Zientzia eta teknologia gizartearen begietan. Datu batzuk eta zenbait gogoeta
2013/09/01 Cancio Orueta, Leire - Elhuyarreko zuzendari nagusiaElhuyar | Gil Rodriguez, Maria - Elhuyar Zientzia Unitatearen arduradunaElhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa % 11 igo da 2006az geroztik, eta gai horiek gastu publikoaren lehentasun bat izan behar luketela pentsatzen dute herritarrek. Horiek dira "Euskal Herriko gizarteak zientziari eta teknologiari buruz duen ikuspegiaren ikerketa 2012" lanaren emaitzen ondorioetako bi. Elhuyar Fundazioak egin du ikerketa hori, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren Katedraren laguntzarekin.
Azterketa-lanaren helburua izan da Euskal Herriko gizarteak zientziaz eta teknologiaz duen iritzia neurtzea eta haren diagnostikoa egitea. Landa-lana 2012an zehar egin da, bi ikuspegirekin: bata kualitatiboa, zientziarekiko eta teknologiarekiko iritziak hurbiletik eta sakon ezagutzeko, eta kuantitatiboa ondoren, datu zehatz eta estatistikoak eskaini dituena. Aipatzekoa da 2008an ere egin genuela horrelako azterketa bat; hortaz, aukera izan dugu oraingo datuak ordukoekin alderatzeko, eta ikuspegiak izan duen bilakaera aztertzeko.
Hala, ikerketak erakutsi du Euskal Herriko gizartean funtsezko elementu bilakatu direla zientzia eta teknologia; eta herritarrek pentsatzen dutela zientzia eta teknologiaren inbertsioaren eta garapenaren helburuak Europako herrialde aitzindarien parekoak izan behar duela.
Bestalde, zientzian eta teknologian inbertitzeko krisi ekonomikoak duen eragin handia aipatzen dute inkestatuek. Horrekin lotuta, 2008ko azterketan, "talentuaren ihesa" arrisku gisa aipatzen zuten; orain, ordea, errealitatea dela uste dute.
Azterketa kuantitatiboaren arabera, berriz, lau herritarretatik hiruk uste dute zientziak eta teknologiak desabantailak baino abantaila gehiago ekartzen dituztela. Horrez gain, zientziari eta teknologiari lotutako lanbideak begi onez ikusten dituzte, eta ikertzaileen lanbidea erakargarria dela uste dute. Zientziari eta teknologiari buruz informazio-maila "ertaina" dutela iritzi diote herritarrek, eta gai horiei buruzko informazioa internet eta telebista bidez jasotzen dute nagusiki, batez ere gazteenek (15-29 urte).
Zientziaren komunikazioan aritzen garenontzat ere
Nabarmendutako datuak interesgarriak izan daitezke edonorentzat, baina, azterketak askoz ere gehiago biltzen ditu. Haien artean, badira zientziaren komunikazioan aritzen garenontzat azpimarratzekoak izan daitezkeen lau alderdi.
Lehenengoa. Alderdi kualitatiboan argi ikusten denez, gizartean zientzia eta teknologiaren inguruko diskurtsoa teknologiaren baitan gorpuzten da, nagusiki. Zientzia, eta zientzia definitzen duen ez berehalakotasuna ez da ageri zientziaren eta teknologiaren ezaugarrietan. Slow science vs fast technology -ren sintoma, akaso?
Bigarren. Gizarteak ikerketa beharrezkotzat jotzen duela jasotzen dute emaitzek; gainera, aurreko azterketatik areagotu egin da hori uste dutenen ehunekoa. Gizarteak, hortaz, ez du zalantzan jartzen ikerketarako baliabideak jarri behar direnik. Horrek zientziaren eta teknologiaren komunikazioan hainbestetan erabili dugun argudio bat ekartzen digu gogora. Izan ere, zientziaren komunikazioan aritzen garenon artean, argudio klasikoa izan da komunikazio hori beharrezkoa dela ikerketan baliabideak jartzearen garrantziaz ohartarazteko. Datuen arabera helburua lortua legoke, edo, ondo egindako lanaren ondorioa litzateke.
Hirugarren. Hezkuntza formalak, neurri handi batean, zientziaren eta teknologiaren pertzepzioa eratzen duela erakusten dute datuok. Azterketan zehar, honako datuek azpimarratzen dute ideia hori: batetik, zientzia eta teknologiari buruzko hezkuntzarik onena zein etapatan jaso duten galdetzean, % 32 batxilergoan, % 21 lehen eta bigarren hezkuntzan eta % 18 lanbide heziketan jaso dutela aipatzen dute. Bestetik, interes gaien arabera galdetzen diegunean, 29 urtetik beherakoen segmentuan aipatzen da bakarrik zientzia eta teknologia. Azkenik, zein arlotan ikertu behar den galdetzean 29 urtetik beherakoek bakarrik aipatzen dituzte oinarrizko zientziak.
Datuak ikusita, zientzia eta teknologia desagertu egiten dira hezkuntza formala uztearekin ia batera, oso adin gazteko jendearen artean. Zer gertatzen da helduekin? Zientzia eta teknologiaren alfabetizazioan eten bat gertatzen al da?
Laugarren. Gizarteak zientziarekiko interes maila ertaina erakusten du. Interes faltagatik galdetzen zaionean arrazoi nagusiak "ez dut ulertzen", "nire interesa ez du pizten" eta "ez dut gaiaz pentsatu" aipatzen dute. Argi dago gizarteak ezin duela gai guztiekiko interesa izan, baina, zientzia eta teknologia izan beharrean, gaiak beste batzuk balira erantzun horiek jasoko al genituzke? Eta, are gehiago, koherentea al da beharrezko jotzen ditugun arlo horiekiko interesa eta interes faltaren erantzunak horiek izatea?
Zergatik komunikatu zientzia, eta teknologia, hortaz? Eta, zer komunikatu zientzian eta teknologian?
Bada, zientzia eta teknologian baliabideak inbertitzeko beharra argi ikusiko duen gizartea eratzeko baino, zientzia eta teknologia kulturaren osagai izango duen gizarte heldua eratzeko, hain zuzen ere. Hori da, gure ustez, dibulgazioan edo komunikazioan (zentzu zabalean) aritzen garenon erronka, oraindik ere.
Zientzia eta teknologia gure gizartea definitzen duten ezagutza, jokaera eta sinesmen multzoan txertatzeko bidean ikusten ditugu gure urratsak. Zientzia eta teknologia ez bakarrik aurrerapenarekin erlazionatzeko, baita zientziaren eta teknologiaren erritmoetaz ohartzeko, horien atzean dauden arauak zabaltzeko eta abar.
Argi dago komunikazioan lan egiten dugunok ez dugula erabat lortu gizartearekiko gertutasun hori. Ez dugu irrika piztea lortu. Seguruen, modu berriak esploratu beharko ditugu komunikazioan (edo dibulgazioan), eta, baliteke beste "diziplinetatik" ikasi behar izatea gure diskurtsoa egituratzeko.
Arteak adibidez, lortu du gure gaur egungo gizartearen ezaugarritzat hartzea, eta, gure egunerokotasunean (paisaian, aisialdian, eztabaidaguneetan...) badu presentzia nabarmena. Agian arteek erabiltzen duten komunikaziorako diskurtsotik zer ikasia badugu, eta bertan erabiltzen diren zenbait klabe geureganatu ditzakegu (emozioak, pertsona, sormena). Zer egitekoa badugu, eta bidea zirraragarria da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia