}

Stonehenge, neoilitikoko behategi astronomikoa

1999/10/10 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Arkeoastronomiaz hitz egitean Stonehenge-ri buruz hitz egitea nahitaezkoa da. Noiz eta nola eraiki zuten? Zertan erabiltzen zen? Nortzuk ikertu dute toki hori?

Stonehenge Salisburyko lautadan kokatua dago, Londresetik 100 kilometro ingurura. Bertan 2 eta 35 tona arteko arroka ikaragarriak pilatzen dira, Neolitoak eman dituen eraikuntzarik ederrena osatuz.

Hain arkitektura bitxia osaturik, aspaldikoak dira Stonehenge-ri buruzko istorioak eta kondairak. Erdi Aroan bizi izan zen Geofrefrey Monmouth-ek idatzi zuen kondaira batek zioenez, eraikuntza harri bihurtutako erraldoien bilkura zen. Horregatik deitu omen zitzaion Erraldoien Dantza. Gizon berak, beste kondaira bat ere utzi zuen idatzia; horren arabera, harriak Merlin magoak Irlandatik eramandakoak omen ziren, bretoien hileta ikaragarri bat ospatzeko. Stonehengeko misterioaren xarmak Ingalaterrako Jaime I erregea ere harrapatu zuen. 1620. urtean, Jaime erregeak Iñigo Jones arkitektuari harri-multzoa ikertzeko agindu zion, nahiz eta arkeologia -ikerketa-lerro bezala- oraindik sortu gabe egon. Jones arkitektoaren arabera, harri-multzoa 79. urtean erromatarrek zeruari eskainitako monumentua zen. Erregea konforme geratu bazen ere, bere arkitektua motz geratu zen, erromatarren garairako milaka urte baitzituen Stonehengeko harri-multzoak.

XVII. mendeko beste ikerlari batek, John Aubreyk, monumentua druidek eraikitakoa zela erabaki zuen. Garaiko ikerlariek aintzat hartu zuten Aubreyren teoria, baina oker zeuden, druiden garaietarako Stonehengen zaharra baitzen. Hala ere, teoria haren ondorioz, Salisburyko lautadako harrien misterioa magiarekin lotu zen. Harriek gaixotasunak sendatzen zituztela, umeak izateko arazoak konpontzen zirela bertan bikotearekin lo eginez gero, deabruaren tokia zela….

Misterioa XX. mendeko lehen urteetan hasi zen argitzen, eta argitasuna ez zen arkeologiaren eskutik iritsi, baizik eta astronomiari esker. 1901. urtean Sir Norman Lockyer astronomoak egiaztatu ahal izan zuenez, udako solstizioan aldareko harriaren ondoan jarri eta pareko harriari -erreferentziazko harriari- begiratuta, eguzkiaren irteera zehaztasunez ikus zitekeen; hau da, Stonehenge eguzki-tenplua zen.

Lockyerren kalkuluen arabera, eguzki-tenplua Kristo aurretik 1.800 urte lehenago eraiki zen. Karbono-14 erabilita gerora egin diren kalkuluek diotenez, Stonehenge Kristo aurreko 2.800. urtean eraiki zuten. Beraz, eraikina ezin zen ez asiriar, ez mizeniar, eta ez grekoa izan, eta gaur egun uste denez jatorri aurrezeltikoa zuen zibilizazio neolitikoren batek egin zuen.

Edonola ere, gaur hobeto ezagutzen da harri-multzoen funtzioa. Aldareko harriak udako solstizioan eguzkiaren irteera markatzen duen bezala, erdian kokatutako menhirrek neguko solstizioeetan eguzkiaren eta ilargiaren irteera eta sarrera markatzen dituzte. Beraz, Stonehenge behategi astronomikoa da, eguzki- eta ilargi-eklipseak iragartzeko kalkulagailu gisa ere erabil daiteke eta. Baina izan, eguzkia eta ilargia gurtzeko tokia da. Horregatik sakratua zen eta lurretik atera diren aztarnak ikusita ondoriozta daitekeenez, hainbat errito egiteko tokia zen.

Stonehengen egitura desberdinak ikus daitezke:

  • Dolmenak : zutikako bi harri gainean etzaniko beste bat dutela. Zutikako harriek 25 tonako pisua dute eta etzanikoak 7koa.
  • Menhirrak : zutik jarritako harriak.
  • Cromlechak : menhirrak erabiliz egindako zirkuluak.

Sekzio nagusian 30 zutabe daude, 17 harriz estalita. Harriz egindako zirkulu horrek 29,6 metroko diametroa du. Hiru metro barrurago 2 metroko 60 menhirrek osatzen duten sekzioa dago. Dirudienez, lehen gainean jarritako harriez estalita zeuden, baina orain 20 besterik ez daude. Barrurago tamaina handiko bost dolmen daude; erdian handiena, 8 metrokoa, eta alboetan lau txikiagoak. Horren, barruan 19 menhir daude, 3 metro ingurukoak. Azkenik, erdian, aldareko harria dago, 4,8 metroko harria. Horren guztiaren inguruan -bueltan, zehatzago esanda- hainbat zulo eta lur-muino, eta haratago -37 metrora- erreferentzia-harria, 35 tonako harritzarra. Nola eraiki zen?

Salisburyko lautadako multzo-megalitikoak, ikaragarrizko planifikazio- eta eraikitze-ahalegina adierazten du. Dirudienez, ez da hasieratik egindako planifikazioaren emaitza, 40 belaunalditan forma desberdinak eman baizitzaizkion. Gaur egungo arkeologoen arabera, Stonehengen hiru eraikitze-fase nagusi egin ziren. Lehen fasea Kristo aurretik 2.800 urte lehenago egin zen. Erdiko zirkulua egin zen, erreferentziazko-harria kokatu zen , baita lau urtaroen adierazle diren harriak ere. Beraz, lehen faserako kokatuta zeuden eguzkiaren eta ilargiaren adierazle nagusiak.

Bigarren fasea Kristo aurreko 2.100. urtekoa da. Bigarren sekzioko harriak jarri ziren -datu guztien arabera, kostaz kosta Galestik ekarrita hasieran eta gero arrabolak eta sokak erabilita-. Harriak jasotzeko lehenik zuloa egiten zen, gero, poliki-poliki, palankak, sokak eta habeak jarrita, altxatu egiten zituzten beren pisuak zulora sartzera behartzen zituzten arte. Egituraren kanpoaldean dauden zuloek adierazten dutenez, eraikitzaileek harri gehiago sartzeko asmoa ere bazuten, baina ezin izan zuten lana bukatu.

Azken fasea -1.500 urte Kristo aurretik-, zirkulu barruko harriak eta aldareko harria jarri ziren, hau ere Galesko mendietatik ekarritakoa. Horrela egin zen behategi astronomiko zahar hau.

Ikaragarri dotorea bada ere, Stonehenge ez da munduan dagoen Neolito garaiko multzo astronomiko bakarra, Europan badira hainbat, baita Egipton eta Amerikako Estatu Batuetan eta Mexikon ere. Multzo horiek ere aurrezeltikoak ote dira? Galdera ez da batere erosoa arkeologoentzat eta historialarientzat, hori horrela balitz -besteak beste- Atlantikoa uste dena baino askoz ere lehenago zeharkatu zela esan nahiko bailuke.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia