}

Transgenikoak laborategian eta soroan

2009/04/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ikertzaileek hamarkadak daramatzate transgenikoekin lanean. Zelulen genoman gene jakinak txertatuta, bakterio, landare eta animalia batzuek lehen ez zituzten ezaugarriak izatea lortu dute. Adibidez, teknologia horri esker, badaude poluitutako lurretan hazteko gai diren landareak, esnean giza proteinak ematen dituzten behiak eta txertoak ekoizten dituzten bakterioak.

Berriki, zientzialariek beste urrats bat egin dute bide horretan, eta, landare bat genetikoki eraldatuta, erabat berriak diren konposatuak sortu dituzte. MITeko laborategietan eman dute pauso hori, inkonte-belarrean oinarrituta ( Vinca sp .). Hain zuzen, inkonte-belarrak Hodgkin-en linfoma eta beste minbizi batzuk tratatzeko erabiltzen den binblastina sortzen du berez, baita farmazian interesgarriak diren beste hainbat alkaloide ere. Alabaina, gehienak toxikoegiak dira gizakietan erabiltzeko.

Soroetan landatzen diren transgenikoekin alderatuta, hutsaren hurrengoa dira sendagaiak sortzeko hazten direnak.
(Argazkia: Syngenta)

Toxikotasuna gutxitzeko edo eraginkortasuna handitzeko, landarearen entzima batekin lotuta dagoen genea eraldatu dute MITeko ikertzaileek. Entzima horrek alkaloideen ekoizpenean parte hartzen du, eta hori izan da gakoa landareak konposatu guztiz berriak sortzeko gai izateko. Ikertzaileek adierazi dutenez, oraindik laborategiko probak egiten ari dira, baina ireki duten bidea botika berriak ekoizteko baliagarria izatea espero dute.

Eta itxaropen handia dute baita tabako-landarearen familiako landare batekin lanean ari diren ikertzaile batzuek ere. Izan ere, Estatu Batuetako eta Britainia Handiko ikertzaile-talde batek hiesaren aurkako proteina bat egiteko eraldatu du Nicotiana benthamiana landarea, eta, oraingoz, emaitza onak izaten ari dira.

Proteina hori ez da berria. GRFT izena du, eta alga batek sortzen du. Hiesaren birusaren inhibitzaile eraginkorrenetako bat da, eta gaitz horretatik babestekomikrobizidak egiteko aproposa izan daitekeela uste dute ikertzaileek. Arazo bat du, ordea: ekoizteko erabili ohi den metodoa oso garestia da, eta, horren ondorioz, herrialde askotan eskuraezina da.

Proteina merkatzeko asmoz, ikertzaileak lehen ere saiatu izan dira genetikoki eraldatutako landareen bitartez ekoizten, baina orain arte egindako probetan, landare transgeniko horiek oso proteina gutxi sortzen zuten. Gutxiegi.

Orain, N. benthamiana landarearekin probatu dute, batetik, birusen bidez erraza delako landarearen genoman GRFT proteinaren genea txertatzea, eta, bestetik, dentsitate handietan haz daitekeelako negutegian. Hala, 460 metro karratuko azalera duen negutegi batetik 60 gramo proteina lortu dituzte ikertzaileek. Haien esanean, kantitate horrekin mikrobizidaren milioi bat dosi egin daitezke.

Laborategitik soroetara

Toxikotasuna eta eraginkortasuna neurtzeko lehen probak ere egin dituzte, eta badirudi ez duela arazorik ematen. Hortaz, ikerketarekin aurrera jarraituko dute, eta hurrengo urteetan proba klinikoak egitea espero dute. Ikusiko dugu helburua lortzen duten, eta zenbat denbora igarotzen den bitartean. Izan ere, nahiz eta horrelako proba dezente egiten ari diren, oraindik ez dute kaleratu landare transgenikoen bidez lortutako sendagai bat bera ere.

Hain zuzen, munduan egiten diren landare transgeniko nagusiak soja, artoa eta kotoia dira. Lehenengo biak ganadua bazkatzeko eta autoentzako erregaia egiteko erabiltzen dira, eta, kotoia, ehungintzarako. Landare transgeniko horien bi heren inguru herbibizida bati tolerantzia izateko eraldatuta daude, eta ia gainerako guztia toxina intsektizida bat sortzeko. Horren adibide da Bt artoa, Europan onartua dagoen bakarra. Hala, munduan iaz egin zen sojaren % 70 eta artoaren % 24 transgenikoa zen. Horien aldean, hutsaren hurrengoa dira sendagaiak sortzeko helburuarekin hazten direnak.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia