STEM posizionamenduan eragiten duten faktoreak

2021/06/18 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Aurreikuspenen arabera, epe laburrean ez da egongo behar adina profesional STEMen inguruan sortuko diren lanpostuak betetzeko. Arazo horri aurre egiteko, ezinbestekoa da STEMen eta gazteen (batez ere nesken) artean dagoen arrakala gainditzea, eta, horretarako, nahitaezkoa da STEM posizionamendua txikitatik lantzea.

Arg. Pernan Goñi Olalde

Baina, zer da STEM posizionamendua? Bada, pertsona batek nola eta zer pentsatzen, sentitzen, hitz egiten eta jarduten duen STEMen inguruan; pertsona bakoitzaren egunerokoan eta hezkuntza formal eta ez-formalean izandako STEM esperientzien bidez eraikitzen dena. Gazteen STEM posizionamenduan hainbat faktore pertsonalek eragiten dute:

  • Gaitasuna eta autoeraginkortasuna: STEM gaitasuna zera da, planteatzen zaizkigun eztabaida zientifiko-teknologikoetan parte hartzeko STEM ezagutza modu ahaltsuan erabiltzeko trebetasuna. Autoeraginkortasuna, berriz,  da ikasleen STEM arloko benetako gaitasunaren eta norbere gaitasunei buruzko usteen artean dagoen aldea. Hala, STEM arloan autoeraginkortasun handiagoa dutenek STEMekiko interes handiagoa sentituko dute. Hala ere, gerta liteke autoeraginkortasunaren pertzepzioa eta benetako gaitasuna desberdinak izatea. Adibidez, neskek kalifikazio hobeak lortzen dituzte, oro har, baita STEM irakasgaietan ere. Hala ere, modu apalean ebaluatzen dituzte euren lorpenak. Mutilak, aldiz, nota txarragoak ateratzen badituzte ere, ez dira hain zorrotzak beren buruarekin.
  • Nortasuna: STEM nortasuna STEM arloko pertsonei lotutako pertzepzio, jarrera, sentimendu eta portaeren multzoarekin erlazionatzen da, eta pertsona horien inguruan duten irudia bakoitzak bere buruaz duen irudiarekin konparatzean garatzen da. STEM profesionalaren estereotipoa gizon zuri buruargi batena da, arrakasta handikoa eta STEM arloan atxikipen handikoa. Estereotipo horrek STEM arlotik urruntzen ditu gazte asko, ez baitute beren burua identifikatzen irudi horrekin. Adibidez, neska askok uste dute STEM profesionalaren irudia bateraezina dela feminitatearekin. Halaber, uste zabaldua da STEM irakasgaiak oso zailak direla, eta horrek atzera eragiten die akademikoki hain aurrean ez dauden ikasleei, oro har, gutxietsi egiten baitituzte beren gaitasunak.
  • Asmoak: STEM asmoak lotuta daude gazteen etorkizuneko ikasketen hautaketarekin. STEM arloko ikasketak hautatzen dituzten gazte askok STEM eremuan lan egiten duten senitartekoak dituzte, eta, beraz, eredu horretan oinarrituta, STEM profesionalak zer diren jakiteaz gain, uste dute beren familiarentzat garrantzitsua dela. Ikasleen asmoei buruzko azterlan baten arabera, ikasleek eta familiek STEM diziplinekiko interes handia duten arren, STEMekiko asmoak oso txikiak dira, eta, adinean aurrera egin ahala, behera egiten dute. Ikasketen hautaketan ere oso nabariak dira nesken eta mutilen arteko desberdintasunak; neskek joera txikiagoa dute STEM ikasketak hautatzeko.
  • Interesak: Interesa berezko motibazioarekin erlazionatuta dago, eta, beraz, bakoitzak STEM jardueretan parte hartzean duen sentsazio pertsonalarekin. 10 urte arteko haurrek, orokorrean, STEMekiko interes handiagoa dute; adin horretatik aurrera, ordea, gazteen interesak behera egiten du, eta joera hori bereziki nabarmena da nesken artean. Normalean, neskek interes handiagoa dute STEM praktikaren baliagarritasunean, STEMek gizartearekin duen erlazioan edo inpaktuan eta, bereziki, pertsonen bizi-baldintzak hobetzean. Mutilek, ordea, interes handiagoa agertzen dute oro har STEM prozesu eta produktuetan, erabilgarritasunik baduten edo ez axolarik izan gabe.

Bost faktore hauetatik abiatuta, CRECIMeko Digna Couso Lagarónek eta Carme Grimalt Alvarok eskema erradial bat garatu dute gazteentzat erabakigarriak diren hiru eremu hauetako alderdiak kontuan hartuz: GIZARTEA, FAMILIA eta ESKOLA.

Egilea: Pernan Goñi Olalde

Gazte baten asmoak ez dira bakarrik oinarritzen ikasketetan eta etorkizun profesionalean, baizik eta bestelako desio batzuetan, hala nola arrakasta sozialean, familia-ikuspegian eta abarretan.

Gizarteak bizitzako helburuei erantzuteko lanpostuak eskaini behar ditu. Hau da, lanak, duina izateaz gain, denbora librea utzi behar du bizitzarako eta adiskideentzat, baita STEMen ere. STEM nortasunaren eraikuntzan, pisu handia dauka gizarteak; hala, oso garrantzitsua da gazteentzat, eta batez ere neskentzat, erreferente positiboak izan daitezkeen STEM profesionalak ikusgai egitea. Agerian utzi behar dira STEM profesionalaren estereotipotik kanpo geratzen diren erreferenteek egin dituzten ekarpenak (emakumezkoak, beste etnia batzuetakoak, maila sozioekonomiko desberdinetakoak…); ez soilik arrakasta sozialeko kasuak, baita bizi-arrakastak ere.

Gazteentzat oso garrantzitsua da familiaren eta ingurunearen babesa, eta eragin handia dauka gazteen STEM posizionamenduan. Zenbait ikerketaren arabera, familien STEMekiko gertutasuna eta jarrera, hau da, familiaren Zientzia-kapitala, oso erlazionatuta dago gazteen STEM eremuko nahiekin. STEM-kapitala duten familietako gazte gehiagok hautatzen dituzte STEM arloko ikasketak, eta, beraz, STEM ikasketak egitea “herentziazko” gai bilakatzen da. Gazteen STEM posizionamendua hobetzeko estrategia bat familien STEM-kapitala sustatzea izan daiteke.

STEM posizionamenduaren hirugarren hanka eskola da. Eskolak STEAM irakaskuntza proposatu behar du, gazteen interesekin lerrokatuta; STEM ezagutza eraikitzeaz eta STEM arloetako gaitasunak garatzeaz gain, STEM esparruan ezagutza guztia nola eraikitzen den ikusteko ikuspegi errealista, gizatiar eta inklusiboa eraikitzen lagundu behar die ikasleei. Irakasleek eta hezitzaileek lagundu egin behar diete gazteei beren eraginkortasuna garatzen, inguruneko eraginak gainditzen eta, inolako inposaketarik gabe eta ezagutzatik, etorkizuneko ikasketen hautua egiten.

Gure gazteen STEM posizionamendua

Elhuyar Euskal Herriko gazteen artean eskualdeka egiten ari den azterketaren emaitzen arabera, gure gazteen STEM posizionamendua oso lerrokatuta dago estatu mailan eta nazioartean egindako antzeko beste ikerketa batzuekin, eta agerian uzten dute STEM posizionamenduaren joera ezkorra irauli egin behar dela.

Hemen duzu azterketa horien inguruko informazio zabala: Bilboko diagnostikoa, Tolosaldeko diagnostikoa eta Debabarreneko diagnostikoa.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi estrategia jarri zuen martxan 2018an, hain zuzen ere, hezkuntza-sistema osoa STEAM hezkuntzarako irizpide berritu batzuen arabera eraldatzen joateko, eta eskolaz gaindiko komunitate osoaren zeharkako parte-hartzearen beharra ere jasotzen da estrategia horretan.

STEM posizionamendua hobetzeko bost alderdi

  • Parte-hartze goiztiarra: STE(A)M hezkuntza ona adin txikietatik sustatzea eta etengabe jardutea, genero- eta diziplina-ikuspegiarekin.
  • STEM identitatea sustatzea: STEM profesionalen irudi positiboa sustatzea eta estereotipoetatik urruntzen diren pertsonek STEMei egiten dieten ekarpenak bistaratzea.
  • STEM praktikak sustatzea familian: gazteei aukera ematea STEM praktikan beren gaitasunak edo arrakastak erakusteko, gurasoek eta/edo tutoreek baloratu eta aintzat har ditzaten.
  • STEMen autoeraginkortasuna hobetzea: STEM praktikan arrakasta izan duten esperientziak sustatzea, ikasgelan norberaren trebetasun pertsonalak eta interes partikularrak sartuz eta erabiliz.
  • STEMen balioaz eta aniztasunaz informatzea: STEMen profil profesionalen balio erantsiari eta aniztasunari buruzko informazioa ematea (laborategiko zientzialariak eta enpresa-ingeniariak baino gehiago dira). Pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko STEMek eragiten dituen ekarpenak zehaztea.

 

Erreferentziak:

Archer, L., Osborne, J., DeWitt, J., Dillon, J., Wong, B., & Willis, B. (2013). ASPIRES. Young people’s science and career aspirations, age 10–14. London.

Couso Lagarón, D., & Grimalt-Álvaro, C. (2019). Raising self-eficacy in STEM education to provided oportunities for all. In D. Couso Lagarón & Grimalt-Álvaro (Eds.), STEM is for you. Experiences in raising self-eficacy from the STEAM 4U project (p. 103). Bartzelona: Servei de Publicacions. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa.

STEM profesionalak gazteak inspiratzeko. Elhuyar (2019). 

Tena Gallego, Èlia & Couso, Digna (2019). Compendio de herramientas para evaluar el impacto de iniciativas de investigación científica para alumnado de Educación Primaria con perspectiva RRI.