Zientzia ez da mesede kontua

2020/03/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Editorial zorrotza argitaratu du Science aldizkariak, zientziaren oinarriak gogoraraziz Donald Trumpi gogoraraziz Arg. Gage Skidmore/CC-BY-SA 3.0

«Egin iezadazu mesede bat: mugi, mugi». Horrela hasten da Science aldizkariaren azken editoriala. AEBetako aldizkari hori zientzia-argitalpen ospetsuenetako bat da mundu osoan. Hitz horiek ez dira editorearenak; Donald Trumpenak baizik. COVID-19ari aurre egiteko bilera berezi batean, txerto bat garatzeko gutxienez urte eta erdi beharko zutela azaldu zioten behin eta berriro. Alferrik; nonbait, Trumpek ez zituen azalpenak onartzen, eta, halako batean, fabore pertsonal gisa eskatu zien: «Egin iezadazue mesede».

Trump ez dago zientzialariei mesedeak eskatzeko moduan. Agintean sartu zenetik, mugak eta murrizketak baino ez dituzte jaso. Aldi berean, babesa eta bultzada jaso dute klima-aldaketaren negazionistek, eboluzioa ukatzen dutenek, eta, oro har, oinarri zientifikoen aurka diharduten hainbat elkarte, erakunde eta mugimenduek.

Orain ere, Science-en editorialak salatu duenez, zientzialariak pandemiaren datuak ematen saiatzen diren bitartean, administrazioak informazioa blokeatu edo desitxuratu egiten ditu. Esaterako, aurreko astean gobernuak adierazi zuen birusaren hedapena mugatua zela. Alabaina, nabarmena zen Washintongo estatuan eta harago ere zabaltzen ari zela. Errealitatea ukatzeak ondorioak ekarri zituela iradokitzen du editorialak: horren eraginez, gobernu federalak behar baino motelago erantzun zuen.

Editorialak argi dio: «Ezin duzu zientzia iraindu zerbait ez duzunean gustuko, eta, bat-batean zientziak nahieran eman ezin dizun zerbait eskatzen tematu». Une honetan, zientziaren beharra du presidenteak. Baina zientziak mendeak daramatza naturaren legeak ezagutzeko ahaleginean, eta ahalegin horiek ekarritako oinarrien gainean egiten dute lana ikertzaileek. Hala, COVID-19aren krisiari erantzuteko, inoiz baino nabarmenagoa izan da elkarlana mundu osoko lantaldeen artean, eta emaitzak ere sekula baino azkarrago etorri dira eta ari dira etortzen.

Alegia, natura ezagutzeko kontzeptu berberak erabiltzen dira tresna berriak sortzeko. Horrenbestez, kontraesanean daude txertoa exijitzea eta zientzia desitxuratzea eta gutxiestea. Txertoak oinarri zientifikoa izan behar du; erabilgarria izan behar du, eta segurua. Hori lortzeak urte eta erdi eman dezake, edo askoz gehiago. Eta industria farmazeutikoak interes handia du horretara lehenbailehen iristeko; azken finean, txertoa saldu egingo dute. Badakite, baina, naturaren legeak hautsezinak direla.

«Beharbada pozik egon beharko genuke», dio editorialak. «Duela hiru urte, presidentea txertoekiko eszeptiko azaldu zen, eta txertoen aurkako lantalde bat sortzen saiatu zen. Orain, bat-batean, txertoak maite ditu».

Trumpen mailara iritsi gabe ere, izango da zientzia kontuan izan ez eta orain emaitzak berehala espero dituenik. Haientzat guztientzat berez Trumpi zuzendutako editorialaren azken esaldia: «Zerbait nahi baduzu, lehenik izan begirunea zientziarekiko eta haren oinarriekiko».

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia