}

Zelulosaren sekretuak

2002/01/07 Elhuyar Zientzia

Zelulosa landareen oinarrizko osagaietako bat da, erresistentzia eta malgutasuna ematen baitie, baina gizakiok ere makina bat erabilera ematen diogu. Papera, zura eta kotoia zelulosa dira, azken batean. Eta, hala ere, oraindik ez dago oso argi landareek zelulosa nola sintetizatzen duten.

Zelulosa glukosa-molekulaz eginiko kateen sarea da. Zientzialariek bazekiten CesA izeneko entzima-familia aritzen dela kateetan glukosa-unitateak eransten, baina entzima horiek ez dira kateak sortzeko gai. Hau da, kateak luzatzeko gaitasuna besterik ez dute. Kaliforniako Unibertsitatean kateak nola hasten ote diren ikertu dute, eta sitosterol deritzon molekula batek parte hartzen duela ikusi dute. Sitosterola, kolesterolaren antzeko substantzia, glukosa-molekula batekin konbinatzen da, eta hortik aurrera lehen aipatutako entzimak lanean hasten dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia