}

Zementuzko monumentu megalitikoa

2001/01/15 Elhuyar Zientzia

Stonehenge-ko ia harri guztiak tentetu, mugitu edo zementutan bermatu dituztela argitu du ikerketa batek.

Britainia Handiko arkeologia-aztarnategi ezagunenak milioi bat bisitaritik gora jasotzen ditu urtero, eta duela 4.000 urte eraikitako monumentuak bere horretan jarraitzen duela uste dute denek. Baina 1901 eta 1964 artean ia harri guztiak "konpondu" zituztela eman du aditzera arkeologia-ikasle batek bere doktore tesian. Orain ikusgai dagoen Stonehenge duela 4.000 urteko ustezko itxuran oinarrituta egindako berreraikitzea dela adierazi du. Gainera, metodologia horrekin zaharberritu den bakarra izan ez delakoan dago.

Zaharberritzea 1901ean hasi zen. Okertutako harri bat tentetu eta zementuz bermatu zuten, eror ez zedin. Berritze gogorrenak, ordea, 1920an egin ziren. Orduan 6 harri berriz zutik ipini ziren. 1958an garabiez baliatuz beste hiru harri tentetu ziren, eta lurrean erorita zegoen "ateburu" erraldoia berriz ipini zen zegokion lekuan. Azkenik, 1964an, lau harri behar bezala kokatu ziren jaus ez zitezen.

Stonehengen XX. mendean egindako zaharberritze-lanak monumentuaren gidaliburuetan azaltzea onartzekotan da Ingalaterrako ondareaz arduratzen den elkartea, publikoak monumentu zaharren egia osoa ezagutu dezan. Tesiak, ordea, bestelako eztabaida ere piztu du. Non dago ezinbesteko zaharberritzearen eta berreraikitzearen arteko muga?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia