Elhuyar zientziaren komunikazioa

Tay: xalo jaio eta arrazista eta matxista bilakatu zen programa

2016/03/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Adimen artifizialaren arlotik datoz notiziak. Duela gutxi, Googlek garatutako AlphaGo programak Go mahai-jokoaren munduko txapelduna garaitzea lortu zuen. Handik egun batzuetara, Microsoftek Tay aurkeztu zuen.

Sare sozialetan elkarrizketa arinak eta dibertigarriak izateko diseinatutako programa informatiko bat da Tay. 18-24 urteko gazteei zuzenduta zegoen, eta haiekin izandako elkarrizketetatik ikasteko gai izango zela iragarri zuten, eta,. Baina, AlphaGok ez bezala, ez zuen arrakastarik izan: aurkeztu eta biharamunean bertan behera utzi behar izan zuten.

Berez, ondo hasi zen: lehen mezuan, gizakiekin elkarrekintza izateko irrikaz azaldu zen. Zehazki, “kaixo mundua” esan zuen, planetaren iruditxo batekin eta hiru harridura ikurrekin. Erabiltzaile guztiek, baina, ez zuten tonu berean erantzun, eta Tay-en mezuak gero eta iraingarriagoak bilakatu ziren. Hain zuzen, asmo horrekin diseinatu zuten: berekin elkarrizketatzen zen pertsonaren gaineko informazioa biltzeko, esaten zuenaren arabera, eta hari maila berean erantzuteko.

Bota zituenak botata, argi dago azkar eta okerrerako ikasi zuela. Besteak beste, feminismoa minbizi bat zela esan zuen, Hitlerren alde agertu zen, eta iruzkin arrazistak eta homofoboak egin zituen.

Microsoftek barkamena eskatu eta Tay erretiratu zuen. Hauxe zen haren azken mezua: “Ongi da. Banoa. Erabilia sentitzen naiz”.

Eta bai, erabilia izan zen, eta ez, preseski, Microsoftekoek nahi zuten moduan. Hori bai, badirudi ikasi zuela, eta, beraz, horretan behintzat arrakasta izan zuela. Edonola ere, Microsoftek esan du programa hobetzeko eta berriro probatzeko asmoa duela. Ea hurrengoan zer ikasten duen!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia