Elhuyar zientziaren komunikazioa

Zuntz begetala

1989/01/01 Gonzalez, Edorta | Garcia, Oscar Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zuntz begetalaren garrantzia ez du inork ukatzen eta gure artean gero eta gehiago kontsumitzen da. Jan-neurri orekatu eta osasuntsuan zuntz begetalaren presentzia ezinbestekoa dugu. Baina zertan oinarritzen da bere eragin lagungarria?

Sagarraren azalak pektina asko du.

Lehenbizi, azukre edo karbohidratoen egituraz zenbait kontzeptu orokor gogoratuko dugu. Azukre guztien unitaterik sinpleena monosakaridoa da, unitateen kopurua batetik milarainokoa izan daitekeelarik. Glukosa (C 6 H 12 O 6 ) adibidez, mahatsaren azukrea da eta unitate bakar bat baino ez du. Sakarosak, etxean dugun azukre arruntak, bi monosakarido ditu eta azkenik zelulosak (landaretan dagoen karbohidrato batek), 8.000tik 10.000raino. Monosakaridoak lotzeko bi motako loturak ager daitezke: -glukosidikoak eta -glukosidikoak.

Eta hortxe dago gakoa hain zuzen; gure organismoan dauden entzimek lehenengo loturari erasotzen dioten bitartean, ez diote gauza bera egiten lotura -glukosidikoari. Elikagaietan konposatu ugari lotura -glukosidikoz elkarturik daudenez gero, animaliek (eta guk noski) ezin dituzte jangaiok zuzenki aprobetxatu. Horri aurre egiteko, animalien (gizakia barne) eta bakterioen arteko sinbiosia dago eta mikroorganismoek -lotura hori apurtu egingo dute eta geroago animaliak azukre-molekula handiaren zatikiak aprobetxa ditzake.

Gizakian, gure hesteetan —bai hesteitsuan, goranzko kolonean nahiz hestemeharraren alde distalean— bakterioak daude eta lotura -glukosidikoak apurtzen dituzte. Hala ere hautsi dezaketen zelulosa-kantitatea oso eskasa da.

Zuntz begetala oso termino konplexu eta zabala da: gizakiaren liseri-urinek erasotzen ez dioten, edo egitekotan %100 baino gutxiago erasotzen dioten begetaletatiko hondakinak dira.

Zuntzaren barruan ondoko produktuak sartzen dira:

  • Zelulosa: 3.000 edo 8.000tik 10.000 bitarteko glukosa-unitatez osaturik dago. Naturan agertzen den konposatu organikorik ugariena da. (1,4) loturak dituenez gero, gizakiak ezin du aprobetxatu. Uretan ez da disolbagarria, egitura lineala izateagatik. Aipaturiko egitura kimikoa oso egonkorra da hidrogenozko loturei esker.
  • Hemizelulosa: Bere baitan 250 produktu desberdin ditugu. Konposaketa konplexua izategatik ondokoak bereiz genitzake: bospasei monosakarido desberdin, horietako batzuek azido glukuroniko eta azido galaturonikoa dituztelarik. Xilosa eta neurri txikiagoan manosa, galaktosa, glukosa eta erramnosa dira aipagarrienak. Horiekin batera eta konbinaturik, mananoak eta xilanoak agertzen zaizkigu. Begetalen zurezko materialen %15-%20 hemizelulosa da. Bere tamaina zelulosarena baino txikiagoa da. Hemizelulosaren barruan dauden produktuek, ur-kopuru handiak finkatzen dituzte eta zenbait hemizelulosak katioiak finka ditzake, horren ondorioz hestea narritatu eta gorotz-iraizpenari lagunduz.
  • Lignina: Fenilpropanoaren eratorkin ez-hidrokarbonatuak dira. Bere pisu molekularra 1500-4000 daltonekoa da.
    Behazun-gatzen kopuru handia finkatu, beren xurgapena atzeratu eta haien gainean liseri-hodiko bakterioek ihardun dezaten ebitatzen du. Molekula honen eragina koloneko minbizi eta kolesterolaren murrizketan nabaria omen da, azken ikerketek diotenez.
  • Pektina: bere pisu molekularra 60.000 eta 90.000 bitartekoa da. Osagai nagusia azido galakturonikoa da eta proportzio aldakorrean galaktosa, arabinosa, erramnosa, fukosa, etab... Horma begetal eta landareen hutsune intrazelularretan dago. Ura zurgatzeko gaitasun handia erakusten du. Barazki eta fruitu fresko askotan dago; sagarretan eta haien azaletan, esaterako. Katioiak eta behazun-gatzak finkatzen ditu eta ondoren organismoak degradatzen ditu. Hori dela eta, Sobietar Batasunean metal astunekin lan egiten duten langileen jar-neurrian sartzen da.
  • Gomak eta muzilagoak: Oso konposatu adarkatuak dira. Batzuek azido glukuronikoa dute eta beste batzuek azido galakturonikoa (gehienetan, bion nahastea dago) eta tartekaturik xilosa, arabinosa eta manosa.
    Uretan disolbatzen dira eta loditzeko edo produktu eranskor gisa erabiltzen diren gelak sortzen dira (goma arabiarra dugu hau).
  • Agar-a: Alga eta itsas belarretatik erauzten da. Manosa, xilosa, glukosa eta azido glukuronikoz osaturik dago. Bi bariante bereiz ditzakegu: agarosa eta agaropektina.
  • Alginatoak: Azido manuroniko eta azido glukuronikoz osaturik daude. Farmazi industrian erabiltzen dira eta bestalde, gozotegi-industrian agente loditzaile eta emultsionatzaile gisa.
  • Azido fitikoa: Kaltzio(II)- eta magnesio (II-kopuru handiak finkatzen ditu.
  • Azido koipetsu hidroxilatuak.
II. taula.

Elikaduraren ikuspuntutik duen garrantzia

  1. Zuntza aprobetxatzeko entzimarik ez dago.
  2. Produktu batzuk (pektinak) aprobetxatzen dira, sinbiosi bakterianoari esker.
  3. Zuntzaren papera ez da elikatzea. Beraz, zergatik existitzen da naturan? Zergatik bere kontsumoa murriztu ahala gaixotasun batzuk handitzen dira, adibidez koloneko minbizia, diabetea, loditasuna, diafragma-etena, barizeak, infarktuak, hemorroideak, etab...?
Agarra algetatik erauzten da.

Indibiduo batek zuntz gutxi hartzen badu, gutxiagotan egingo du kaka eta gainera ahalegin handiagoak egiten ditu zuntz ugari hartzen duenak baino. Abdomeneko presioa igo egiten da eta horren ondorioz diafragma-etena, barizeak, hemorroideak,... etab. agertuko dira.

Janari normalak hesteko lehenengo metroan liserituko dira. Hestea hutsik badago, defekazioari laguntzen dioten muskuluak ez daude egoera aktiboan. Janariak hondakin gutxi uzten badu, aurreratzeko hesteko higidurak geldoak dira. Zuntz-hondakin handia egonez gero, ur-kopuru handia xurgatzen delako hesteko higidurari laguntzen zaio eta hesteko iragate-denbora murriztu egiten da. Koloneraino heltzean, hidrolisia gertatzen da eta narritatzaile diren azidoak askatu eta beren iraizpenari laguntzen zaio.

Iragate-denbora, I. taulan ikus daitekeenez, zuntza duten jan-neurrietan erdia da, zuntzik gabekoekin konparatuta. Pisu-diferentzia ur ligatuari zor zaio, eta ez substantzia solidoei.

Bestalde, zenbat eta ahalegin handiago egin abdomeneko presioa altuagoa izango da eta gorozkien tentsioa ere handitu egingo da. Hortaz, gorozkiak apendizera iragateko eta apendizitisa izateko posibilitatea nabarmenki igoko da.

Aurrekoa arazo dinamikoa da, baina arazo metabolikoak ere agertzen dira; esaterako, populazio primitiboek diabetiko-kopuru txikiagoa dute.

Artazopak gosari egokia dira zuntz askoko dieta izan nahi bada.

Antza denez zuntzak funtzio erregulatzailea du, organismoan glukosa-kopuru handiak metatzea ebitatzen du, eta zuntzaren kontsumoak urdaila husteko denbora luzeagoaren beharra dakarrenez, hesteetara azukre gutxiago sartzen da, beren xurgapena txikiagoa izanik. Horren aurrean intsulinaren erantzuna txikiagoa izango da eta beraz diabetea izateko posibilitatea ere bai.

II. taulan (D.E.A.) Diabeterako Erakunde Amerikarrak diabetikoen zenbait datu eskaintzen dizkigu.

Jan-neurrian zuntza hartzen zuten gaixoek, bi aste eman ondoren intsulina hartzeari utzi ahal izan zioten. Karbohidratoak har daitezke zuntzarekin batera janez gero.

Janari baten zuntz-edukina, frijitzearekin txikiagotu egiten da eta batzuetan egosita handiagotu egin daiteke.

Beste alderdi interesgarri bat, infarktu eta arteriosklerosiarena da. Zuntza ugari kontsumitzen duten populazioetan infarktu gutxi dira. Zuntzek kolesterola eta gibelean fabrikaturik eta kolesteroletik datozen behazun-azidoak zurgatzen dituzte. Gibelak zenbat eta behazun-azidoen kopuru handiagoa sintetizatu, kolesterola urriagoa izango da. Behazun-azidoak ez dira iraizten. Izan ere alde distalean gibelera bueltarazi eta berraprobetxatuak izaten dira. Ziklo honek funtzionatzen duenean, gibelak behazun-azidoen %10 besterik ez du sintetizatu behar. Guk zikloa eten egiten badugu, gibelak behazun-azido gehiago sintetizatu beharko du eta kolesterola murriztu egingo da.

Hori senide-hiperkolesterolemiako gaixoen kasuan kolestiraminaz egiten da, baina zuntzak era naturalean burutzen du lana. Gainera iragate-denbora zenbat eta laburragoa izan, gero eta kolesterol-kopuru txikiagoa xurgatuko dela hartu behar dugu kontutan. Minbiziarekin duen erlazioaz, gibelak sintetizaturiko behazun-azidoak azido kolikoa eta azido kenodesoxikolikoa direla aipatu behar da. Hala eta guztiz ere, hestean hartutako behazun-lagin batean ondoko azidoak topa ditzakegu: azido kolikoa, kenodesoxikolikoa, desoxikolikoa, litokolikoa eta iherduera bakterianoak eraturiko eratorkin asko.

Hesteko bakterioek azido kolikoa desoxikoliko bihurtu eta halaber kenodesoxikolikoa litokoliko eraldatzen dituzten entzimak dituzte. Sistema entzimatiko horrek funtzionatuz gero, zenbait produktu sortzen dira eta kolonera pasatzean narritatu egiten dute. Eragin horrek, egunak joan egunak etorri, koloneko azken zelulen eraldaketa neoplastikoa (minbizia) dakar.

Aldameneko elikagaiek zuntz asko dute.

Zuntzak iharduera bakterianoa zailtzen du; iragatea arindu eta azido desoxikoliko nahiz litokolikoen eraketa moteldu egiten bait dira. Bestalde ur gehiago eramateagatik aipaturiko azidoak disolbatuago egongo dira, haien ekintza murritzagoa izanik.

Behazuna hogeitamar bat substantziaz osaturik dago, haien artean kolesterola eta behazun-azidoak daudelarik. Lehena behazunean disolbagarria da, baina uretan ez. Azido desoxikolikoaren kontzentrazioa gehiegi igotzen bada, kolesterola prezipitatu eta gibel-harri ak eratuko dira.

Konposatu guzti hauek finkatzeko gaitasuna, janarien arabera aldatzen da, III. taulan erakusten denez.

III. taulako datuetan koloneko minbiziaren aurka lignina babestailerik onena dela ikus daiteke.

Laktulosa sendagai laxantea da eta behazun-azidoak deskonposatzen dituzten bakterioen iharduera entzimatikoa inhibitzen du. Horregatik azido desoxikolikoaren kontzentrazioa txikiagotu eta harriak sortzeko joera txikiagotu egiten da.

Laktulosaren hartziduran izandako pH-aren aldaketak, deskonposizioaren iharduera entzimatikoa inhibitzen du eta kolesterolaren maila igo erazi egiten du, bere prezipitazioa eta harrien eraketa baztertzen direlarik.

III. taula.
IV. taula.
Zenbait jangaien zuntz-edukina.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia