}

Zein da Stradivarius biolinen sekretua?

2003/08/31 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Melomano izanda ere, musikan amateur hutsa naiz, eta muga asko ditut den-dena ulertzeko. Ezin da dena ulertu. Hala ere, biolin baten truke 920.000 dolar ordaindu dituztela irakurtzean, jakin-mina piztu zait; zentzuzko azalpenen bat izango du, ezta?
Amati biolinen diseinua.

Nik dakidala, Antoni Stradivarik egindako biolinak ez daude inon salgai; gehienez, enkantean jartzen dituzte. Ulertzekoa da, ez baitago horrelako instrumentu bati prezioa jartzerik, hain du soinu goxoa… Latinezko Stradivarius izenak maisu handi horrek egindako biolinei egiten die erreferentzia; beraz, kontzertu baten iragarkian edo CD baten azalean, soinuaren kalitatearen bermea da hitz hori.

Dena dela, onartu behar dut nire belarriak ez lituzkeela bereiziko Stradivarius baten eta gaurko ia edozein biolinen soinua. Bada bereizteko gaitasuna duena, baina gehienok ez gara horretarako gai. Eta, adituen arabera, Stradivarius bati dagokion soinu 'perfektu' hori biolin-jole on batek jotzen badu bakarrik entzungo dugu. Stradivarius batekin ere, ikasle batek ez luke beste biolin batekin baino soinu hobea egingo.

Nolanahi ere, ezin da ukatu Antoni Stradivari biolingileak garaiko biolinik onenetako batzuk egin zituela, eta gaur egun ere instrumentu horiek apartak direla. Baina Stradivari ez zen 'uharte' bat; tradizioak transmititutako teknikak ikasi zituen, eta munduko biolingilerik ospetsuenen jakinduria bereganatu zuen; Niccolo Amati maisuaren ikaslea izan zen, hain zuzen ere. Amati, Guarniei eta Cremona hiriko beste familia batzuk izan ziren nagusi biolingintzan berrehun urtez, 1550-1750 tartean. Beraz, Stradivariusak ez dira salbuespenak; Italiako hiri horretan garai hartan egin zen edozein instrumenturekin dolar asko irabaz daitezke gaurko enkante batean. Dena dela, gaur Stradivarius izena gogoratzen du kaleko jendeak, ez Amati edo besteren bat; arrazoiren bat izan behar du ospe horrek.

Onen artean onena?

Stradivariren sekretua ez omen zen erabiltzen zuen berniza.

Stradivarik ez zituen biolin onak kasualitatez egiten; urteetan landu zuen estiloa. Hasieran, Amatiren biolinen parekoak egiten zituen, baina 1684tik aurrera diseinua aldatu zuen: biolin luzeagoak egiten hasi zen, eta Amatik baino berniz ilunagoak probatu zituen. Esperimentuen garaia izan zen; izan ere, Amatiren estilora itzuli zen, eta berriz ere utzi; pixkanaka, berezko diseinua garatu zuen. Biolinaren proportzioekin ez ezik, zubiarekin eta goiko estalkiaren lodierarekin ere proba ugari egin zituen, instrumentuaren soinua asko aldatzen baita horien arabera.

Biolak, txeloak, harpak eta gitarrak ere egin zituen. Gaur 650 Stradivarius inguru gelditzen dira; kontuan hartu behar da instrumentu jakin batean izen hori idatzita izateak ez duela derrigor adierazten Antonio Stradivarik egin zuela, haren diseinua duela baizik. Hortaz, ez dago arazo handirik, 650 horiek oso ezagunak baitira adituen artean, eta aditua ez den norbaitek edo adituen aholkularitza ez duen norbaitek ez baitu horrelako biolin bat eskuratuko.

Biolin horietako bakoitzak historia bat du atzetik eta, historia horrekin batera, izen bat. Horregatik, ale ezagunak izaten dira. XVII. edo XVIII. mendean Cremonan egindako biolin batez hitz egiten denean, egilearekin batera izena eta urtea aipatzen dituzte. Esate baterako, Rubinoff biolina, 1731koa, Rubinoff izeneko biolin-joleak erosi zuen urteetan munduko biolin onenak probatu ondoren. Gainera, Stradivarius batzuek berebiziko ospea dute, 1715eko Alard biolinak edo 1720ko Piatti txeloak, adibidez. 1679ko Hellier biolina ere adibide ona da, egurra marrazkiez apainduta duen Stradivarius ospetsuena delako.

Sekretuaren bila

Hellier biolina, apainduta dagoen Stradivarius ospetsuena.

Biolin-jole onenek, ahal izanez gero, Stradivariusak eskatzen dituzte kontzertuak emateko. Badituzte horretarako arrazoiak; XIX. mendean instrumentu askoren diseinua erabat aldatu zen, horien artean biolinarena, eta, ondorioz, galdu egin ziren Cremonako biolin zaharren diseinuak eta teknikak. Biolin haiek bezalako besterik ez dago. Jende askoren ustez, Stradivariren sekretua ere galdu zen garai horretan.

Zientzialariek gogor egin dute lan sekretu hori zein den jakiteko. Biolinen zati guztiak analizatu dituzte, baina ez dute osagai magikorik aurkitu; seguru asko, ez dago horrelako osagairik. Stradivarik erabiltzen zuen zura, adibidez, Italian garai haietan eskuragarri zegoen zura zen, eta beste biolingileek ere zura-mota bera erabiltzen zuten. Gainera, biolin horien zura denboraren poderioz lehortu egin da, eta, adituen arabera, gaur duten soinua ez da XVIII. mendean zuten soinu bera.

Dudarik gabe, teoria zabalduena bernizarena izan da. Teoria horren aldekoek uste dute, biolingileak sekreturik izatekotan, bernizaren osagai kimikoren batek izan behar zuela. Susmo horri erantzuteko kimikari askok analizatu dituzte bernizaren laginak. Baina emaitzek ez dute sekretuaren berri eman. Kasu guztietan, Stradivarik erabiltzen zuen berniza Amatik edo Guarnierik erabiltzen zutenaren berdina da; are gehiago, garaiko altzarigileek egurra babesteko erabiltzen zituzten berniz eta substantzia berberak dira.

Stradivarius batzuk museotan daude erakusgai.

Non dago, bada, sekretua? Biolinaren soinuaren oinarri fisikoa ikertzen dutenek ez dute ezer berezirik aurkitu. Sekretua, sekreturik baldin badago, milaka faktorek osatzen dute, artisau on batek elkartuta. Sekretua garai bateko baliabide-multzoa da, eta baliabide horiek landu zituen gizona bera; beharbada, Antonio Stradivari bera zen sekretua.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia