}

Zein da panamako kanalaren etorkizuna?

1990/02/01 Juandaburre, B. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Panama aipagarri izan da azken egun hauetan EEBBen inbasio deitoragarria eta Noriega jeneralaren arazoa direla kausa. Herri honen etorkizunean gertaera hauek garrantzitsuak izanik ere, beste puntu batean egon daiteke Panamaren gakoa. Izan ere, Panamako kanalaren egoera kezkagarri bilakatzen ari bait da.

Panamako kanala munduko nabigazio-puntu garrantzitsuenetakoa da. Urtero 12 000 untzi inguruk erabiltzen du Ozeano Barea eta Atlantiar Ozeanoa lotzen dituen ubide hau. Horrexegatik, kanala Panamako industriarik inportanteena da: kanalaren bidesariak $350 milioi/urte ematen dizkio Panamari, hots, produktu nazional gordinaren %8. Alabaina kanalaren etorkizuna airean dago, lehorte eta deforestazioaren mamuak horizontean ikusten direlako. Lehorteen ondorioz, zenbait alditan (1981 eta 1982.ean esaterako) untzi haundienentzat itxi egin behar izan da kanala. Panamarrentzat kanala egoera egokian mantentzea, hil ala biziko arazo bilakatu da.

Histori apur bat

Panamako kanalak izugarrizko garrantzia du munduko itsas garraioan. Hornos Lurmuturretik pasatzeak 8.000 itsas milia luzatzen du Iparrameriketako ekialdeko portuetatik mendebaldekoetarainoko bidaia eta 2.000 itsas milia Europatik Ekialde Urrunerako edo Ozeaniarako bidaia.

Panamako kanalaren historia nahikoa zaharra da eta jada XVI. mendean espainolek Panamako istmoan kanal bat egitearen posibilitateaz espekulatu zuten. Baina XIX. menderarte ez zen ideia serio eta sakon planteatzen hasi. 1880.ean Compagnie Universelle du Canal Interocéanique izeneko enpresa frantsesak ekin zion lanari. Proiektuaren injinerua Ferdinand de Lesseps, Suezeko kanala egin zuen injineru ospetsua, zen. Arazo tekniko larriek eta tropikoetako eguraldi zakarrek bertan behera utzi zuten lehenengo saio hau. Izan ere, konpainiak porrot egin zuen 1889.ean.

Bigarren kapitulua EEBBak tartean sartu zirenean hasten da. Iparramerikarrek interes berezia zuten Panaman kanala egiteko, beren ekialde eta mendebaldeko kostaldeen arteko itsas distantzia 8.000 itsas milia laburtzen zelako. Horrexegatik 1902. urtean Iparrameriketako kongresuak lege berezi baten bidez, Spooner-en Aktaz alegia, baimena eman zioten lehendakariari $40.000.000etan kanalaren eskubideak frantsesei erosteko. Dena den, bazegoen akta horretan oso klausula garrantzitsua: kolombiarrekin akordio egokia sinatu ahal izana. Panama Kolombiako zati zen garai hartan. Iparramerikarrek kolombiarrekin tratu faboragarririk sinatzea lortu ez zutenez, Panaman matxinada eragin eta suspertu eta Estatu berri bat sorterazi zuten Ertamerikan. Hagi denez, Gobernu berriak ez zien oztoporik jarri gringoen eskakizunei. 1

Kanalaren lanak 1904.eko udan hasi ziren eta eraikitzaileak frantziarrek erabaki ez zituzten puntu biri erantzuna eman beharrean aurkitu ziren. Alde batetik, kanala lurra ebakiz itsas mailan eraikitzea ala esklusen bidez maila-desberdintasunak gainditzea erabaki behar zuten. Bestetik, Txangres ibaia kontrolatzeko zer egin ebatzi behar zuten. 1879.ean Adolphe Godin de Lépinay injineru frantsesak proposatu eta Lesseps-ek bertan behera utzitako ebazpidea aukeratu zen John Stephens injineru iparramerikarraren gidaritzapean: esklusak erabili eta Txangres ibaia kontrolatzeko izugarrizko presa egin. Presa honen ondorioz munduko laku artifizialik handiena, Gatun lakua, jaio zen.

Kanala 1914.eko abuztuan zabaldu zen.

Estatus juridikoa

Panamako kanalaren eskema.

Hasiera batean 1903.ean sinatutako Hay-Bunau-Varilla izeneko tratatuak ezarri zuen kanalaren estatus juridikoa. Tratatu honen arabera EEBBek kanalaren bi aldetan Panama erdibitzen zuen 10 miliako zona eskuratu zuten, bertan subiranotasun guztia zutelarik. Kanaleko Zona Panaman barruan kokatutako kolonia modukoa da. Panamarrei oso mingarri izan zaie arazo hau beti.

Harez gero, beste tratatu batzuk negoziatu ziren 1936 eta 1955.ean, baina 1977.a arte ez zen iritsi panamarren gustoko trataturik. 1977.eko tratatu hau EEBBtako Carter lehendakariak eta Omar Torrijos Panamako lehendakariak sinatu zuten eta aurreko guztiak baliogabetu zituen. Tratatuaren arabera, Panamak subiranotasun osoa du Kanaleko Zonan, baina EEBBei ematen dizkie kanala maneiatzeko, zaintzeko eta erabiltzeko eskubideak. Kanalaren ardura Panama Canal Comission izenekoak du eta aurretik zeuden Panama Canal Company eta Canal Zone Goverment izenekoak desagertu egin ziren. Kanaleko Batzordearen lanak zaintzeko 5 iparramerikarrez eta 4 panamarrez osatutako talde bat antolatu zen. Baina panamarrentzat tratatuaren zatirik inportanteena honakoa da: 2000. urtean kanala panamarren eskuetara pasatuko dela, iparramerikarrek besterik agintzen ez badute bederen.

Gainera, 1979.ean eranskin bat jarri zitzaion tratatuari; Neutralitate-eranskina alegia. Honen arabera, EEBBek eta Panamak kanaletik pasatzea ez zaiola inongo untziri galeraziko ziurtatzen dute.

Kanalaren diseinua

Panamako kanalaren bidesaria tonako $1,72-koa da.

Irudian kanalaren itxura ederki ikusten da. Kanala Karibe itsasoko Kolon hirian hasten da eta hegoekialderantz doa 82 km urrunago dagoen Ozeano Bareko Balboa herriraino. Untzi bat kanalaren mutur batetik besteraino pasatzen denean 200 milioi litro ur isurtzen dira ozeanora esklusak irekitzean. Beraz kanalak izugarrizko ur-hornikuntza behar du martxan aritzeko. Panamako klima tropikal hezeak asko laguntzen badu ere, ura gordetzeko bi urtegi handi daude: Gatun lakua eta 1935.ean eraiki zen Alajuela lakua. Bestetik, untzien tamainak uzten badu, bi untzi pasatzen dira aldi bakoitzean.

Kanalean bederatzi zona edo zati bereizten dira.

  1. 11 kilometroko kanal dragatua: Bahia Limonetik Gatun esklusetaraino.
  2. Gatun esklusak: untziak 26 m-ko desnibela gainditzen du Gatun lakuraino
  3. Gatun eta Alajuela (Madden) urtegiak.
  4. Gatun lakuan 36 km egiten dira.
  5. Kulebra luebakiak 12 kilometro ditu eta bi isurialdeak bereizten dituen mendilerroan zulatuta dago. 150 metroko zabalera du.
  6. Pedro Migel esklusek 10 metro jaisten dute kanalaren maila.
  7. Miraflores lakuak kilometro t’erdiko luzera du.
  8. Miraflores esklusek 16 metro jaisten dute kanalaren maila.
  9. Azkenik itsas mailan dagoen 3 km-ko kanala gelditzen da.

Kanalaren esklusak grabitatez egiten dute lan Gatun, Alajuela eta Miraflores lakutan pilatzen den ura aprobetxatuz. Esklusak elkarren ondoan binaka eraikiak daude, aldi berean untziek bi norantzetan pasatzerik izan dezaten. Esklusak bisagraz lotutako bi orriz osatuta daude eta esklusen paretetan dauden motoreek itxi eta irekitzen dituzte. Esklusa-ontzien tamaina hau da: 300 metroko luzera, 30 metroko zabalera eta 12 metroko sakonera.

Bestalde, esklusen mekanismoa oso delikatua denez, untziak ez dira beren helizeen indarrez pasatzen (oso txikiak ez badira bederen); baizik eta tren-makina batzuek atoian eramaten dituzte.

Etorkizuna: beltz?

Egungo zenbait itsasuntzi handiegi dira Panamako kanalaren esklusetan sartzeko. Horietako lehena Queen Mary transatlantikoa izan zen; 1934.ean erakitakoa. Orain 1.000tik gora dira horrelako untziak. Horietako bat irudiko Queen Elisabeth II da, 315 m-ko luzera duelako. Hori dela eta, egungo kanalari paralelo lihoakion itsas mailako kanal berriaren proiektua aztertua izan da.

Deforestazioa munduak egun duen arazo larrienetakoa izanik, eskualde tropikaletan batez ere, Panama ez dago mehatxu horretatik kanpo. Tropikotako euri-oihanak zolua babesten du. Zuhaitzez estalitako lurzoruek belaki moduan jokatzen dute, euria zurgatuz eta gero astiro-astiro isuriz. Baina arbolak botatzen badira, ura azkar-azkar doa aldatzetan behera urtegietaraino eta hauek ezin diote ur-kantitate handi horri eutsi.

Basoa zutik dagoenean, euritean zurgatutako ura lehortean poliki-poliki askatzen du lurrak. Basoa bota denean aitzitik, horrelakorik ez da gertatzen eta idorraldian lurrak ez du urik askatu ahal izateko. Gainera, lurzorua landaretzaren babesik gabe dagoenez, euriteen kausaz higadura itzela pairatzen du. Urak lurzorua urtegi eta kanaleraino garraiatzen du.

Alajuela lakuan esaterako, urak eramandako sedimentuak oso azkar pilatzen ari dira. Laku honek 1935.etik hona edukieraren %5 galdu du eta egun sedimentuen pilatze-abiadura azkar hazten ari da.

Kanala bera ere sedimentuz betetzen ari da eta ondorioz mantenu-lanak, dragaketa kasu honetan, gero eta garestiago bilakatzen ari dira.

Kanalaren inguruan deforestazioa larria da. Panamak bere basoen %70 galdu du azken 30 urteetan. Lur goldagarri libreen eskasia dago basoa botatzearen funtsean. Lurjabe handi gutxi batzuen eskutan gelditu dira Panamako beterriko nekazal lurrik onenak. Laborari pobreak, gehienak alegia, goldatzeko lurrik gabe gelditu dira. Hauetako nekazari batzuk hiritara jo dute, baina beste batzuek bizirik irauteko nekazaritzari heldu diote. Basoa erre, bizpahiru urtez uzta edo ganadua hazi eta lurra erabat txirotu denean beste basosail bat erre eta hara joaten dira.

Bestetik, 1947.ean lur-eskasiari aurre egiteko Panamako gobernuak kanalarekiko paralelo errepide bat zabaldu zuen ordurarte birjina zen oihanean; kanaleko urtegien arroan gainera. Errepidea irekitzeak, industria batzuk bertaratu zituen eta gainera lursail asko nekazarien eskura jarri zituen. Eskualde hartan populazioak oso azkar egin zuen gora; Panamako beste eskualdetan baino sei bider azkarrago.

Alabaina, arazoaren muina pobrezia da. Panamar arruntek basoa botatzeari ekiten diote, lanbide hori epe laburrera kaltegarria izango dela kontutan hartu gabe, beste bizibiderik ez dutelako. Bestetik, Panama eta EEBBen arteko gatazka aitzakiatzat hartuz iparramerikarrek diru-laguntzak erabat kendu dituzte, Panamako ekonomia kinka larrian ipiniz.

Bestetik, Panamak basogintz arloan Hegoameriketako politika eta legeriarik zorrotzena du duela bi urtetik hona. Baina arazo ekonomikoek legeria hori aplikatu ahal izatea oso zail bilakatu dute. Gainera basoa botatzea debekatze hutsak ondoriok positiboak ez eta negatiboak ekarri ohi ditu, nekazariek kontserbazio-kanpainak beren bizitza arriskuan jartzen duten etsaitzat hartzen dituztelako.

Basoak iraun dezan eta hartzen duen azalera zabal dadin nahi bada, subsistentzi nekazariei bizibide berria eskaini behar zaiela argi eta garbi dago. Bestetik, nekazariei beren etorkizuna basoen irupenak bakarrik ziurta dezakeela irakatsi behar zaie. Beraz, Panamako kanalaren etorkizuna bi ardatz horiei lotu behar zaie: laborarientzako bizibide alternatiboei eta hezkuntz lan sakonari.

Azken urteotan bi ardatz horiei lotu zaie Panamako gobernuak zenbait atzerriko Laguntz Agentzien laguntzaz eginiko esfortzua, nahiz eta iparramerikarren boikot ekonomikoak lagundu ez. Politika honen ondorioak eta emaitzak ikusteko goiz da oraindik, epe luzeko langintza delako, baina jorra daitekeen biderik egokiena hori dela erakutsi dute munduko beste toki batzuetan egin diren esperientziek.

Hala eta gutiz ere, egoera politikoaren aldaketak zein ondorio izango du?


1

EEBBak Panamako barne-arazoetan zuzen-zuzenean eskua sartzea ez da gaur goizekoa beraz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia