Zientzia eta teknologia euskal gizartearen begietan
2009/12/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hogeita hamar urte dira Europan zientzia eta teknologiaren gizarte-pertzepzioei buruzko galdekizunak egiten direla. Euskal Herrian, ordea, orain arte ez zen sekula aztertu zein leku betetzen duten gizartean zientziak eta teknologiak.
Hutsune hori betetzeko asmoz ekin zion 2008an Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabinetearekin batera, "Zientzia eta teknologiaren irudikapenak Euskal Herrian (2008)" lanari. Izan ere, "Azken urteotan hazi egin da herritarren iritziak ezagutzeko premia", nabarmendu du Andoni Eizagirrek, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta azterketaren egileetako batek. Eizagirreren ustez, horrelako ikerketa-lanek laguntzen dute identifikatzen eta interpretatzen zerk eragiten duen gizarteak jarrera bat edo beste izatea, kasu honetan, zientziaren eta teknologiaren aurrean.
Ikerketa-lanaren zati bat izan zen jendearekin eztabaida-taldeetan elkartzea edo elkarrizketak egitea, zientzia eta teknologiarekin lotutako hainbat eztabaidagairi buruz hitz egiteko. Zientzia eta teknologiako gaietan jakintza-maila bat edo beste zuen jendeak ohar batzuk edo beste egingo zituelakoan, hiru taldetan banatu zuten gizartea: batetik, Euskal Herri osoko herritar arruntak hartu zituzten kontuan; bestetik, zientzia- eta teknologia-gaietako ikasle eta ikertzaileak eta giza eta gizarte zientzietako ikasleak, eta, azkenik, zientzia eta teknologiaren arloko adituak. Lehenengo bi taldeekin eztabaida-taldeak eratu zituzten, eta, adituen iritzia, berriz, elkarrizketa bidez jaso zuten.
Alabaina, hor hartu zuten lehenengo ezustekoa: "ikerketak erakutsi du desberdintasunak uste baino txikiagoak direla" dio Eguzki Urteaga EHUko soziologoak, eztabaida-taldeak eta adituei egindako elkarrizketak zuzendu zituen ikertzaileetako batek. Horrek erakusten du, Urteagaren ustez, "gizarteak ezagutza-maila bat duela, baina ez duela erabiltzen".
Eztabaida-taldeetan nahiz elkarrizketetan bildutakoetatik, emaitza kualitatiboak atera dituzte. Horrekin batera, beste bi zati izan zituen azterketak. Batetik, gizartearen pertzepzioaren datu kuantitatiboak eskuratu dituzte. Horretarako, Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) erakundeak 2006. urtean CISekin elkarlanean egindako Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Pertzepzioaren 3. Inkesta Nazionalean bildutako informazioa erabili dute. Zehazki, EAEn eta Nafarroan laurehuna laguni egin zizkieten inkestak jaso dituzte. Eta, bestetik, Euskal Herriko prentsan zientzia eta teknologiari lotutako gaiek duten presentzia aztertu zuen 2008an Elhuyar Fundazioak ( Elhuyar Zientzia eta Teknika ren 2008ko azaroko alean eman genuen azterketa horren emaitzen berri).
Ikerketa horietatik atera daitekeen ondorio nagusietako bat da gizarteak, oro har, goraipatu egiten dituela zientzia eta teknologia. Eztabaida-taldeetan jaso da, esate baterako, zientzia eta teknologia berriei esker askoz bizimodu erosoagoa dugula, bizi-itxaropen handiagoa dugula, eta asko hobetu dela gure komunikatzeko gaitasuna. Jendeak uste du ikerketa eta garapena funtsezkoak direla herrien garapenerako eta ongizaterako.
Halaber, zientzialariak ere gizarteko talderik baloratuenen artean daude. Hain zuzen, EAEn eta Nafarroan egindako inkestetan ikusi ahal izan da zientziarekin lotutako lanbideek betetzen dituztela lanbide baloratuenen zerrendako lehenengo hiru postuak: medikuak daude lehenengo lekuan, 1etik 5erako eskalan 4,4 puntu eman baitizkiete, batez beste, herritarrek; eta zientzialariak bigarrenean eta ingeniariak hirugarrenean, 4 puntu eta 3,8 punturekin, hurrenez hurren.
Txanponaren beste aldea agerian
Goraipatu arren, eta beren funtzio soziala aintzat hartu arren, hain onak ez eta arriskutsuak diren alderdiak ere ikusten dituzte herritarrek zientzian eta teknologian. Azpimarratzeko modukoa iruditu zaio Eizagirreri jarrera, nolabait, anbibalente hori: "ikuspuntu kontrajarriak ageri dira eztabaida-taldeetan". Aipatu da, adibidez, hainbat arlotan urrutiegi joan direla ikerketak, hala nola giza klonazioan edo enbrioien manipulazioan. Zenbait muga etiko gainditu direla uste du jendeak.
Aipatzen dute ezinbestekoa dela hiritarrek distantziari eta espiritu kritikoari eustea zientziaren eta teknologiaren aurrean, eta beti neurtu behar direla hobariak eta kostuak. Hitz hauek erabili dituzte herritarrek zientziak eta teknologiak eragiten dituzten kalteak adierazteko: mendekotasuna, manipulazioa, abiadura, estresa eta abar. Esan dute, adibidez, publizitatearen eta marketinaren bidez herritarrengan beharrak sortzen dituztela hainbat markak. "Ez diogu erosteari uko egiten, harrapatuta bezala gaude, eta ez dugu aterabiderik ikusten" dio parte-hartzaile batek. Aho batez adierazi dute eztabaida-taldeetan gurpil zoro batean biraka gabiltzala.
Halaber, herritarrek sentitzen dute zientziak eta teknologiak denbora bizkortu eta dentsifikatu egin dutela. Une batean lan, jarduera eta harreman gehiago egiteko aukera dugu daitezke. Horrek, ordea, eragiten digu edozer gauza egiteko denbora gutxi dugula pentsatzea.
Bestalde, agerian gelditu da oso zaila dela batzuetan aurreikustea zer ondorio izan ditzaketen berrikuntzek. Oro har, inkestei erantzun zieten herritarren % 41,5ek uste du zientziak eta teknologiak ekartzen dituzten onurak kalteak baino handiagoak direla. % 37,5ek dio parekatuak direla onurak eta kalteak, eta % 8,5ek, berriz, kalteak handiagoak direla onurak baino. Gainerako % 13k ez zion galderari erantzun, ez zutelako iritzi argirik edo beste arrazoiren batengatik.
Ikertzaileak, beste leku batzuetan baino okerrago
Zientzian eta teknologian gertatu diren aurrerapauso guztiak zientzialariek egiten dituzte, noski. Mundua ulertzeko nahiak, gauza berriak aurkitzeko gogoak, gizartearen esker ona sentitzeko grinak eta dirua irabazteko nahiak bultzatzen dute, besteak beste, jendea zientzialari bihurtzera eta ikerketan aritzera. Hala uste du publiko orokor gisa sailkatutako jendeak, eta horixe bera aitortu dute unibertsitateko ikasleek eta ikertzaileek.
Hala ere, ikertzaileen lehen uneko bokazioa eta gogoa ahultzen joaten dela uste du jendeak, politikariek ez dietelako ematen zientziari, teknologiari eta berrikuntzari merezi duten garrantzia. Aho batez esaten dute, bai hiritar arruntek, bai ikertzaileek eta adituek, ikerketa zientifikoek gobernuen lehentasuna izan beharko luketela, orain arte bigarren mailako garrantzia eman baitzaie. Izan ere, gure kulturan zokoratuta ikusten dituzte zientzia eta ikerkuntza.
Gainera, aipatzen dute finantziazioak emateko orduan modan dauden gaiek dutela pisurik handiena, berehalakoak agintzen duela, eta ikerketek emango dituzten irabaziei begiratzen dietela. Denek nabarmentzen dute oinarrizko ikerketa gutxietsita dagoela.
Horregatik guztiarengatik uste dute nahi izaten dutela ikertzaileek atzerrira joan. Oro har, jotzen da atzerriko herrialdeetan, bereziki Europan eta Estatu Batuetan, diru gehiago inbertitzen dutela zientzia eta teknologian, eta ikerketa-sistema hobeki antolatuta dagoela. Jendearen ustez, Euskal Herrian lan-baldintzak oso kaskarrak dira ikertzaileentzat, eta, ikertzaileek, gainera, emaitzak lortzeko presioa dute.
Adituek beste arazo batzuk gaineratu dituzte zientzia-politikei dagokienez. Batetik, uste dute ez dagoela koordinaziorik baliabideak banatzeko orduan. Haien ustez, azkenaldian zentro teknologikoek baliabide pila bat izan dute, eta unibertsitateek ez. Akats bat dela uste dute hori. Eta, bestetik, salatzen dute diru-iturri asko daudela, eta ikerketa-taldeek indar eta denbora asko galtzen dutela diru-laguntzak eskatzen. Diotenez, laborategietako buruek denbora gehiago ematen dute txostenak eta bestelako lan administratiboak egiten ikerketak egiten eta ikertzaileei aholku ematen baino.
Aldatzea, ezinbestekoa
Egoera hori izanda, zientzia-politiken berregituraketa bat egiteko eskatzen du gizarteak. Aldaketak ongizatea lortzera bideratu beharko lirateke, baita ikerkuntza egonkortzera eta ikertzaileen segurtasuna bermatzera ere. Hala, errentagarriak ez diren eremuak ere aintzat hartu beharko lirateke.
Izan ere, jendeak uste du "zientzia eta teknologian ez inbertitzea dela geroan ez sinestea", eta "belaunaldi berrien etorkizuna baldintzatzea". Hori bai, azpimarratu dute diru publikoa zorroztasunarekin kudeatu behar dela, eta ez dela nolanahi xahutu behar.
Adituetako batek adierazi du Euskal Herriak eraldatzeko gaitasun handia duela, besteak beste herri txikia delako. Eta EAEn baikortasun-puntu bat sumatzen da; herritarrek uste dute badaudela aldaketa-zantzuak. Alegia, erakundeak jabetu direla desafio eta erronka berriez, eta apustuak egiten hasi direla zientzia eta teknologiak ikertzea bultzatzeko. Zehazki, Innobasque eta, bereziki, Ikerbasque, aipatu dituzte aldaketaren erakusle gisa.
Nafarroan eta Iparraldean, berriz, zaharrak berri dituzte. Ipar Euskal Herrian, are gehiago, administrazio mailako aldaketak ikusten dituzte ezinbestekotzat zientziak eta teknologiak aurrera egin dezaten. Hain zuzen, funtsezkotzat jotzen dute Ipar Euskal Herrian unibertsitateren bat egotea.
Nabarmentzekoa da horiek guztiak esan aurretik jendeak aitortu zuela ez zeukala jakintza nahikorik: kaleko jendeak adierazi zuen jakintza eskasa zuela zientzia- eta teknologia-gaietan, eta zientzia-politikei dagokienez, ezagutza falta hori herritar arruntek nahiz ikertzaile eta ikasleek aitortu zuten. Halaber, inkestetan, populazioaren % 52k adierazi du zientzia- eta teknologia-gaietan duen ezagutza oso txikia edo txikia dela.
Eta, ondoren, hamaika adibide, balorazio eta kritika eman zituzten. "Eztabaida-saioak bukatzean, jendea ohartzen zen uste zuen baino gehiago hitz egin zuela, eta uste zuen baino gehiago zekiela" adierazi du Urteagak, EHUko soziologiako irakasleak. "Alde horretatik, balorazio pertsonalak positiboak izan ziren".
Azken finean, "jendeak gero eta ikasketa-maila handiagoa du, eta gero eta gehiago irakurtzen du" eman du arrazoi gisa Urteagak. Han eta hemen irakurtzen eta entzuten ditu jendeak zientzia eta teknologiaren inguruko gaiak, eta, "pixkanaka, ezagutza pilatzen joaten da" dio.
Banaketa administratiboa agerian
Jendeak adierazi du telebistaren bitartez jasotzen duela, hein handienean, zientzia eta teknologiarekin lotutako informazioa. Eta, alde horretatik, nabarmen desberdinak dira Hego Euskal Herrian eta Ipar Euskal Herrian zientziari eta teknologiari buruzko saioak ikusteko aukerak.
Ipar Euskal Herriko eztabaida-taldeetan hainbat telebista- eta irrati-kanal aipatu dituzte maila oneko eta kalitateko edukiak ematen dituztenen artean, hala nola France 5 eta Arte telebista-kateak, eta France Inter eta France Culture irratiak. Hego Euskal Herrian, berriz, telebista-saio jakin batzuk baino ez dituzte aipatu, hala nola Teknopolis . Eta, aipatu bai, jendeak aipatu du programa ezagutzen duela, baina ez du gehiegi ikusten.
Horregatik, aurrera begira, Urteagak uste du interesgarria izango litzatekeela lurraldeak bereiz aztertzea. "Banakoek zientziari eta teknologiari buruz duten iritzia oso lotuta dago beren instituzioekin, hezkuntza-sistemarekin, komunikabideekin eta abarrekin".
Interesgarria da errealitatea agerian uztea, eta zientziak eta teknologiak gizartean duten presentzia ezagutzea. "Egindako lanak, ordea, ez luke balio beharko ezagutza handitzeko bakarrik" dio Urteagak. "Helburuak izan beharko luke diagnosi hori erabiltzea politika publikoak egokitzeko, eta zein norabide hartu behar den erabakitzen laguntzeko".
Bestela, Eizagirrek uste du arriskua dagoela "denboraren ibilian zientziari buruzko pertzepzio baikorra lausotzen joateko. Orain, herritarrek ondo bereizten dituzte zientzia eta zientzialariak eta haien "testuinguru" soziala, baina ikusteko dago denboraren ibilian zer bilakaera izango duen horrek".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia