}

Zelula ama helduak auzitan

2002/03/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Zelula-ama helduek ‘gaztetu’ eta edozein ehun sortzeko duten gaitasuna zalantzan jarri dute Nature aldizkarian argitaratu diren bi ikerketak. Eztabaida segituan piztu da.

Zelula amen inguruko edozein albistek zalaparta handia sortzen du, eta gaurko hau ez da gutxiago izango. Dagoeneko nonbait irakurri dut zelula ama helduek ez dutela aplikazio medikoetarako balio frogatu dela. Ez da hori, noski, Nature aldizkarian argitaratu dena, baina pil-pilean dagoen gaia izaki, nekez egiten dio ihes sentsazionalismoari. Are gehiago, enbrioien zelula amak erabiltzeko debekuaren aldeko argudioetako bat zelula ama helduen baliotasuna denean.

Gaur egun, zelula ama helduek euren DNA birprogramatu eta enbrioien zelula amaen baliokideak bihurtzeko gaitasuna dutelako usteak indar handia du, batez ere ikerketa batzuetan ikusi delako odoleko zelula amak gai direla neurona edo muskuluetako zelula bihurtzeko. Horregatik, zelula ama helduak endekapenezko gaixotasunak tratatzeko bidea izan daitezkeela uste da, enbrioietara jo gabe. Hala ere, ikertzaile asko oso eszeptiko daude, eta zelula ama helduen gaitasuna askoz ere mugatuagoa dela aldarrikatzen dute; hots, helduak izaki, ezin dutela edozein zelula bihurtu.

Zelula hibridoak

Ikerketa batzuetan ikusi da odoleko zelula amak neurona bihurtzeko gai direla.

Nature aldizkarian atariko emaitza zehatz eta teknikoak aurkeztu dira. Floridako eta Edinburgh-eko unibertsitateetako ikertzaileek, zelula ama helduen ‘gaztetzeko’ gaitasuna frogatu nahian, bizkarrezur-muineko eta garuneko zelula ama helduak enbrioien zelula amekin batera ipini dituzte. Eta zelula ama helduak enbrioien zelula amekin fusionatu egiten direla ikusi dute; hau da, itxuraz ‘gaztetu’ direla ematen badu ere, emaitza zelula hibridoak direla. Zelula hibridoek enbrioien ama-zelulak bezala jokatzen dute, beste zelulatan bereizten dira, baina anormaltasun garrantzitsu bat ere badute: DNA bikoiztuta dute, hots, zelula-ama helduen eta enbrioien zelula-amen DNAk, biak, dituzte.

Zelulen fusioa fenomeno arraroa da, eta ikertzaile horiek oso baldintza berezietan behatu dute, baina kezka handia sortu du. Izan ere, zelula hibridoak ez lirateke medikuntzan erabiltzeko onargarriak izango. Edinburgh-eko eta Floridako ikertzaileek esan dute fusioaren fenomenoari arreta gehiago jarri behar zaiola eta, aplikazio medikoez hitz egin aurretik, mekanismoak ondo ulertu behar direla; zelula ama helduak muskulu edo neurona bihur daitezkeen jakitea bezain garrantzitsua baita hori nola gertatzen den argi izatea. Izan ere, fusionatutako zelulak gaixotasun-iturri izan daitezke.

Informazio gehiago:
Nature aldizkariaren web gunean

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia