranpak sorteraziz. Honela elementu desberdinak eta kontaezin adina mundu agertzen dira. Hauek hazi, txikiagotu eta deskonposatu egiten dira; eta ingurugiroarekiko egokituta daudenek soilik irauten dute. Hemen nolabait jatorrizko nebulosaren hipotesiaren eta hautespen naturalaren Darwinen teoriaren lehen aztarnak ikus daitezke.

Teoria honek, bere jatorrizko eran, ez du ezagutzen ez goi- eta ez behe-absoluturik; ez pisua eta ez pisugaberik. Bestetik, oztoporik aurkitzen ez den bitartean, higidurak jarraitu egingo du. Aristotelesentzat, hain egoki diren ideia hauek sinestezinak ziren. Demokritoren doktrinak Naturaren ikuspegia erraztu egin zuen. Behar bada ikuspegi hau sinpleegia izan daiteke, zeren atomistek, gaur egun oraindik irauten duten zenbait zailtasunen gainetik jauzi egiten bait zuten; adierazpen mekanizista onartzen ez duten biziaren eta kontzientziaren zenbait problematan beren teoria erabili nahi zuten eta.

Demokritoren teoria atomikoak Filosofiaren arloan izan dezakeen eragina alde batera utzirik, zientziaren arloan gaur eguneko ideitatik aurreko edo geroko beste edozein sistema baino askoz hurbilago dagoela esan behar da. Eta ikuspegi honetatik, Platonen eta Aristotelesen kritiken azpian lurperatuta gelditzea oso galera handitzat kontsideratu behar da. Hurrengo belaunaldietarako Platonen ideiek, beren era desberdinetan, benetazko pentsakera greziarra ostatu zuten. Horregatik, eta besteak beste, mila urtetarako espiritu zientifikoa desagertu egin zen. Platon filosofiaren aldetik ikaragarria dela kontsideratu behar bada ere, Zientziaren garapenerako benetako oztopo izan zela aitortu behar da.

Medikuntza hipokratikoa

Mundu grekoaren medikuntza zientzia bezala kontsidera daiteke. Hipokrates (K.a. 420 urtean) bere gizonik ospetsuena da, baina ez bakarra. Medikuntza hipokratikoa izenaren bidez egoera enpiriko eta magikoa gainditzen duen sendatzeari buruzko mugimendu zientifikoa estaltzen da. Hipokratesen aurretik sendakuntza Eskulapioren (sendakuntzaren jainkoa), elizako apaizen eta aztien eskutan zegoen gehienbat.

Hala ere, K.a. 500. urte inguruan Krotonako Alkmeon-ek disekzioa erabiltzen zuen, nerbio optikoa aurkitu zuen eta sentipenaren eta pentsakera-ihardueraren organo nagusia garuna zela egiaztatu zuen. Anaxagoresek animaliekin saiakuntzak egin zituen eta disekzioaren bidez beren anatomia ikertu zuen. Enpedoklesek odolak bihotzaren bidez zirkulatzen duela adierazi zuen.

Hipokrates.

Eskola honek gaur eguneko medikuntzaren antzerako teoria eta bideak hartu zituen eta, zer esanik ez, tarteko edozein arokoak baino askoz aurreratuagoak. Bere fisiologia ez zen azkeneko kausaz arduratzen, Aristotelesek eta Galenok egiten zutenaren antzera. Aldiz, zergatia eta nolatasuna aztertzen zuen, sendabidea aurkitzeko. Gaixotasuna Naturaren legepean zegoen zerbait zela kontsideratzen zen. Horregatik, behaketa zehatzek eta sintomen esangurek oso garrantzi handia zeukaten. Hau dela eta, eritasun asko eta asko, zegokien sendabidea emanez adierazi zituzten. Esperimentu-bideak erabiltzen zituzten eta anatomia ere, maila batetan behintzat, ezagutzen zuten.

Eskola honen ahaztu ezinezko alde bat, bere alderdi deontologikoa da. Hau bere "Zinaren" bitartez gauzatzen zen. Zin hau dela eta, mediku-taldean onartuak izan aurretik baldintza batzuk betetzearen konpromezua hartzen zuten. Hala ere Zina, kodigo etikoa baino gehiago kontratu-mota da, eta medikuntza oinarri gremial baten gainean eraikitzeko bide eman zuen

maixuaren semeak anaiatzat hartu eta dohan irakastea, irabazpenak maixuarekin banatu, etab.

Eskola honek, arrazonamendua teknika bati egokitu zion. Medikuntzaren oinarri garrantzitsutzat fisiologia ipini zuen eta medikuntzari nortasun berezia eman zion.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia