Zer zara zu, emakumezkoa ala gizonezkoa?
2004/08/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Joko Olinpikoetan eta kirol-proba garrantzitsuetan, galdera hori ez da arraroa. Emakumezkoen probatan parte hartzen dutenen artean, askotan egoten da zalantza pizten duen kirolariren bat. Izan ere, batzuei itxura fisikoak ez die asko laguntzen: gihartsuak dira, titiak ez zaizkie nabarmentzen eta mutil gazte batek bezain aldaka estuak dituzte. Gainera, ez litzateke lehenengo aldia izango gizonezko batek emakumezkoen probetan parte hartzen duena.
Adibide bat Stanislawa Walasiewics poloniarra da. Kirolari honek AEBetara emigratu zuen, eta han Stella Walls izena hartu zuen. 1932ko Jokoetan, urrezko domina irabazi zuen 100 m-ko lasterketan, eta zilarrezkoa 1936an. Halaber, lehenengoa izan zen distantzia hori 11 segundo baino gutxiagoan egiten. 1980. urtean tiroz hil zuten, eta, autopsia egindakoan konturatu ziren berez gizonezkoa zela.
Emetasun-kontrolak
Horrelakoak saihesteko, emetasun-kontrolak ezarri ziren Joko Olinpikoetan. Kontrol haietan parte-hartzaileek emakumezkoak zirela egiaztatu behar zuten, inork ez zezan eduki besteekiko abantailarik. Ewa Klobukowska, poloniarra hau ere, izan zen kontrol haietan atzera bota zuten lehena. Hori baino lehen, 1964an urrezko domina lortu zuen errelebo-lasterketan eta brontzezkoa 100 m-ko lasterketan.
Bestetik, bi ahizpa sobietarrek lehia uztea erabaki zuten justu emetasun-kontrolak ezarri zirenean. Tamara Press zen bata, eta bi urrezko dominaren jabe zen, 1960an pisu-jaurtiketan eta 1964an disko-jaurtiketan irabazitakoak. Irina ahizpak ere bi urrezko domina zituen, 1960an 80 m-ko hesi-lasterketan eta 1964an pentatlonen lehenengo tokia lortu baitzuen.
1960ko hamarkadan, sexua egiaztatzeko behaketa zuzenak egiten ziren, baina kirolari asko eta asko kexatu egin ziren, proba iraingarria iruditzen baitzitzaien. Gainera, kirolari gizonezkoek kanpoko ezaugarriak ezaba zitzaketen operazio kirurgikoen bidez.
Hori dela eta, Grenobleko neguko jokoetatik aurrera azterketa kromosomiko erraz bat egiten hasi ziren. XX kromosomak antzemateko, ahoko mukosatik zelula batzuk hartzen zituzten eta haiek aztertuta ikusten zuten emakumezkoak ziren ala ez. Test horren emaitza zalantzagarria izan zen kasuetan bakarrik erabiltzen zen azterketa ginekologikoa. 1992an, berriz, DNAren azterketa genetikoak ezarri ziren.
Nolanahi ere, sexua egiaztatzeko probak beti izan dira eztabaidatuak, emaitzak ez direlako beti garbiak izaten. Adibidez, XX kromosoma antzemateko testetan emaitza negatiboa ematen zuten X kromosoma bakarra zutenek, eta, beste emakumezkoekiko inolako abantailarik ez izan arren, parte hartzeko eskubidea galtzen zuten. Alderantzizkoa ere gerta zitekeen: XXY kromosomak zituen gizonezko batek emakumezkoen probetan parte har zezakeen, bi X zituelako.
Baina... gerta daiteke hori? Litekeena da X bakarra izatea edo XXY izatea? Sexu-kromosomak ez al dira bada beti XX ala XY izaten?
Kontua ez da hain erraza
Erraz azaltzeko, gizakiak 23 kromosoma-pare ditu eta batek sexua definitzen du. Kromosoma-pare horrek bi aukera ditu: XX ala XY. XX parea duena emakumezkoa da, eta XY duena gizonezkoa. Ez da zaila, ezta?
Obuluak eta espermatozoideak sortzean, kromosoma-pareak bereizi egiten dira. Emakumezkoetan, obulu guztiek X kromosoma bat dute. Gizonezkoetan, berriz, espermatozoideen erdiak X kromosomadunak dira eta besteak Ydunak. Hortaz, obulua eta espermatozoidea elkartzen direnean, espermatozoideak erabakitzen du sortuko den haurra emea ala arra izango den: espermatozoideak X badarama, XX jaioko da, eme, eta Y badarama, XY, ar.
Alabaina, lehen aipatu den moduan, kontua ez da hain sinplea, eta beste kromosoma-pareetan akatsak gertatzen diren bezala, sexu-kromosoma parean ere gertatzen dira. Esaterako, Down sindromea dutenek 21. kromosoma-parean hiru kromosoma dituzte bi beharrean. Sexua definitzen duen parean ere batzuetan ez daude bi kromosoma; gerta daiteke bakarra, hiru, lau eta baita bost ere egotea. Mila emakumezkotik batek XXX kromosomak ditu (X trisomia), eta mila gizonezkotik batek XXY (Klinefelterren sindromea).
Gainera, bi kromosoma edukita eta kromosomek sexu bat agintzen dutenean ere, kanpoko ezaugarriak alderantzizkoak izan daitezke. Hortaz, bere burua emakumezkotzat duen batek, titi handiak eta alua izan arren, XY kromosomak izan ditzake, eta azterketa genetiko bat egin ezean, ez du horren berririk izango.
Kontua benetan nahasia dela ikusita, 2000ko Jokoen aurretik bertan behera utzi zituzten sexua egiaztatzeko probak. Legez kanpoko abantailak doping-kontroletan antzeman zitezkeela erabaki zuten.
Horretaz gain, Atenasko Jokoetan, lehenengo aldiz, transexualek ere izango dute parte hartzeko eskubidea, sexu-aldaketatik urte bi pasatu badira gutxienez, hormona-tratamendua egin badute, eta aldaketa legez onartuta badago. Kromosomak direnak direla, onenak irabaz dezala!
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia