}

Zalantzak neandertaltzat jotako artearen egiletzaren gainean

2018/09/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zalantzak-neandertaltzat-jotako-artearen-egiletzar
La Pasiegako margoak. Ikerketa batek zalantzan jarri du margoen datazioa, eta, ondorioz, baita egiletza ere. - Arg. P. Saura

Duela gutxi, uranio/torio desintegrazioaren datazio-teknika erabilita,  penintsulako hiru kobazulotako artea neandertalek egina zela ondorioztatu zuten: La Pasiegan (Kantabria), Maltravieson (Cáceres) eta Ardalesen (Málaga). Orain agitaratutako ikerketa batek, ordea, zalantzan jarri ditu ondorio horiek.

Maxime Aubert arkeologo eta geomikimikariak zuzendu du azken ikerketa hori, eta Journal of Human Evolution aldizkarian argitaratu ditu emaitzak. Bi alderdi jarri ditu auzitan, bereziki: Ardalesen isuriz sortutako arroketan dauden aztarna gorriak benetan artelanak ote diren (berez sortuak ere izan daitezke, adibidez); eta La Pasiegako eta Maltraviesoko datu mikroestratigrafikoak zuzenak ote diren.

Joseba Rios Garaizar CENIEH-ko arkeologoari ere hasieratik iruditu zitzaizkion “harrigarriak” neandertalek horrelako artea egiten zutelako hipotesi hura: “Batetik, arraroa egiten zitzaidan testuingurua. Hiru kobazulo horietan bakarrik agertzea eta ez beste inon, gainera. Eta, bestetik, erabilitako metodologia ez da behar bezain zorrotza, edo ez dute azaltzen behar adinako zorroztasunarekin”.

Aldekoen eta kontrakoen arteko liskarra saihestu, eta zientzian oinarritutako eztabaidaren aldekoa da Rios. Hain zuzen, ez du auzitan jartzen neandertalak agian gai izango zirela artea sortzeko, baina, zuhur dioenez, “hain hipotesi harrigarriak froga sendoak behar ditu”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia