}

Txaden egindako aurkikuntza baten arabera, gizakia duela 7-8 milioi urtekoa da

2002/07/11 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Lucy, Abel eta Orrorin ezagutzen genituen. Hemendik aurrera, gizakiaren zuhaitz genealogikoari Toumaï erantsi beharko diogu. Hori da Djourab (Txad) basamortuan iaz aurkitutako hominido-espezie berriaren goitizena. Toumaï duela 6-7 milioi urte bizi izan zen, eta aurkikuntza hori inoiz atzeman den hominido zaharrenaren arrastoa da.
Toumaï-ren garezurra
iturria: M.P.F.T

Txadeko hiru antropologok eta Frantziako antropologo batek egin dute ikerketa eta aste honetan bertan argitaratu dituzte egindako lanaren emaitzak Nature aldizkarian. Michel Brunet
Poitiers-eko Unibertsitateko irakasle eta ikerketaren arduradunaren arabera, Toumaï-ren anatomiak argi uzten du gizakiaren adarrekoa dela eta gorila eta txinpantzeetatik banatuta dagoela. Are gehiago, "badirudi txinpantzearen eta gizakiaren arteko banaketatik oso hurbil gaudela".

Urtebete azterketen emaitzen zain

Aurkikuntzak iazko uztailean egin ziren. Ahounta Djimdoulmalbayek, Djaména-ko Unibertsitateko irakasleak, atzeman zuen garezur ia oso bat izan zen lehen pieza. Ondoren etorri ziren gutxienez bost hominidoren arrastoak diren azpi-barailako zati batzuk eta hiru hagin; baita gerora oso baliagarriak gertatuko ziren animalia askoren hezurdurak ere.

Esan bezala, ikerketa-taldea Txadeko hiru antropologok eta Michel Brunet-ek osatu dute, baina talde horretan haizea ere sartu beharko litzateke. Eskualde horretan ohikoak diren hareazko ekaitzek fosilen lur-geruzak agerian uzten dituzte, eta horri esker, ez dute sakonera handiko miaketarik egin behar izan. Haizearen eraginik gabe, ezinezkoa izango zen antropologoek arrasto paregabe horiekin topo egitea.

Baina haizeak ez du beti alde jotzen, eta hasiera batean laguntza gertatu zena ikerketaren hurrengo pausoetarako zailtasun-iturri izan da. Izan ere, geruza geologikorik ez dagoenez, ezin izan dute dataziorako ohikoa den prozedura erabili. Normalean, isotopoen azterketan oinarritutako datazioa egiten da, baina kasu horretan ezinezkoa zen. Hortaz, fosilen adina inguru horretan aurkitutako gainerako animalien hezurduretan oinarrituta egin dute; beste ikusketa-gune batzuetan aurkitutako animalia-arrastoekin alderatuta, hain zuzen ere. Horregatik, oraingoz, ezin izan da fosil horien data zehatzik eman.

Michel Brunet antropologoak egin du aurkikuntza.

Inoiz aurkitu den hominido zaharrenaren arrastoen aurrean egoteaz gain, arrasto horiek hominido-espezie berri batenak direla ere ondorioztatu da. Espezie berriari Sahelanthropuz tchadensis (Txadeko Saheleko Gizona) izena eman diote. Toumaï espeziearen goitizena, — biziaren esperantza, goranez— Djourab basamortuko biztanleek sasoi lehorra baino lehen jaiotzen diren haurrei ematen dieten izena da.

East Side Story teoriaren aurka

Aurkikuntza hori East Side Story teoriaren aurka doan bigarren pieza dela diote antropologoek. Teoria hori kolokan jarri zuen lehen aurkikuntza, 1995ean, Koro-Toron, aurkitu zuten Abel izan zen,
3-3,5 milioi urte zahar den australopitekoa.

East Side Story teoria Frantziako Kolegioko Yves Coppens-ek atera zuen 1980an. Haren arabera, ekialdeko Afrika kontinentearen gainerako eskualdeetatik bereizten zuen hesi bat zegoen. Hesi hori zela eta, ekialdeko eta mendebaldeko primateek eboluzio desberdina izan zuten; ekialdekoak gizaki bilakatu ziren eta mendebaldeko oihanetan gelditutakoak, berriz, gorila edo txinpantze.

Baina Toumaï eta Abel harresi horretatik 2.500 kilometro mendebaldera aurkitu dira. Abelen aurkikuntzaren ondoren, Yves Coppens-ek bere hipotesia oraindik balekoa zela adierazi zuen ekialdeko Afrikan 3.000 fosil australopiteko aurkitu direlako eta Txaden bakarra. Hala ere, mendebaldeko Afrikan 7-8 milioi urteko fosil zaharra aurkitzen zen egunean, bere teoria zalantzan jarri ahal izango zela esan zuen. Badirudi eztabaidaren garaia iritsi dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia