}

Ultrakirolariak, burdinazko muskuluak eta garunak

2007/02/25 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hawaiiko Ironman triatloia munduko kirol-proba gogorrenetako bat da: 3,9 kilometro igerian, 180 bizikletan eta 42 korrika. Proba horretan edo antzekoetan parte hartzen duen kirolaria ultrakirolaria da. Eta bada zerbait burdinazko kirolari hori gainerako pertsonetatik bereizten duena: geneak, fisiologia edo dena delakoa.

Triatloia kirol-probarik gogorrenetako bat da, eta, muskuluak ez ezik, burua ere ondo zailduta izan behar da.(Argazkia: Delly Carr / triathlon.org )

Munduko kirol-proba gogorrenetan parte hartzen duten kirolariak besteetatik bereizten dituena zer den jakin nahian, hamaika ikerketa egin dira. Eta ez da erraza ikerketa horiek aurrera eramatea. Berez, askoz errazagoa da beste edozein kiroletan jarduten duen jendeari probak egitea: zinta batean korrika jartzen dute, edo pisuak mugitzen... Minutu batzuetako kontua izaten da, ordu gutxi batzuetakoa, asko jota.

Baina munduko kirol-proba gogorrenetan (ultramaratoiak, Ironman triatloia...) ordu–piloa egiten dute (egunak ere bai proba muturrekoenetan); beraz, kirolarien jarduna ikertzeko kirol-proban bertan egiten dute lan.

Abantaila genetikoa

Aditu batzuen ustez, batzuetan ahaztu egiten zaigu giza gorputzak korrika egiteko eboluzionatu zuela, ehizaren atzetik ibiltzeko, adibidez. Beraz, aurrez ondo prestatuz gero, ia edonor izan liteke ultrakirolaria. Baina geneek ere badute zeresana, eta logikoa da pentsatzea ultrakirolariak genetikoki abantaila duela jarduera gogorrenetarako: jarduera fisiko luze eta gogorretarako gorputz egokia ematen dioten geneen aldaerak ditu.

Ultrakirolari onenak genetikoki kirol gogorretarako jaioak direla esan liteke.(Argazkia: Delly Carr / triathlon.org )

Baieztapen hori ezin da ultrakirolari guztietara orokortu, ordea. Ikerketa genetikoek erakutsi dute ultrakirolari onenetako askok gene jakin batzuen aldaera berdinak dituztela. Beraz, abantaila genetikoaren teoriak badu funtsa, baina ez da erabatekoa, oraindik orain.

Dena dela, egia da genetikak erabakitzen duela kirolari baten oinarrizko fisiologia: muskuluak, arnas aparatua, zirkulazio-sistema eta abar. Muskuluaren kasuan, esate baterako, argi dago kirol-probaren arabera era bateko edo besteko muskulua egokiagoa dela. Ultrakirolariaren kasuan, denbora luzez jardungo duten muskulu erresistenteak behar ditu.

Muskulu horren erregai nagusia gantza da. Gantzak glukosak baino askoz energia gehiago ematen dio muskuluari, baina nekezago erabiltzen da. Bada, ikusi dute ultrakirolariek ohi baino errazago erretzen dutela gantza; nolabait, beste kirolariek baino etekin hobea ateratzen diote gorputzean metatuta dagoen gantzari, eta glukosa gorde egiten dute, aurrerago erre ahal izateko.

Kontrola buruak du

Baina ultrakirolariaren gorputzak, halako abantailak izanda ere, baditu mugak, gainerakoek bezala. Eta gorputzari kalte egin baino lehen muskuluak gogortu egiten dira. Babes-mekanismo bat da hori. Baina ultrakirolariek babes-mekanismo hori atzeratzea lortzen dute, antza.

Ultrakirolariek burdinazko muskuluak ez ezik, burua ere halakoxea dute. Minaren eta ezinaren muturrera iritsita ere, aurrera egiteko gai dira. Ez dute erraz etsitzen.

Noski, entrenamenduak hobetzen ditu muskuluak, eta burua bera ere bai. Baina zer neurritan da berezkoa, eta zer neurritan entrenamenduaren bidez irabazia? Bada, oraingoz erantzunik gabe gaude.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia