}

Zer den on eta zer gaitz

2021/05/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zer-den-eta-zer-gaitz
Neska bat kalean dabilela, maskara jantzita Arg. Dorieo/CC 4.0

Giro nahasia dugu, udaren atarian. Alarma-egoera amaitu da, ezarri zenean baino egoera epidemiologiko okerragoan, eta ulertzekoak dira Felix Zubia Olaskoaga ZIUko medikuaren haserrea eta nahigabea, epaileekiko, politikariekiko eta herritar arduragabeekiko. Zubiak igandean BERRIAn aitortu zuenez, abandonatuta sentitzen dira; antzeko unadura adierazi zuen Ane Pescador Uralde erizainak ere. Izurriaren larritasuna ukatu gabe ere, jende asko poztu da neurri murriztaile batzuk bertan behera geratu direlako. Batzuek hilabeteak zeramatzaten lagun minak eta senideak ikusi gabe, itsasertzera edo leku kuttunera joan gabe, edo lanik egin gabe, ordutegien eta mugen zorroztasunagatik. Eta horrek guztiak ere eragina du osasunean. 

Egoerari irtenbidea aurkitu nahian, hausnarketa kolektiboa eta proposamen zehatzak bildu dituzte arlo askotako akademiko eta profesionalek, COVID-19aren Liburu Zuria deitutako dokumentuan. Egileen helburua bikoitza da: gizartea gogoeta egitera bultzatzea, batetik, eta, agintariei zientzian oinarritutako erabakiak hartzeko tresnak eskaintzea, bestetik. Bitartean, pertsona askoren egunerokoa nahiko urruti dago horretatik, eta, gutxi edo gehiago, badago kezka ez ote dituzten prebentzio neurriak ahaztuko. Josep Lobera Serrano soziologoak horretan eragiten duten bost faktore nagusi identifikatu ditu: arriskuaren pertzepzioa; neurrien ordaina; ingurukoen portaera; osasun-arduradunengan konfiantza; eta pentsamendu konspiranoikoa. Loberaren esanean, neurrien ordaina da garrantzitsuena: neurriak betetzeko beharrak ez die berdin eragiten denei.

Eragozpen handienak sortzen dizkieten taldeen artean, adibidez, gazteak daude. Horregatik, gazteei sozializatzeko alternatiba seguruak eskaintzea proposatzen du Loberak, eta gogorarazten du hiesaren aurkako kanpaina eraginkorrenak ez zirela zelibatoa eskatzen zutenak, baizik eta sexu segurua bultzatzen zutenak. Gainera, txertaketak aurrera egin ahala, paradoxa gero eta nabarmenagoa izango da: helduenak immunizatuta egongo dira, eta neurri batzuk lasaitzeko aukera izango dute; aldiz, gazteek zorrotz betetzen jarraitu beharko dute, jakina den arren, kutsatuz gero, askok eta askok sintomarik gabe gaindituko luketela infekzioa.

Ataka horretan, arauek debekatzen eta baimentzen dutena alde batera utzita, komeni da azpimarratzea zer den on eta zer gaitz, zientziaren ikuspegitik. Lehenik eta behin, ikertzaileek aspaldi frogatu zutena onartu du OMEk: birusaren transmisio-bide nagusia aerosolak dira. Hortaz, kutsatzeko arriskua asko jaisten da aire zabalean. Jende artean egonez gero, maskarak ezinbestekoa izaten jarraitzen du, baina edozein jarduera seguruagoa da kanpoan, barruan baino.

Horrekin lotuta, maiz aipatu da tabernen eta jatetxeen barrualdeak leku arriskutsuak direla, jateko eta edateko maskara kendu behar izaten baita. Bada, Espainian ostalaritzan hartutako neurrien eragin epidemiologikoa neurtu duten hogei ikerketa aztertuta, ondorioztatu dute ostalaritza ixtea eraginkorra dela intzidentzia jaisteko, bereziki, barrualdeak. Hego Euskal Herriko ostalaritza, barru zein kanpo, irekita dagoen honetan, aintzat hartzekoa. Eta tabernak alde batera utzita, aire zabalean egin daitezkeen gauzen artean ariketa fisikoa dago: ibili, patinatu, korrika egin, txakurra atera, haurrekin jolastu… Madrilgo San Carlos ospitalean egindako ikerketa batean, frogatu dute, COVID-19agatik ospitaleratutakoetan, ariketa fisikoa egiten zutenek zortzi aldiz probabilitate txikiagoa zutela hiltzeko, bizimodu sedentarioa zeramatenek baino. Kanpoan ibiltzeko beste arrazoi on bat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia