}

Thierry Juteau: itsas hondoarekin liluratutako geologoa

2007/06/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Atzo, Zumaiako Algorri interpretazio-zentroan , Thierry Juteau geologoak hitzaldi bat eman zuen. Juteau Bresteko Unibertsitateko irakasle emeritua da, eta oso ezaguna da tximinia hidrotermalak bertatik bertara ikusi dituen lehena izateagatik. Hain juxtu, berrogei urte eman ditu itsas hondoko sistema bolkaniko horiek ikertzen, eta bere esperientziaz aritu zen hitzaldian.

Thierry Juteau
(Argazkia: A. Galarraga)

Hasteko, tximinia hidrotermalak topatu zituen egun hura gogoratu zuen Juteauk: “Sekula ez dut ahaztuko 1979ko apirilaren 21a. Egun hartan Kaliforniako golkoaren sarreran urperatu ginen, 2.500 metroko sakoneran dagoen sumendi-katea aztertzera. Lehenago Angus urpeko ontziak argazkiak atera zituen eta laginak bildu zituen, eta, haiek ikusita, leku berezia izan zitekeela susmatzen genuen. Horregatik erabaki genuen hara joatea.

Alvin itsaspekoan urperatu ginen. Hondora iritsi ginenean, lehendik ezagutzen genituen tximinia batzuk ikusi genituen. Tximinia haiek aspaldikoak ziren, hilda zeuden. Bazituzten bizidunen oskolak gainean, baina oskolak desegiten hasiak ziren. Bat-batean, ur iluneko jario bat sumatu genuen parean: tximinia hidrotermal aktiboak ziren. Ikusgarriak ziren benetan, eta inguruan bizidun-piloa biltzen zen: karramarroak, zizareak, ganbak...

Itsas hondoko tximinietatik isuritako laba.
(Argazkia: T. Juteau)

Itsas hondoan 2 ºC-ko tenperatura egoten da, eta, guk inoiz neurtutako tenperatura handiena 23 ºC-koa zenez, 35 ºC ere neur zitzakeen termometro bat generaman. Fumarola haietako batera hurbildu genuenean, ordea, urtu egin zen! Beraz, tximiniatik ateratzen zen jario beltz hura oso beroa zegoela frogatu genuen. Horri esker zegoen oasi hura itsas hondoan. Urperatu ginen hurrengo aldian, termometro egokia eraman eta ura 350 ºC-an ateratzen zela baieztatu genuen.”

Tximinia hidrotermalak oasiak dira.
(Argazkia: T. Juteau)

Uraren konposizioa, gainera, itsasokoaren oso desberdina da: metal sulfuroen kontzentrazio handia du, eta, horregatik, basaltozko tximiniak metal hauspeatuz inguratuta daude. Tximiniak nola sortzen diren, zer ezaugarri dituzten eta haien inguruan zer bizidun dauden azaldu zuen Juteauk.

Munduko ozeano-gandorra zer den eta nola funtzionatzen duen ere argitu zuen. Besteak beste, plaka-tektonikaren motorra dela adierazi zuen, eta lurraren mantua nola berritzen den ere azaldu zuen. Geologiako lezio paregabea izan zen hitzaldia. Haren hitzekin eta erakutsi zituen irudiekin, Algorrin bildutako entzuleei itsas hondoarekiko sentitzen duen lilura kutsatzea lortu zuen Juteauk.

Gehiago jakiteko gogoarekin geratu zenak gaiari buruz irakurtzeko aukera izango du Elhuyar Zientzia eta Teknika -ren urriko alean, Juteauren ikerketei eta itsas hondoko jarduera bolkanikoari buruzko artikulua argitaratuko baitugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia